GARA Euskal Herriko egunkaria
KIROL ESKALADA

Jakob Schubertek ezusteko ederra eman du Siuranako bi bidetan

Soilik bi orduko tartean, eskalatzaile austriarrak Tarragonako eskola horretako bi marra kateatu ditu: «King Capella» eta «La Capella». Gainera, mailaz jaitsi ditu; 9b eta 9a+ proposatu du, hurrenez hurren.


Urtero legez, udazkeneko lehen hotzak iristen direnean, muturreko zailtasuna jasotzen duten Kataluniako eskalada-eskola garrantzitsuenek nazioarteko espezialista sasoikoenen bisita izaten dute, eta denboraldi honetan ere ez dute hutsik egin.

Alex Megos, adibidez, zerrenda oparo zein aberatsa lortzen ari da. Besteak beste, 9b mailako hainbat marra kateatu ditu. Eta alemanarekin batera, badugu beste protagonista bat: Jakob Schubert. Austriarrak ezusteko ederra eman du oso gogorrak diren bi bide bi orduko tartean igota. “King Capella” eta “La Capella” igo ditu, hain zuzen.

Izaera horretako jarduerak ez dira maiz egiten; are gehiago, apenas egiten dira. Gogoratu behar dugu eskalatzaile austriarrak udako Olinpiar Jokoetan brontzea lortu zuela. Lehia alde batera utzi eta argi erakutsi du oso indartsu dagoela.

Schubertek berak onartu du erdietsitako emaitza hori ez zegoela bere asmoen artean. «Bi marra horiek probatzen lau egun igaro ditut, eta, harrigarria bada ere, mugimendu guztiak aise irakurri eta askatu nituen. ‘King Capella’ sinatu eta gero, bi ordura ‘La Capella’-n ekinaldi bat egitea otu zitzaidan, eta helburu hori ere lortu egin nuen», esan du.

Hilaren 31n 31 urte egingo ditu, eta aipatu behar dugu muturreko zailtasunean espezialista handia dela. Adibidez, 9b+ mailako bide bat du: “Perfecto Mundo”, eta 9b zailtasuneko beste bost gainditu ditu.

Proposamen berriak

Bi bide horien artean “King Capella” da zailena. Will Bosik puntu gorria jarri eta 9b+ mailako proposamena egin zuen. Hots, Siuranako bide gogorrena da , bere irizpidearen arabera.

Bigarren igoera Megosi egokitu zitzaion, eta marra horrek duen zailtasunaren inguruan ez zuen iritzirik eman: «Willek ez bezala, metodo ezberdina erabili nuen. Eta errazagoa iruditu zait. Nik eginiko mugimendu horiek Willek ezin izan zituen askatu».

Hirugarren igoera, berriz, Schubertek erdietsi du, eta gai horren inguruan hau adierazi du: «Bide horrek duen zailtasunaren inguruan iritzi zehatz bat ematea ez zait erraza egiten. Batez ere, blokeko sekzioak nagusi direlako. Hala eta guztiz ere, esango dut ‘King Capella’-k maila pixka bat baxuagoa duela. Iruditu zait 9b gogorra dela. ‘La Capella’-ren inguruan gauza bera esango dut, eta ez da 9a+ baino gogorragoa. Nire iritzi soila da. Inportanteena da bi bide horiek oso azkar igo ditudala».