GARA
SNOWBOARD

Lucas Eguibar donostiarrak brontzea lortu du Cerviniako Munduko Kopan

Lucas Eguibar, egungo munduko txapelduna, bikain aritu da Munduko Kopan, Cervinian (Italia) jokatutako proban podiumeko hirugarren tokira igo baita. Alvaro Romero donostiarra 32 onenen artean sailkatu zen ostiralean, baina atzo final-zortzirenetako lehen seriean, besteak beste Eguibarren kontra aritu zenekoan, kanporatua izan zen.

Final-laurdenetan Alessandro Haemmerle ahalguztiduna, Koblet eta Filippo Ferrari italiarra baino azkarragoa izan zen Eguibar. Finalerdia ez zuen oso ondo hasi, laugarren postuan mantendu baitzen. Hala ere, urduritasuna kontrolpean izaten jakin zuen, eta, aipatzeko moduko pazientziaz, aurkarien akats baten zain geratu zen. Haemmerle austriarrak eta Yoshiki Takahara japoniarrak talka egin, eta lurrera joan ziren. Lucas Eguibarrek hori aprobetxatu zuen bigarren postuan aurrera egiteko.

Final handian Jakob Dusek austriarra eta Eliot Grondin kanadarra izan ziren onenak; Eguibar hirugarren izan zen.