GARA Euskal Herriko egunkaria
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA
Entrevista
NEREA IBARZABAL SALEGI
BIZKAIKO TXAPELDUNA

«Olatu baten parte sentitzen naiz, lorpen hau denona bezala bizi dut»

«Zorteduna, maitatua eta mundu txiki eder-eder baten parte» sentitu zen markinarra larunbateko finalean eta ondorengo ospakizunetan. Era batean edo bestean bertsogintzaren munduan jarraitu nahi duela berresteko balio dio gozatu horrek.


Pozik. Lo gutxiko eta hizketaldi askoko ospakizun gauaren ondoren. Bizkaiko txapela eta makila autoko maletategian, amarenera noiz eramango. Finala etxetik estu samar jarraitu zuen ama horrengana. Azken agurrean ohoratu zituen «gure etxeko andre guztiak» horietan bat.

Zorionak Nerea. Nola zaude?

Pozik, oso pozik. Gorputza erdi hegan bezala... Baina badakit larunbatekoa oso egun ederra izan zela nire bizitzan eta horko argazki denak nire buruan geratuko dira betirako.

Finalaren ondoren bertsolariari bertso batzuek, pertsonaia batzuek, ondo markatu gabeko ertzek loa galarazten omen diote.

Oraindik ez dut finala errepasatzeko ariketa egin. Aste honetan berriz ikusiko dut saioa. Badakit hobetzeko gauzak egongo direla, baina batez ere geratzen naiz eusteko eduki nuen gaitasunarekin. Askotan bueltatu naiz saio batetik nire buruarekin haserre, baina finala aho-zapore onarekin bukatu nuen.

Baina zure burua portatu zen. Argitasunez aritu zinen saio osoan.

Gustura aritu nintzen. Parera etortzen ziren gaiak, gustura kantatzeko modukoak iruditzen zitzaizkidan… final bat zerorrek eta inguruko baldintzek osatzen dute eta baldintza horiek alde sentitzen nituen.

Agurrean Harry Potterren doinu bat ekarri zenuen. Jolaserako, magiarako prest hasieratik.

Hasiera-agurra aurkezpen txartela bezala da, zure asmoak aurkezteko modua. Oso zaila da hasierako agurra pentsatzea, eta gustura zaudenean zure hasierako agurrarekin, gustura hasten zara. Duela urtebete edo, pandemian, okurritu zitzaidan Harry Potterren doinu horretan kantatzea. Banekien finalera pasatuz gero, sekulako motibazioa nuela doinu horretan kantatzeko eta gure belaunaldikide pila bat hunkitzeko. Misterio bat, zirrara bat, sortu nahi nuen giroan eta uste dut bazela final misteriotsua kinielei zegokienez. Hori piztu nahi nuen.

Ariketaz ariketa, bertsoz bertso irabazitako txapela.

Finalak daukan gauzarik zailenetakoa da zortzi garela eta tarteko itxaronaldiak neurtzen ikasi behar dela. Atzo hori oso garbi neukan, ez nuen despistatu nahi, ez nuen tentsio handiegian egon nahi, itxaronaldiak luze joaten dira… Hurrengoa ni nintzela nekienean, gorputzaldi bat bilatzen saiatzen nintzen. Egia da gauzak ondo ateratzen hasten direnean, hurrengo ariketara ondo joaten zarela. Ez dut inoiz nire buruarekin hainbeste berba egin saio batean. Ikasketa bat izan da niretzat ere.

Buruz burukoan Jone Uria kartzelara zeramaten bitartean sintonia jarri zuten eta erritmoa segitzen zenuen gorputzarekin. Esanguratsua.

[Barrez] Ez nintzen konturatu. Baina bai, izango zen lasai nengoelako. Ez nekien zer pasatuko zen, baina ordura arte egindakoarekin gustura nengoen. Ez da berdina kezka batekin egotea –tamalez kide batzuk egon ziren bezala– edo trankil egotea. Baina egoera horietan ez dakizu oso ondo nola neurtu gorputza.

Agurrean esan zenuenez, «izarren hautsaz bete ditut bi poltsiko», baina ez zen guztiz egia. Poltsikoetan azken urteotan egindako plaza mordoa, eskarmentua eta taldean zein bakarka egindako lana eta lana zeneramatzan.

Asko kostatu zait txapelketarako gorputzaldia topatzen eta lan handia egin dut une arraro honetan esposizio basati horretan egoteko eta ondo egoteko. Motibazio hori batez ere topatu dut bakarkako lanean eta talde lanean, Xabat, Onintza eta Ander Elortegirekin batera egindako saioetan. Miren (Amuriza) eta Oihanarekin (Bartra) ere aritu naiz. Une gogor honetan denok daukagun helduleku garrantzitsuena hori dela uste dut; elkarrekin prestatzea txapelketa, elkarrekin aritzea. Lagunarte bat da.

Zozketak Etxahun eta Onintzaren artean eseri zintuen. Babestu egin zintuzten, mesedetan izan zen.

Baietz uste dut. Duela hiru urteko finalean bezala tokatu zitzaizkidan ofizioak; zortziko nagusia, Etxahunekin, zortziko txikia, Onintzarekin eta hamarreko txikia, Xabatekin. Beteranoak alboan edukitzeak beti laguntzen du, bai alboan eserita eta baita kanturako ere. Alde horretatik, pena pixka bat eman zidan Aitor Etxebarriazarragak, lehen finala zuen eta zortzigarren tokia tokatu zitzaion. Tira, gauza txikiek erabakitzen dute askotan final bat.

Buruz burukora Jone Uriarekin. Puntuazioa begiratuta, Jone aurretik zihoan. Buruz burukoan irabazi zenuen txapela.

Buruz burukoa izugarri azkar pasatu zitzaidan, konturatzerako. Ez nuen astirik izan aurretik zein ote zihoan pentsatzeko ere. Geratzen zitzaidan indarra atera nuen eta aurrera. Sekulako poza eman zidan Jonerekin iristeak. Niretzat erreferente bat izan da beti, umetatik. Eskolartekoetatik elkarrekin abestu dugu eta iruditu zitzaidan Miribillan ziklo baten itxiera eman zela; “honaino heldu gara”.

Finalaren aurretik Saioa Alkaiza Nafarroako txapeldunari buruz aritu ginen. «Hori da nik finalean izan nahi dudan gorputzaldia, begirada hori, argitasun hori…», aitortu zenuen.

Bai. Gero gauean Saioa Alkaizarekin egon nintzen eta izugarria izan zen. Saioarekin eta bertsokide feminista pila batekin egon nintzen eta olatu baten parte sentitzen garela aipatu genuen. Zer pasatu da? Une zehatz honetan lorpen hau denona bezala bizi dut, handiagoa den zerbaiten parte. Bai Saioa bere finalean eta baita ni neurean ere egon behar genuen tokian egon ginela uste dut eta izugarri pozten naiz.

Olatua aipatu duzu. Begira ditzagun zenbaki batzuk. Xilaban parte hartzaileen %25 izan dira emakumeak; finalisten artean, %50; buruz burukoan, %50. Nafarroako txapelketan, parte hartzaileen artean %25 emakumeak; finalisten artean, %12,5 eta buruz burukoan, %50. Bizkaikoan, parte hartzaileen artean %27 inguru emakumeak; finalisten artean, %37 eta buruz burukoan, %100. Eta hiru txapelketa horietatik bitan, txapeldunak emakumeak.

Txapelketan abiatzen diren emakumeen kopurua askoz txikiagoa da, osotasun horretatik abiatu behar gara. Horrek esan nahi du emakumeok ez dugula izena ematen txarto egingo dugula uste dugun ezertan. Edo ondo egitera, irabaztera edo ukaezinak izatera goaz beti. Pixkanaka hortik askatzen joan beharko genuke; gure ahotsak, akatsak eta gauza denak onartu beharko genituzke. Bestela, muturreko autoexijentzia horren bidea oso motza eta sufrimenduz betetakoa da. Nik uste dut plazak elikatu dituela txapelketak.

Guk bagenekien zelan egiten dugun bertsotan eta bat-batean txapelketak ere hori zilegitzen duenean, sekulakoa da. Zerbait aldatu da. Guk bagenekien zer gertatzen ari zen eta txapelketetan publiko masibo baten aurrean ikusi da.

Eta datorren urtean Txapelketa Nagusia.

Bai, eta ez dakit zer gertatuko den. Nire gorputzak une honetan gehiago eskatzen dit plazara joatea. Plaza mordo bat galdu ditugu; otorduak, aire librekoak, informalak… batez ere, hor jarriko nuke indarra. Horiek berreskuratu behar ditugu eta emakumeontzat leku ezin hobeak izan behar dute, ez borrokatu beharreko plazak, txapelketakoak bezala. Uste dut bertsolaritzaren gauza gozagarrienak eta interesgarrienak herrietan, hirietan, kaleetan gertatzen direla, eta plaza horiek itzali samar daude orain. Plazan elkarrekin kantatzeari esker lortu dugu ziurtasun bat. Norberak sinisteko, inguruak ere zugan sinesten duela sentitu behar duzu, eta nik aurten babes izugarria sentitu dut, denok elkarren poz horrekin kutsatu gara eta horrek bultzatu nau. Plazak engantxatzen nau ni, herri horretan jende horrentzat sortzen duzun jenialtasun horrek.