Jon ORMAZABAL
PILOTA

Garapenaren ispilu

Azken txapeldunari nagusitasunez gailenduta, Amaia Aldaik jantzi zuen lau eta erdiko Master txapela.

MIRIAM ARRILLAGA 14

AMAIA ALDAI 22


Beste gauza asko eten edo gutxienez gelditu baditu ere, covid 19aren pandemiak ez du lortu emakumeen esku pilota azken urteetan izaten ari den garapena oztopatzea. Emakume Master Cup-eko lehen txapelketak urteetan lozorroan egondako modalitate hau astindu zuenean, txapelketa jokatze hutsa pozteko motiboa zen. Lotsak edo konplexuak baztertu eta praka zuriak janztea bera bazen nahikoa garaipen eta kantxan egotea eta pilotari jotzea nahikotzat hartzen ziren. Ez dira bost urte pasatu zirkuitu honek bere lehen lau eta erdiko txapelketa aurkeztu zuenetik eta atzo Mungian jokatutako finalean Amaia Aldai txapelduna sake bat airez erantzuten ikusi genuen, baita dimoztarra bera eta Olatz Arrizabalaga sakea txokotik zabalera ateratzen, eta bi finalistek behin baino gehiagotan pasatu zuten lau eta erdiko marra, orain gutxi arrasto horrek mugatik baino sinbolikotik gehiago zuenean.

Aurreko txapeldunari, Miriam Arrillagari, 22-14 gailenduta, esan genezake Amaia Aldai txapeldunak inork baino hobeto islatzen duela garapen hori. Dimako aurrelaria Emakume Master Cup zirkuituarekin batera hazi den pilotaria da. Imanol Agirre profesional ohiak animatuta, futbola utzi eta esku pilotaren aldeko apustua egin zuen orain ez urte asko eta garapen ikusgarri baten ostean puntaren puntan kokatu da, bere joko oldarkor eta indartsuarekin.

Alde fisiko eta teknikoaz gain, alor mentala asko zaindu du Amaia Aldaik azken urte hauetan eta finalean ere nabaritu zitzaion urte gutxian pilotari heldua izatera iritsi dela. Estilo talka izatea espero zen aurrelari erasokorraren eta Miriam Arrillaga indar eta pazientzia handiko atzelariaren artean, eta partidaren erritmoa Aginagakoak nahi zuenera gehiago gerturatu bazen ere, Aldaik une oro partidan sartuta aritzen jakin izan zuen. Hala, finalaren lehen erdi orekatu baten ostean, nagusitasunez gailendu eta txapela merezimenduz jantzi zuen.