Jon PAGOLA
DONOSTIA
FORMATU KLASIKOEN GORAKADA

Binilozko burbuila

Binilozko diskoen prezioa izugarri igo da azken urteotan eta, ondorioz, inoiz baino garestiago saltzen ari dira. Lehen 15 euroan saltzen zen disko bat erosteko, prezio nabarmen handiagoa ordaindu behar da egun. Burbuila aspaldi puztu zen eta ez da antzematen noiz lehertuko den.

Pasa den azaroaren 19an Thee Ohsees talde estatubatuarrak kontzertu ikaragarria eman zuen Biarrizko Atabal aretoan. Bat baino gehiago harritu zen John Dwyer gitarrista eta abeslariaren sasoiarekin. Bi bateria jarri zituzten oholtzaren ertzean eta bertaratuak –sarrera guztiak agortu zirenez 700 zale erakarri zituzten– dezente animatu ziren pogoak dantzatzen. Musika festa handia izan zen Biarrizkoa. Joseba Irazoki eta Lagunak izan ziren aise ahaztuko ez den gauari hasiera eman ziotenak. Jarraian taularatu ziren The Jangle bikote hiperaktiboa, tabernaren barra alboko espazio txiki batean. Ikusle denak saltoka jarri zituzten. Thee Ohsees taldearen elektrizitateari agur esan ondoren, jendea uholdeka ateratzen zen bitartean, mahai bat prestatu zuten sarreraren parean. Kamisetak, poltsak, txapak, singleak, LPak eta musika taldeei lotutako merchandising-a zeuden salgai. Borja Martin musikazale donostiarrak gainbegiratua eman eta Thee Ohsees-en diskoen prezioari erreparatu zion: 25 euro ordaindu behar ziren LPak eskuratzeko. Orain 10-15 urte erokeria zena praktika arrunta bihurtu da gaur egun.

Martinek badu bere esplikazioa: «Jende askorentzat diskoak souvenir bihurtu dira. Demagun Bostonera zoazela eta Boston jartzen duen jertse bat erosi nahi duzula. Gauza bera gertatzen da taldeekin. Kontzertuak flipatu egin zaitu eta diskoa lortu nahi duzu. Eskuratuko duzu kosta ahala kosta. Pentsa, lehen 15 euro balio zuten diskoek, eta kontuan hartu, gainera, egun banaketaren, dendako salmentaren eta abarren gastuak aurreztu egiten dituzula». Azalpena errematatu du Thee Ohsees taldeko kolaboratzaile batek, bezero potentzial bati kasu egiten dion bitartean: «Orain ez da hori gertatzen. Salmentak lehen baino urriagoak dira, baina taldeek badakite aleko etekin handiagoa atera dezaketela».

Bob Dylanek dioen bezala, «aldaketa aroa da hau, lagun». Borja Martinek 44 urte ditu eta Ayo Silver! zigilua eta diskoetxe txikia sortu zuen beste lagun batzuekin batera. 2016ra arte funtzionamenduan egon zen eta arrastoa utzi du Gipuzkoako lur azpiko eszenan. Biniloak erosten hasi zen garaian, 2000. urte inguruan, CDak garestiagoak ziren, eta, bere kalkuluen arabera, ez ziren 2.500 pezetara ailegatzen. Aspaldi itxi zuten Madrileko El Sur dendan, Creedence Clearwater Revival-en zuzeneko bat eta The Mono Men punk taldearen disko bat erosi zituen, aurreneko aldiz, LP formatuan. 2005. urteaz geroztik biniloan erosten ditu, besterik ez. Gutxi gorabehera 3.000 disko erosi ditu.

Jaime Guardamino getxoztarraren taktika hurrengoa da: berrargitalpen edo disko berri baten prezioa «neurrigabea» bada ez du erosiko eta denborarekin edo eskaintzaren batekin jaitsi arte itxaroten du. Esperientziak asko lagundu dio erosketetan eta, zalantzarik izanez gero, Discogs webgune eta datu basera joko du «erabakia argitzeko» eta disko jakin bat erosteko.

2016an Mallorcara joan zen bizitzera Guardamino, Gautxos ezizenarekin ezaguna musikaren munduan. Irakaslea da eta Montessori eskola batean egiten du lan. 1986ko udan Ingalaterrara bidaiatu zuen 10 urterekin eta liluratuta geratu zen biniloarekin. Hura izan zen plastikozko material horrekin izan zuen lehen kontaktua. Gaur egun, 10.000 LP eta 3.500 single ditu guztira eta The Beatlesekin, zehazki “Sgt. Pepper's Lonely Hearts Club Band” lanarekin, «obsesio txikia» duela aitortu du. «Nire bilduma Getxotik Mallorcara eramatea erditze bat izan zen. Garestia izateaz gain (diskoek pisu handia dute), 300 kaxa inguru egin behar izan nituen enbalajea kentzean ordena bat izateko. Benetan diotsut ez naizela berriro etxez aldatuko!», esan du txantxetan. Argi eta garbi hitz egin du biniloen negozioak bizi duen burbuilaz. «Jakina burbuila bat dagoela! Duela 10 urte 12 euro balio zuten diskoek balio bikoitza dute orain eta erosleek amua irensten dute. Sutan jartzen nau. Lehengo egunean gai horri buruz aritu nintzen ‘disko-dealer’ batekin. Komentatu nion 90eko hamarkadaren erdialdetik mende honen lehen hamarkadara bitartean argitaratutako diskoen prezioek igotzen jarraituko zutela, garai hartan hain zuzen kopia gutxi argitaratu zirelako (orduan CDa zen erregea). Gainontzeko hamarkadetan, eskaeraren arabera egonkortuko da prezioa, baina The Beatles bezalako taldeek, edizio mugatuek eta 90eko diskoek beti izango dute urrearen balioa».

Zenbakiak egokitzen

Nalda anaiek Nagel eta Txiki dute izena. Nagelek 48 urte ditu, Txikik, aldiz, 34. Gasteizko Alde Zaharrean ireki zuten Vinylora denda 2019ko otsailean «formatu fisikoaren aldarrikapenarekin». Pentsa dezagun disko batek 20 euro balio dituela Vinyloran. Haren erradiografia ekonomikoa egiterakoan, kostuaren erdia biniloak egiteko fabrikarentzat doa, musika taldeak 6 euro bereganatuko ditu eta azkeneko 4 euroak dendan geratzen dira. «Ekuazioan diskoetxeak sartzen direnean, 4 euro kobratzen dute eta diru hori musika taldearen eta dendaren kalterako izango litzateke. Enpresa banatzaileak edo bitartekariak sartzen direnean, aldiz, %10 eta %20 arteko komisioa kobratzen dute. Kontuan izan zenbaki horiek oso orokorrak direla, aldaketa nabarmenekin kasu batzuetan. Normalean taldeak eta dendak dira kaltetuta ateratzen direnak», ohartarazi du anaia zaharrenak.

Prezio igoerak binilo salmentaren “zientzia” zaildu egin du erabat. Zenbait bezero kexu dira eta esplikazioak eskatu dituzte azkenaldian, prezioekin harrituta. Azalpen garbi bat ematea ez da erraza izaten. «Batzuetan ez dakigu zer esan», aitortu du Nagelek. «Nobedadeak 22 euroan saldu ditzakegu eta beste disko batzuk 44 euroan. Ez dugu garbi ikusten prezioaren eta kontsumitzaileak ordaintzen duenaren arteko aldea». Zer-nolako eragina izan du pandemiak? «Joera goranzkoa zen, baina pandemiaren ondorioz eta batez ere nobedade jakin batzuekin, egoera guztiz jasanezina bihurtu da. Bezero batek disko jakin bat eskatzen ez badigu, ez dugu ekarriko. Lotsa sentitzen dut binilo batek 44 euro balio dituela esan beharra dudanean».

Ez dago igoeraren errudun edo arduradun bakar bat; faktore ezberdinak dira erantzule. Baina Nagelek galdera batzuk gustura botako lizkieke «diskoetxe potenteei», bere ustez biniloen produkzioa «bereganatu eta monopolizatu» baitute eta, beraz, «diru gehiago ordaintzen dute», azken produktua nabarmen garestituz. Zeharkako ondorioetako bat da zigilu txikiak «baztertuta» geratuko direla eta soilik CDan argitaratuko dituztela talde txiki eta independenteen lanak. Errealitatea ez da momentuz baikorra izateko modukoa: «Irtenbidea denborarekin etorriko da, baina, bitartean, bezeroek ulertu behar dute binilo batzuen berrargitalpenak ez direla egongo eta zaila izango dela binilo konkretu batzuk prezio ‘normalean’ erostea».

Urdulizko fabrika

2019 hasieran biniloak egiteko fabrika bat ireki zuten Urdulizen, Euskal Herrian dagoen halako lehena. Press Play Vinyl izeneko fabrikan «azken puntako teknologia» erabiltzen dutela diote eta urtean milioi erdi binilo kaleratzeko gaitasuna dutela. Alain Consonnik zuzentzen du proiektua eta euskal taldeei eta kanpoko taldeei zuzenduriko zerbitzua eskaintzen dute. Enpresaren webgunean fabrikazio prozesuaren hiru etapa nagusiak azaltzen dituzte: masterizazioa (ildoak aluminiozko disko batean zizelkatzen dituzte, gainazalean soinuaren bibrazioak grabatuz), galvanizatuzko prozesu kimikoa A eta B aurpegietako moldeak lortzeko, eta, azkenik, prentsatzea, «binilozko disko distiratsu bat sortuz». Lehen Txekiako Errepublikara jo behar zen, baina azkenaldian aukerak ugaldu egin dira, baita Euskal Herrian ere.