GARA
ATENAS

Asteazkenetik migratzaileen hiru ontzi hondoratu dira dagoeneko Egeo itsasoan

Ostiralean 16 pertsona hil ziren Egeo itsasoan etorkinen txalupa bat hondoratzean. Asteazkenetik izandako hirugarren naufragioa da. Hildakoak gutxienez 30 dira eta dozenaka desagertuak.

Greziako kostazainek 16 gorpu jaso eta 63 etorkin erreskatatu zituzten gutxienez 80 lagun zeramatzan txalupa Paros uhartetik gertu hondoratu ondoren. Ostegunean, berriz, beste 11 gorpu jaso zituzten Greziako hegoaldeko beste uharte batetik gertu izandako beste naufragio baten ostean. Hasiera batean zazpi gorpu jaso zituzten, baina, erreskatatutako 90 etorkinek ohartarazi zutenez, itotakoak gehiago dira. Etorkinok ostiralean iritsi ziren Antizitera irlara.

Bestalde, asteazkenean txalupa pneumatiko bat urperatu zen Grezia hegoaldeko Folegandros uhartetik gertu, eta gutxienez hiru pertsona hil ziren. 13 etorkin erreskatatu zituzten, gehienak irakiarrak, siriarrak eta egiptoarrak, baina dozenaka dira desagertutakoak. Lekuko batzuek azaldu dutenez, 32 pertsona zihoazen txalupan, baina, beste batzuen ustez, 50etik gora ziren migranteak.

Nazio Batuetako Errefuxiatuentzako Agentziak ziurtatu duenez, gutxienez 2.500 pertsona hil dira Egeo itsasoan urtarriletik azarora bitartean. Kontuan izan behar da Ekialdeko Mediterraneoa Europara bidean korridore bilakatu dela, baina ez bakarrik Greziara heltzeko, baita Italiara ere. Azken hilabeteetan etorkin ugari iritsi dira Italiara. Migranteok ez dute Greziako etorkinen zentroetan giltzapetuta amaitu nahi, bertako bizi-baldintzak jasanezinak direlako.