GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Pantailetan euskaraz eta arnas dezagun


Pozbiderik eskaini al digu 2021. urteak euskara Euskal Herrian normaltasunez erabilia ikusi nahi genukeenoi? Bada, bai. Bi ekimen iruditzen zaizkigu azpimarratu beharrekoak: Pantailak Euskaraz eta Arnas Dezagun. Batean zein bestean hainbat euskaltzale bildu dira, zuzenean eragiten dieten gabeziei aurre egiteko asmoz.

2021eko ekainean sortu zen Pantailak Euskaraz ekimena, euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia urriarekin kezkatuta, honakoak aldarri: euskarazko ikus-entzunezkoen, euskarazko bikoizketaren eta azpidatzien edota euskal kulturaren ekoizpena eta kontsumoa sustatzea. Baita EiTBren euskarazko kateei lehentasuna ematea, euskarazko streaming plataforma bat sortzea, edota streaming plataforma handietan euskarazko eskaintza areagotzea ere.

Pisuzko arrazoiak dituzte eskakizun horiek aldarrikatzeko: euskarazko telebista kate publiko bakarraren ikusleriak %2ko langa ezin gainditurik jarraitzen du. Streaming plataformetan (Netflix, Disney eta abar) euskarazko eskaintza %0 ingurukoa da. Internet eta sare sozialetan, euskarazko edukien kontsumoa %3 ingurukoa da gazteen artean, are ingelesezko edukien kontsumoaren oso azpitik!... Ez erabiltzaileon erruz, euskarazko eskaintza urriaren ondorioz baino. Aintzat hartuz telebistaren eguneroko batez besteko kontsumoa hiru orduz gorakoa dela, eta Internet bidezko sare sozialena are handiagoa, ekuazioa ebaztea erraza dago: Bidasoz honako euskal herritarron %95ek erdarazko hedabideak kontsumitzen ditugu egunero, ordu luzez, eta kontsumo hori are handiagoa da haur eta gazteen artean, euskarazko aukerarik ezean.

Egoeraren larritasunak ez bide dio kezkarik eragin Eusko Jaurlaritzari, erdarazko hedabideak sustatzen baititu oparo, euskarazkoei eskupeko batzuk emanik ostera.

Arnas Dezagun ekimenaren sorrera da beste berri on bat.

Eremu erdaldunduetako D ereduko ikastetxeetan, haur euskaldunak sakabanatzeari utz diezaioten eskatzen dute. Ikastetxe gehienetako ohitura da haur euskal hiztunak, haur erdal hiztunez osatutako taldeetan barreiatzea. Praktika horren emaitza ezaguna bezain penagarria da: haur euskaldunek euskaraz egiteari uzten diote eta haur erdal hiztunek ez dute euskaraz egiteko bidea erraztuko dieten ikaskiderik, guztiak erdaraz jarduten direlako. Hala, gaztelera bilakatu da eremu erdaldunduetako ikastetxeetan hizkuntza ia bakarra ikaskideen artean, euskara irakasleen jardunera kasik mugatuta.

D ereduko ikasleen euskarazko gaitasunaren eta erabileraren gainbehera larria ezaguna da, Jaurlaritzatik bertatik ere zeharka aitortua (ikus ISEIren txostena edota Arrue txostena). Soilik Hezkuntzako sailburuak ukatzen du, oraindik, begi-belarriak zabalik dauzkan edonork badakiena. Oso kontuan hartzeko ekimena da, lagundu beharrekoa, emaitzak aztertu eta ez oztopatu beharrekoa.

Bi ekimenen artean gainera badago elkarrekiko elikatze aukerarik; izan ere, mugikorren eta bestelako pantaila bidezko erdarazko edukien kontsumo masiboak, zerikusi zuzena dauka ikasleen hizkuntza-gaitasunarekin eta gazteleraren erabilera orokortu izanarekin. Erdarazko aisialdiko produktuen eskaintza gero eta handiagoa da, eta euskarazkoena, oso urria, baina ez dirudi Eusko Jaurlaritzak esku hartze zuzenik gauzatzeko asmorik duenik. Ez euskararen alde, behinik behin, ikusirik erdarazko hedabideei ematen dien lehentasuna eta bultzada, EiTBtik bertatik hasita.

Euskararen Eguneko adierazpen instituzional borondatetsuari jarraiki, euskara prest dugu; euskaltzaleak gogotsu; gure herria, abiatzeko pronto...

Eusko Jaurlaritza zertan da? Bi ekimenok ez diote zer-pentsaturik ematen?