GARA
BANDA ACEH

Banda Acehko tsunamiaren tragedia errepika daiteke Asiako hego-ekialdean

Ezbeharren prebentzioan aditua den ikerlari talde batek ohartarazi du Asiako hego-ekialdea ez dagoela prest tsunamiei aurre egiteko. Duela 17 urte ehunka mila pertsona hil ziren Banda Acehn, itsasoak lurra guztiz urperatu zuenean. Dirudienez, hango herrialdeetako gobernuek ez dute irakaspena bereganatu.

Asiako hego-ekialdeko hainbat herrialde ez daude prest tsunami bati aurre egiteko; beraz, 2004ko abenduaren 26an Banda Acehn, Indonesiako artxipelagoan, gertatu zen tragedia errepikatu daiteke.

Hori dio behintzat ezbehar naturaletan aditua den ikerlari talde batek.

Pennueng Wanichchai irakasleak, Thailandiako Zientzia Ministerioko prebentzioko departamentuan lan egiten duen adituak, sinposio batean ohartarazi du eskualdean olatu erraldoi bat gertatzea posible dela, batez ere Andamango itsasoan dauden plaka tektonikoetan karga handia dagoelako. Thai PBS kanal publikoak adierazi duenez, Pennuengek ezbaian jarri du Banda Acehn jazotakoaren antzeko ezbehar baten aurrean kostaldean bizi den jendea garaiz ebakuatzeko modurik dagoen, emergentzia planik ez dagoelako eta 2004ko gertaeratik hondamendi simulazio gutxi egin direlako.

Alerta buiak hondatuta

Duela urte batzuk, tsunami alerta bat izan zen Thailandiako Phuket uhartean. Azkenean ez zen gauzatu, baina konturatu ziren alerta goiztiarreko buiak hondatuak zeudela, 2004ko abenduaren 26ko tsunamiaren hamargarren urteurrenean.

Kontuan izan behar da olatu erraldoi hark Thailandiako ekialdeko itsasertza astindu zuela eta 8.000tik gora hildako eragin zituela. Tsunamia 9.1eko magnitudeko lurrikara batek eragin zuen. Epizentroa Indonesiako Sumatra uharteko iparraldean izan zen, Banda Acehn.

Olatu beldurgarri haiek, guztira, 230.000 hildako eragin zituzten duela hamazazpi urte. Gehienak –170.000 pertsona– Banda Acehn hil ziren. Hango biztanleek biktimak gogoan izan dituzte atzo egindako erlijio ekitaldi batean.

Thailandiar adituak ohartarazi duenez, kostaldeko herriak guztiz urperatu zituen tragediaren urteurrenean, hotelak eta eraikinak lehen kokatuta zeuden guneetara itzuli dira.

Pasakorn Panon irakaslea, Thailandiako Kasetsart Unibertsitateko aditua, bat dator ohartarazpen horrekin eta ohartarazi du Thailandian edo beste edozein herrialdetan tsunami bat detektatzeko orduan akats larri bat gerta daitekeela, eskualde guztia arriskuan jar dezakeena.