Jose Javier Sestorain*
Abeltzaina
KOLABORAZIOA

Mingain urdina eta txertoa

Aurten, berriro ere, iritsi da gure etxeetara administrazioaren gutuna. Isurialde atlantikoan mingain urdin kasu bat (08 aldaera delakoa) agertu dela eta –Estatuko Nekazaritza Ministerioko datuen arabera, azkena 2020an Baztanen agertutako kasua dugu–, beste behin behartu gaituzte gure artaldeak zein behiak txertatzera. Hori horrela, gure ezinegona eta desadostasuna adierazi nahi dugu.

Joan den urtean kasu bat azaltzeagatik erabaki hori modu sistematikoan hartzea gehiegizkoa dela iruditzen zaigu, are okerrago momentu honetan egitea. Alde batetik, negu sarreran, eltxo gutxien dagoen garaian egiten delako, beraz, transmisiorako arrisku gutxien dagoen garaian. Eta, bestetik, azienda erditzen ari denean edo erditzekotan denean jartzen delako, horrek eragiten dituen ondorioekin: aziendak sufritu egiten du, azienda buru gehienak erabat gortuta gelditzen dira gutxienez hiru egunez eta kasu batzuetan umatzeak aurreratzea ere ekartzen du.

Derrigortzea beti etorri ohi da zigorrarekin, mehatxuarekin eta xantaiarekin lagunduta: esaterako, txertatu ezean, giak ateratzeko debekuarekin, hau da animaliak salerosteko oztopoarekin. Erabaki hori hartuz gero, mugaz hegoaldera giak egitea oztopatzen zaigun bitartean –eta, hortaz, salerosketa oro trabatzen–, era berean, mugatik honat, iparraldetik axuriak ekartzen dituzte. Iaz mingain urdin kasu gehienak Ipar Euskal Herrian izan ziren. Eta hala ere, Frantzian, barne merkatura bideratutako animalien kasuan txertoa hautazkoa izan zen eta hala da gaur egun ere, esportaziora soilik zuzentzen diren animalientzako derrigortzen dute. Nafarroan, berriz, ez da bereizketarik egiten. Ganadua esportaziora edo bertako elikadura sistemetara bideratu, bi kasuetan derrigorrezkoa da. Zer ulertu behar dugu jokabide horrekin? Hemengo administrazioak farmazia industriari salduak daudela, akaso?

Jokaera horren harira, adierazi nahi dugu nazkatuta gaudela jarrera paternalista horiekin eta beti mehatxupean ibili behar izateaz. Ezin ote ditugu abeltzainok gure kabuz erabakiak hartu? Zer dela eta egon behar dugu beti beldurturik? Non gelditzen da gure erabakitze askatasuna, gure burujabetza? Nabari da inposaketaren kultura hezurretaraino sartua dugula, administrazioa agintekeriaz eta zigorrez erasoz zuzentzen baitzaigu beti.

Bukatzeko, honatx Nafarroako administrazioari egiten dizkiogun bi eskaera: bat, mingain urdinaren txertoa, Frantzian bezala, barne merkatura zuzendutako aziendaren kasuan hautazkoa izatea eta derrigortasuna ezartzekotan esportaziorako ekoizpenari jartzea; bi, txertoa jartzeko garaia animaliak antzu daudenean izatea, hau da, ardien kasuan bederen uda sarreran, gaixotzeko eta gaitza zabaltzeko arrisku handiena orduan izaten baita eltxoak ugaritzearekin batera.

* Idatzia ere sinatzen dute: Jose Angel Azpiroz, Mirian Otxotorena, Roberto Urrutia Atienza, Amaia Iturriria, Jurgi Goikoetxea, Francisco Javier Laguardia Barriocanal, Marina Collado Horcajada, Sergio Cobo Peligrin, Javier Iribarren Ibarra, Ignacio Suescun Hualde, Raul Serrano, Miguel Iribarren Ibarra eta Xabier San Jose Dominguez.