GARA Euskal Herriko egunkaria
PROTAGONISTA

Paul Pitchard, eremu filosofikoan oinarritu den eskalatzaile handia

Mundu zabalean goi mailako jarduerak egiteaz gain, Pitchard-ek lau liburu argitaratu ditu. «The Mountain Path» da azkena.


Hurrengo lerrootako protagonista, Paul Pritchard, oso berezia dugu. Bere bizitzaren azterketa xume bat egiten badugu, ohartuko gara gorabehera ugari izan dituela. Lehenik eta behin esan behar dugu 1967. urtean jaio zen eskalatzaile hau britainiarren artean 80ko zein 90eko hamarraldietako izar bat izan zela. Trad estiloan zein kirol eskaladan goi maila emateaz gain, 90eko hamarkadan urrats bat egin eta munduko hainbat mendilerrotan zein hormatzarretan jarduera bikainak egin zituen. Azpimarratzekoa da, adibidez, Txileko Paineko Erdiko Dorrean zabaldutako “El caballo del diablo” bidea. Himalaia, Captain, Baffin, Karakorum, Kirgizistan... izan ziren bere “jolas eremuak”.

Hain zuzen ere, 1997. urtean Kirgizistanen sortutako “Wall of Dykes” marraren (A5, 1.200 m) ondoren, ordura arte eginiko ibilbidea liburu batean jaso zuen: “Deep Play”. Testu horrekin, mendiko literaturan oso entzutetsua den Boardman-Tasker saria jaso zuen. Aitormen horren diruarekin, berriz, mundu zabalean bidaiatzen ibili zen; hots, paretaz pareta.

Tasmaniako Totem Pole orratza izan zen “geltoki” horietako bat. 1998. urteko otsailaren 13an, modu batera edo bestera bere bizitza markatuko zuen istripua izan zuen. Eskalatzen ari zela, neurri handiko arroka batek buruan jo eta egundoko zauria eragin zion. Zorionez, sokakide zuen Celia bikoteak erreskatatu zuen. Ezbeharraren ondorioak larriak izan ziren oso: hemiplegiko geratu zen.

Gurpil aulki batean irten zen erietxetik eta, mintzamena galtzeaz gain, zauri psikologiko oso larriak izan zituen. Alabaina, neurri batean edo bestean, osatu zen, eta bigarren liburu bat, “Totem Pole”, idazteko indarra atera zuen. Hots, eskalada horretan izan zuen istripua eta ondorengo errekuperazioa jasotzen dituena. Lan honi esker Boardman-Tasker eta Banff Mountain Book Festival sariak jaso zituen.

Nahiz eta beso eta hanka bana ezin dituen mugitu, Pritchardek bidaiatzen jarraitu zuen. Kilimanjaro igotzeko aukera izan zuen, bizikletan Tibeten zeharkaldi luze bat egin zuen, Totem Polera itzuli eta orratz hori igo zuen... Eta, gainera, idazteko duen grinari esker, protagonista honek 2005. urtean “The Longest Climb” liburua argiratu zuen.

Irakurtzen den bezala, eskalatzaile zein idazle bikaina dugu Pritchard. Eta azken atal horri dagokionez, aipatu behar dugu laugarren liburua idatzi berri duela: “The Mountain Path”. Mendian eginiko bidea; bizitzaren eta heriotzaren arteko bidaia. Hori da azken lan horren funtsa. Ezohiko abenturen liburua da: adimenaren esplorazio sendagarriaren isla, filosofiaren eta psikologiaren muinetara eginiko bidaia eta gizabanakoen asmoen indar metaketa.

Idazleak berak azken lan horren inguruan honakoa azaldu nahi izan digu: «Bost urte behar izan ditut ‘The Mountain Path’ bukatu ahal izateko. Eta onartu behar dut ezin dudala azaldu testu honek niretzat zer esan nahi duen. Batez ere, ‘The Longest Climb’ idatzi nuenetik hamasei urte igaro direlako. Etenaldi hori azaltzeko arrazoi sendoak daude. Horietako bat da unibertsitatean titulazio bat atera dudala; zortzi urteko lan eskerga izan zen. Bestalde, hiru seme-alaba izan ditut; eskarmentu ederra da baina denbora asko kentzen dizute. Eta hirugarrena, Australian nire bizitza ‘berria’ eraikitzen jardun dut. Bakarkako lana da idaztea, eta egoera horrek maiz behartu ninduen jendearekin hartu-emanak izatera. Gela batean sartu eta egunero lerroak idaztea ez zen nire helburua».

Filosofia eta psikologia

Aipatu bezala, “The Mountain Path”-ek bi zutabe nagusi ditu: filosofia eta psikologia. Bi arlo horiei modu berezian begiratzen die, gainera: «Baten batek esan dit budista bat bezala bizi naizela. Baina ez da egia. Abesti eta kanpai horiek guztiek zoratuko nindukete. Hori esan eta gero, gehitu nahi dut erromantizismo budista praktikatzen dudala. Egunero ibiltzera eta eskalatzera irteten naiz, baita saiatu ere natura basatian barneratzen. Horren parte izan nahi dut, eta eskarmentu hori bizi. Lotura hori eskaladarekin sortu eta istripuaren ondorengo errekuperazioarekin sendotu zen. Ondoren, Vipassana izeneko meditazioan buru-belarri sartu nintzen. Ez dut inolako zalantzarik: norbere mundua esploratzeko eskalada bitarteko perfektua da. Lehen mugimendua egin eta badakizu edozein unetan min hartu edo egoera oso latza izan dezakezula. Heriotzaren hurbiltasunak badu horrekin guztiarekin lotura bat. Azken liburuko atal batek gai hori jasotzen du. Badirudi gure denbora amaiezina dela, hots, hilezkorrak garela. Era berean, heriotza saihetsezina da. Heriotza benetan onartzen badugu, orduan bizitzen hasten gara».

Pitchardek idaztean izan duen ibilbidearen inguruan azterketa ezberdinak egiten ditu, eta onartu du “The Mountain Path”-ek begirada bitxia duela: «Nire lehen liburuak eskaladaren kulturaren deskribapen oso dibertigarria egiten du. Urteen poderioz, aldiz, konturatu naiz kultura hori askoz ere zabalagoa eta handiagoa dela. Murru baten aurrean zaudenean, bide asko aukera ditzakezu. Zeurea sor dezakezu, eta uste dut hori dela egun egiten ari naizena. ‘Deep Play’-k batez ere Llanberis-ekin dudan maitasuna, eremu horretan bizi zen komunitatea eta han bertan genuen bizimodua biltzen ditu. Garai berezi horiekin hutsunea sentitzen dut. Baina ‘The Mountain Path’-ek komunitate orokor baten inguruan hitz egiten du. Horrez gain, eskalada egunero nola barneratzen dudan, bikote zein aita bezala zer jarrera dudan, migratzaile edo pertsona desgaitu bezala zer egiten dudan... Hori guztia azpimarratzen dut. Eskalatzaile baten bizitza ulertzeko bide batzuk arakatzen ditut. Mendiari buruz beste era batean hitz egin beharko genuke. Maitasun arduratsu bat ezarri behar dugu; izan ere, mendiek asko irakasten digute».