GARA Euskal Herriko egunkaria
AGUR 2021, KAIXO 2022

URTEZAHARRA, OSPATZEKO ERA BERRIAK ASMATU DITUEN GAUA

KRONIKA HONEK IZAN EZ ZEN GAU BAT KONTATU BEHAR ZUEN, NEURRI MURRIZTAILEEK ETA PANDEMIAREN OLATUAK PLANAK ZAPUZTU BAITZITUZTEN. BAINA, HORREN ORDEZ, IRUDIMENEZ, UMOREZ ETA KOMUNITATEAN, IZATEKO ERA BERRIAK SORTZEKO GAITASUNA ERAKUTSI ZIGUN URTEZAHARRAK.


Lagun batzuk gosaltzeko gelditu ziren, eta egun osoa kalean eman ondotik etxean agurtu zuten Urtezaharra. Hego haizea lagun, naturarekin bat egitea bilatu zuten bertzeek, mendian edo hondartzan paseatuz. Jatetxeek ongi lan egin zuten eguerdian, afarian baino bazkarian jarri zutelako indarra aunitzek, besta aitzinatuz.

Arratsaldean giro polita sortu zen kalean. Kuadrilla batzuk kantari ibili ziren, musika tresnak hartuta, presoen aldeko ostiraletako elkarretaratzea, eguberrietan suek argitua, alaituz. Beltzez, hagitz dotore jantzita ageri zen gaztetxo ugari.

Bizitzako lehendabiziko parranda ilusioz antolatua zutenek bertan behera utzi behar izan zituzten afariak, baina asmatu zituzten elkartzeko manera berriak, gauean plazetan topaketak eginez adibidez, musika eta guzti. Helduagoak etxeetan bildu ziren. Familian afaldu eta mahatsak jan ondotik lagunartean gin-tonic bat hartzea izan zen zenbaiten aukera. Kartetan umetako jokoak oroituz goxo-goxo tar-tarrean ailegatu ziren ordu txikietara, eta erretiran bizilagunekin topatu ziren portalean. Ez zuten hutsik egin su artifizialek, eta gauerdira arte ozta-ozta begiei zabalik eutsi zieten haurren gurasoek txikiak izutuko ote zituzten pentsatu zuten. Baina ez ziren konturatu. Leher eginak zeuden hauek ere.

Kotilloiak afari bihurtu zituzten jatetxe batzuek, eta bertze aunitzek itxi egin zuten. Jatetxe-hotel bateko jabeek kontatu zigutenez, 10.000 euroko irabaziak aurreikusten zituzten. DJ batekin besta egitekoak ziren eta bikoteko 420 euroko pakete guztiak salduak zituzten, baina bezeroak deika hasi zitzaizkien, positiboak zirela-eta, eta jende gutxirekin errentagarri ateratzen ez zitzaienez deus ez egitea erabaki zuten. Halere, urteko lehen gauean irekitzeko asmoa zuten, eta erregeak bitarte ongi lan egitea espero zuten.

Zenbait herritan 2022rako utzi zuten baserriz baserri kantuan ateratzeko usadioa; izan zen, ordea, ohiturari eutsi zionik ere. Bihotzak alaitu zitzaizkien horiei.

Ez zen samurra izanen gaua bakartuta igaro beharra, batzuk osasunez ongi, bertzeak pattal, ahalik eta goxoen, hurbilekoen, gustuko pelikula edo liburu baten edo musikaren konpainian. Omenaldiak modu polita izan ziren joan direnak oroitzeko.

Urtezaharrak aldekoak eta kontrakoak zituen covidaren aitzinetik ere. Gehiago edo gutxiago maite, serpentina, edalontzi eta bertze arrastoek erakusten zutenez, gauak berea eman zuen. Orain egunaren txanda da. Urte berri on!