GARA
SASKIBALOIA

Bertan behera geratu dira Baskonia eta Bilbao Basketen partidak covid positiboengatik

Saskibaloi gosez ziren euskal jarraitzaile guztiek pixka bat gehiago itxaron beharko dute urte berri honetan saskibaloi partidak ikusteko. Izan ere, Bitci Baskoniak gaur Burgosen aurka eta bihar Bilbao Basketek Betisen etxean jokatu beharreko partidak bertan behera geratu dira zenbait covid kasu positiborengatik. ACB Ligako partida bakarra jokatuko da jardunaldi honetan.

Bi euskal taldeenak ez dira asteburu honetan ACB Ligan atzeratu behar izan diren neurketa bakarrak. Beste sei geratu dira bertan behera arrazoi berdinagatik. Baskoniaren kasuan, taldeko zenbaitek positibo eman dute covidean. Jakina zen Neven Spahija entrenatzailearena –ezin izan ditu azken bi partidak gidatu–, baina ostiralean kasu gehiago egon direla jakinarazi zuen Saski Baskoniak.

Bilbao Basketi dagokionez, ordu batzuk beranduago jakinarazi zen Betisen aurkako partida bertan behera geratuko zela. Kasu honetan talde andaluziarrean izan dira covid positiboak.

Baskonia-Burgos eta Betis-Bilbao Basket neurketez gain, hauek ere atzeratu behar izan dira jardunaldi honetan: Real Madrid-Barça, MoraBanc-Baxi Manresa, UCAM Murcia-Lenovo Tenerife, Urbas Fuenlabrada-Joventut Badalona, Monbus Obradoiro-Rio Breogan eta Unicaja-Zaragoza. Hasiera batean, jokatu den partida bakarra Valencia Basket-Gran Canaria da.

IDK eta Araski

Emakumezkoen Ligara ere iritsi dira covidaren ondorioak. IDK-k eta Araskik asteartean jokatu behar zituzten partidak bertan behera geratu dira eta datozen egunetan jakinaraziko dituzte data berriak.