GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peñak zuloa itxi ahal izan zuen

Albisuren hasiera kaskarrari esker, Irribarria-Rezusta 2-9 aurreratu ziren, baina Baikokoek partida irauli zuten 13-1eko partzialarekin.


IRRIBARRIA-REZUSTA 16

PEñA-ALBISU 22


Opariak egiteko garairik aproposenak dira Gabonak, baina urte berriarekin batera erregaluak egiteaz aspertu eta bigarren itzuliari ilusioarekin ekiteko behar-beharrezkoa zuten garaipena eskuratu zuten Peña-Albisuk atzo Donostian, oso maldan gora jarri zitzaien partida irauliz. Izan ere, hasiera distiratsu batean, 7-0 eta 9-2 aurreratu ziren Irribarria-Rezusta, baina partidaren bigarren erdian Peña zuloa ixteko gai izan zen eta bigarren puntua merezita eskuratu zuten.

Asteak zeramatzaten iazko txapeldunordeek egindako jokoak merezi baino askoz puntu gutxiago batuz eta diagnostikoa nahiko argia zen, egindako opariak gehitxo ziren horren txapelketa orekatu batean aukerak izateko. Atzokoak ere bide beretik jo zezakeela ematen zuen, hasierako txanpan bederen. Egia da pilota bizi batekin eta batez ere Rezustak azken asteetan erakutsi ez duen txisparekin hasiera elektrikoa izan zutela Aspekoek, baina, era berean, Albisuk egindako hutsak izan ziren euren elikagai nagusiak. Oker ekin zion partidari ataundarrak, pilota gozatu ezinik eta akats nabarmenak eginez aurkarien eskuina bilatu nahian.

Peña partidatik erabat deskonektatua izan zuten hasiera horretan eta Irribarriak, batez ere boleaz, erasoan asmatu zuenez, partida oso bideratua izan zuten denbora luzez, 9-2 aurreratuz.

Materialarekin asmatu

Hortik aurrera, ordea, partidaren gidoia erabat aldatu zen, pilota askoz zekenago batekin, Jon Ander Albisuk bere lekua topatu eta aurkarien nagusitasuna orekatzea lortu zuen.

Teorikoki beteranoa da gaztea zuzendu behar duena, baina Baikoko gipuzkoarrek ez zeukaten gehiago itxaroterik eta Jon Ander Peñari egokitu zitzaion partidaren zama bere bizkarraren gainean jarri eta aurrera egitea. Txapelketa honetan bertan izan dira partidak tolosarra bere atzelariak irekitako zuloak aprobetxatu ezinik aritu dena, baina atzo ez zuen apenas akatsik egin eta erasoan erakustaldia eman zuen piloteoan indarrak parekatu zirenean.

Lehen atsedenaldi luzera arte partidak kolore erabat gorria izan bazuen (12-8), aldageletatik bueltan erabat urdindu zen. Bigarren erdi horretan ekimena iazko azpitxapeldunena izan zen gehienean eta Aspekoak izan ziren defentsa lanetan aritu behar izan zutenak eta Peñak sekulako erakustaldia eman zuen bitartean, gorriek gabezia nagusiak defentsan dituztela nabarmendu zen.

Esaterako, Rezustari kosta egin zitzaion Peñak erdira indartsu ateratako sakeak erantzutea, partidak aurrera egin ahala pilota gehiago entregatu zituen eta Irribarria bera ere partidatik erabat irten zen, erasorako aukera gutxi izan eta defentsan ikaragarri sufrituz. 13-1eko partzial batekin, arnasa handia lortu zuten bigarren itzulira begira.