GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Gernika, Europan jarraitzeko gogoz

Covid-19 kasuak gainditu ondoren, Çukurova BK Mersinen aurka Malosten lortutako 83-59ko emaitzari eutsi behar diote bizkaitarrek.


Urruti dago, gero, joan den abenduaren 15a! Aspaldi jokatu behar zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta Turkiako Çukurova BK Mersinek Emakumeen Eurocupeko final hamaseirenetako kanporaketaren itzulerako dema, baina 2021. urtearen hasieran gertatu zitzaien moduan, Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek covid-19 ditxosozkoaren bisita jasan zuten abenduaren bigarren hamabostaldi horretan. Kolpetik, bost kasu positibo azaldu ziren eta horrek talde turkiarraren aurkako itzulerako partida gaur arratsaldera arte atzeratzea ekarri du.

Zorionez, amaitu berri den urteko urtarrilean ez bezala, covid-19aren erasan fisikoa askoz murritzagoa izan da oraingoan. «Sintometan antzeman da oraingo hau askoz ere arinagoa izan dela hura baino, baita osatze denborari dagokionez ere», adierazi zuen Itziar Ariztimuñok partida bezperako adierazpenetan. «Taldea fisikoki ongi dago eta prest gaude Turkian behar bezala jokatzeko», gaineratu zuen bilbotarrak.

Mario Lopezek, hala ere, etorkizuna argitu gabe ikusten du oraindik gaur arratsaldeko 16.00ak iritsi arte. «Jokalariak jokatzeko gogotsu daude eta ongi, itxura baten, baina egun pare bat baino ez dugu entrenatu azken aldian, Beraz, ikusi egin behar benetan nola gauden», onartu zuen Lointek Gernika Bizkaiako entrenatzaileak.

Galatasaray gogoan

Gogoan izan behar da Malosten, ezustean, 83-59 gailendu zirela Mario Lopezen jokalariak, Melisa Brcaninovic hegal pibot bosniarrak 34 puntu eta 8 errebote erdietsi ostean. Gaur arratsaldean jazoko dena ikusteko dago, baina, egiari zor, 24 puntuko aldea handia da euskal taldearen alde. Hala, nahiz eta Çukurovak jokalari apartak dituen, gernikarren erantzuna izango da gakoa jakiteko zeinek egingo duen aurrera kanporaketan.

«Aintzat hartu behar dugu Galatasarayren aurka duela pare bat urte jokatu genuen kanporaketa. Gauza izan behar dugu aldeari eusteko eta ez diegu utzi behar arin saskiratzen eta aldea azkar murrizten», gogorarazi zuen Ariztimuñok.

Izan ere, 2019ko urtarrilaren 3an Lointek Gernika Bizkaiak 84-69 irabazi zion Malosten Galatasaray taldeari, baina itzulerako neurketan 15 puntuko alde horri buelta eman zion talde turkiarrak. Ez bakarrik 76-58 izan zelako azken emaitza, baizik eta hasi eta berehala berdindu zuelako talde turkiarrak bizkaitarren aldea.

«Ezin diogu partidari ekin markagailuari begira», esan zuen Mario Lopez entrenatzaileak. «Ezin diegu partzial handiak sartzen laga, ezta joan-etorriko partida bat egin dezaten utzi ere. Eta defentsa ona egiteaz gain, defentsako errebotea lotu behar dugu nolabait. Malosten 21 errebote hartu zizkiguten; jaurtiketan kale egiten badute, ezin diegu bigarren aukerarik laga», azpimarratu zuen.

Aurrera eginez gero, Carolo Basket talde frantsesa egokituko litzaioke berriro ere talde bizkaitarrari, baina horretarako aurrenik Çukurova BK Mersin turkiarra laga behar da bazterrean.

La Euroliga aplaza tres partidos de esta jornada

Los partidos de la jornada 19 de la Euroliga entre Alba Berlín y Panathinaikos, Anadolu Efes y Bayern Múnich y Zalgiris Kaunas ante Olympiacos, a disputarse el jueves y el viernes de esta semana, se vieron suspendidos por los diversos positivos por covid-19.

En cambio, todo apunta que el duelo que el jueves día 6 debe disputar Saski Baskonia en la cancha del Maccabi sí se va a jugar. El cuadro baskonista reportó positivos previo al partido del domingo frente a San Pablo Burgos y ayer hizo test de refuerzo. A. G.