GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Urrutikoetxea-Aranguren gora begira jarri dira

Baikokoen garaipenak lau bikote utzi ditu launa punturekin berdinduta lehen itzuliaren amaieran.


URRUTIK.-ARANGUREN 22

EZKURDIA-TOLOSA 18


Urrutikoetxeak eta Arangurenek 22-18 menderatu zituzten Ezkurdia eta Tolosa atzo Beotibarren, Binakako Txapelketaren ligaxkako lehen itzulia itxi zuen neurketan. Baiko Pilotako bikotea gehiago izan zen partidaren erditik aurrera, eta merezita eskuratu zuten ligaxkako laugarren puntua. Ezkurdia eta Tolosa, aldiz, puntu bakarrarekin geratuko dira lehen zazpi jardunaldien ostean.

Tolosakoa neurketa borrokatua izan zen, oro har nahiko parekatua eta detaile txikietan erabaki zena. Atzean, nahiz eta erakustaldi handirik ez egin, Aitor Aranguren Xabi Tolosa baino sendoago azaldu zen, batez ere azken txanpa erabakigarrian; eta aurrean Mikel Urrutikoetxea Joseba Ezkurdia baino inspirazio puntu bat gehiagorekin dabilela ikusi zen, nahiz eta Arbizukoak ere tanto benetan ederrak egin zituen.

Urdinek hartu zuten lehen abantailatxoa 0-2koan, Urrutikoetxeak zabalera bidali zuen pilota batekin eta Arangurenek eraman gabe utzi zuen zailtasunik gabeko sake batekin –bost tanto iritsi ziren lehen pilotakadarekin eta egia esan bost sakeak eramatekoak izan ziren–.

Baina hortik aurrera, eta denbora luzez, markagailuan parekotasuna erabatekoa izan zen. Berdinketak izan ziren 3-3an, 6-6an, 7-7an, 8-8an, 10-10ean eta 11-11n. Eta txandaka izan bazen ere, material aldaketak lagunduta, tanto ederrak ikusi ziren lehen zati borrokatu horretan. Joseba Ezkurdiak, esaterako, 6-5etik 8-10ekora bitartean atzean tanto bat, txokoan bi eta gantxoz beste bi egin zituen.

Tartetxo erabakigarria

Baina erantzuna azkar etorri zen. Urrutikoetxea ere ez zegoen txantxetarako eta 10-10ekotik 15-12kora bitartean txokoan bi tanto bikain eta gantxoz beste hiru sinatu zituen, gerora erabakigarria suertatuko zen tartetxoa irekiz markagailuan.

Izan ere, hortik aurrera, Xabi Tolosari partida luze egiten hasi zitzaion, eta urdinak apur bat hurbildu ziren bakoitzean anoetarraren hutsen bat iritsi zen. Halaxe izan zen 16-13ko tanto gogorraren ostean, hain zuzen ere gipuzkoarrak berak atzean amaitu zuena. Eta baita 20-16koaren ondoren ere, Ezkurdiak oso atzera jotako pilotakada batekin lortua.

Gorriak ere azti ibili ziren azken txanpa horretan. Urdinen alde erori ziren aipatutako bi tanto gogor eta ikusgarrien ondoren, atseden bana eskatu zuten, erritmoa hautsi eta arnasa hartzeko. Eta bi kasuetan ongi atera zitzaien taktika.

Azkenean, Mikel Urrutikoetxeak txokoan egindako tanto batekin itxi zuen 68 minutuko neurketa, gorrientzat laugarren puntua batu eta sailkapenean gora begira jartzeko, nahiz eta berdinduta bikote asko dauden: lau bikote daude launa punturekin, bigarren postutik bosgarreneraino. Urdinek, aldiz, beste porrot bat jaso dute eta gero eta zailagoa dute seigarren postu horretara hurbiltzea. Hori bai, hotz-hotzean begiratuta bi puntura jarraitzen du helburu horrek.