GARA Euskal Herriko egunkaria
XANTI

HITZAK «AGUR ETA OHORE» BADIRA, MAMIA HERRIA DA

HARMAILETAN, PANKARTA: «AGUR ETA OHORE XANTI, GARAIPENERA ARTE!». PISTAN, ARGAZKI BAT, «ESKERRIK ASKO HERRIA EGITEAGATIK», ARROSAK, DOZENA BAT IKURRINAZ INGURATUTAKO SENIDE ILARAK UTZITAKOAK. MAHAIAN, XANTI IPARRAGIRREREN TXAPEL HANDIA ETA MAKULUA.


Pasa den igandean, urte berriari ongi etorria ematearekin batera, zendu zen 87 urterekin Xanti Iparragirre Perurena (Errenteria, 1934), Eskoriatzako bere baserrian. Atzo, San Pedro elizan egindako hileta elizkizunaren ondotik, hainbat lagunek herriko udal pilotalekuan azken agurra eman zioten militante, euskaltzale, iheslari politiko ohi eta bertso eskolen sortzaileari.

Hitz gutxiko gizon bati ematen zion aterpe, igandera arte, pilotalekuan jarritako mahaian erakutsi zen txapelak. Hitz gutxikoa, xumea, izan da berari eskaini zitzaion ekitaldia ere; hunkigarria, halere. Eta makulua izan zitekeen metafora bat, helduleku, askoren makulu, izan baitzen Xanti bera ere.

«Besarkada bat Xanti/ beroa, larria/ bertsozale guztien/ partez ekarria», kantatu zion bertsoz Andoni Egañak Iparragirreri. Eta ondokoa, Jon Sarasuak: «Hitz gutxirekin esan digu/ nor garen, zer den herri sena».

Eskolara joateko aukerarik ez baitzuen sekula izan Iparragirrek, baina bere eskola sortu zuen Eskoriatzan. Patxi Goikolea eta Juanito Akizurekin batera, Euskal Herrian aitzindari izango zen haurrentzako bertso eskola jarri zuen martxan.

Erretiratu ziren oholtzatik bertsolariak eta erdu Mikel Albisu, Xanti Iparragirreren suhia. Aingeru Guardako sukaldea oroitu zuen: «Hor dago Xanti, ohi bezala, leiho ondoko bere talaian. ‘Zer moduz, Xanti?’. ‘Zu ondo, eta ni?’». Xanti Iparragirre «hitz gutxikoa» zela esan zuen Mikel Albisuk berak ere, baina hitz gutxi horietan bazela «deszifratu beharreko zentzu ezkutua», «norberaren garuna lanean jartzeko gaitasuna zeukana».

Behin kartzelara bisitan joan zitzaionekoa kontatu zuen Mikel Albisuk. «Galdetu nion nola egin zen ETAko kide. Azaldu zigun, 70eko hamarkadan berak eta lagun batek arratoiak pozoituta hiltzeko enpresa bat antolatu zutela, eta deitzen zieten lekuen artean Martuteneko kartzela edo polizia etxeak ere bazeudela. Zumarragako Guardia Zibiletik deia jaso, hara joan, eta zoruko komunaren zuloa handituta ikusi zutela. ‘Badakizu?’, esan zigun, ‘atxilotuen buruak hobeto sartzeko egina zeukaten’. ‘Hori tapatu behar duzue!’, esan ziela guardia zibilei; ‘hortik nola ez zaizkizue arratoiak sartuko?’».

Beste behin, Iparragirrek Albisuri galdetu zion ea ba al zekien zergatik zuen “Biziaren azala” izenburua bere liburuak. «Ez dakit», aitortu zion Albisuk, eta «Xanti handiak» erantzun: «Mamiaz ezin delako hitz egin».

Espetxetik, aitari

Bost seme-alaben aita zen, horietako bat Marixol Iparragirre euskal presoa. Ekitaldian, espetxetik aitari idatzitako hitzak entzun ziren: «Egun eguzkitsu batzuk, bertso zahar eta berriak, garaipen txiki eta handiak, maitasuna, adiskidetasuna, borrokari emandako bizitzak dakarren asetasuna. Geografian urrun baina gertu ezagutu zintudan eta berdin agurtu zaitut».