GARA Euskal Herriko egunkaria
«KANTU BAT GARA» DISKO-LIBURUAREN AURKEZPENA

JON MAIAK EPIKAZ BETE DU BILBOKO ARRIAGA ANTZOKIA

PLAZA GIZONA DELA ARGI DAGO, BAINA, BERTSOTAN EGITEAZ APARTE, DANTZATU, KANTATU EDO ERREZITATU ERE EGIN ZUEN ATZO ARRIAGAN, «CROONER» BATEN ANTZERA. JON MAIAK ESKAINI ZUEN KONTZERTUAK ASKORAKO EMAN ZUEN, TARTEAN UNE AHAZTEZINAK UTZIZ: ESATERAKO, ANTZOKIA ZUTIK ETA SARRIONANDIARI TXALOKA.


«Jon Maiak bizitza epikoki bizi du. Bertso-afari soil bat, harekin, episodio homeriko bat zen», irakur daiteke “Kantu bat gara” (Elkar) disko-liburuaren hitzaurrean. Xabier Amurizak, ohi duen bezala, bete-betean asmatu zuen lerro horiek idatzi zituenetan. Sentipen hori ekidinezina izan baitzen Jon Maiak azken hiru hamarkadotan letragile bezala egin duen ibilbidea ospatzeko eman zuen lehen kontzertuan: luze –2 ordu eta hogei minutu– eta oparo joan zen. Une ahaztezin dezente izan ziren.

Arriaga antzokia, lepo. Sarrera guztiak salduta... guztiak? Bai, indarrean jarritako osasun neurriek uzten zuten guztiak, bai. Bilboko antzokiak 1.200 eserleku inguruko edukiera izan ohi du; egungo murrizpenekin, 600 bat soilik saldu ahal izan dira. Atera kontuak.

Letragile bezala Jon Maia bertsolari eta idazleak egindako hiru hamarkadako ibilbidea ospatu nahi duen biraren hasiera katramilatsua izan da. Lehen kontzertua Donostian eman behar zuen berez joan den astean, baina LABIren neurriak gurutzatu ziren bidean. Sarrera guztiak salduta izan arren, bertan behera utzi behar izan zuten Victoria Eugenia antzokian iragarritako lehen kontzertua. Hitzordua otsailak 2ra eta 3ra atzeratu da. Sarrerak ziztu bizian agortu dira berriro. «Eskerrik asko Donostia. Ai, ez, kontzertua suspenditu egin da», ironia lagun eman zion hasiera atzo Jon Maiak Bilboko kontzertuari.

Poesia, irudia, iragana

Kontzertuaren aurreko egunetan, urduri zela aitortu zuen bertsolariak. Oholtza gainean, baina, eroso agertu zen, ikusleekin mugak apurtzeko prest. Hausnarketak, sentimenduak... denetik egon zen, kantuak, Maiak berak esan zuen legez, «garraiobideak direlako, alfonbra magiko modukoak, edonora garraiatzen zaituztenak». Zuzenekoa ez zen diskora mugatu. Diskoa grabatu duten musikoek babestuta, izerdia bota zuen Maiak –«Julio Iglesias sentitzen naiz une batzuetan»–, eta indarra irabazten joan zen. Musika “janzteko” prestatutako ikus-entzunezkoa ere, ederra, erabat zinematografikoa. Odei Barroso bertsolariak Maite Mutuberria ilustratzailearen marrazkiekin prestatutako animazioak dira.

Eta ahotsez eta jendez bete zen oholtza: Mikel Urdangarin, Jon Maiaren alaba Eder, Antxon Laka –Oskorri taldeko partaide mitikoa–, eta Itziar Ituño. Eta poesiaz: Garcia Lorca, Lauaxeta eta Joseba Sarrionandia. Azken horrekin, aretoa zutik jarri zen, txaloka. Txalo zaparrada ikusgarria. Eta kanta bihurtu diren hainbat olerkiren egileak poema bat irakurri zion Jon Maiari. Kantu bat garelako, tribu bat, eta guztiok, iraganetik etorkizunera, lotuta gaude errepikatzen ditugun kanten doinuen bidez.

Bisetan, Bilboko kaleko saltzaileen elkarteko ordezkari bati, Ibrahima Baldari, egindako kanta. Eta, bukatzeko, antzokia zutik, «beste mundu bat posiblea dela» ospatu nahian.