GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Esloveniarrek ez dute hutsik egin Chobutseko murru ukitu gabean

Urriaren 28tik 30era, Luka Strazar eta Nejc Marcic-ek seimilakoaren ipar-mendebaldeko horman «Slovenian direct» bidea (ED, M5, AI5,1.700 m) zabaldu zuten. Pareta horrek jaso duen lehen igoera izan da; gainera, estilo alpinoan egin zuten.


Pandemia garai ilun hauek neurri batean lehen lerroko alpinisten jarduerak mugatu dituzte. Egoera pixka bat “lasaitu” denean, horietako batzuk mundu zabaleko mendi eta hormatzarretan eskalatzen ikusi ditugu. Esloveniarren “eskolak” ere ez du hutsik egin, eta Chobutse mendian (6.686 m), adibidez, sokada batek goi mailako jarduera egin du.

Luka Strazar-ek (33 urte) eta Nejc Marcic-ek (36) soka gerrira lotu eta Nepalgo Rolwaling haranean dagoen seimilako horretako ipar-mendebaldeko paretaren lehen igoera erdietsi dute. Urriaren 28tik 20era egin zen jarduera horretan esloveniar hauek “Eslovenian Direct” bidea sortu zuten estilo alpinoan. Proposamen berria 1.700 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: ED, M5 eta AI5.

Bi alpinistok ez dira Chobutsera (Tsoboje ere deitzen zaio) joan ziren esloveniar bakarrak. Haiekin lau Urrezko Piolet irabazi dituen Marko Prezelj eta Matija Volontar izan ziren. Talde honek, ordea, beste helburu bat zuen: mendiaren mendebaldeko hormako hego-mendebaldeko zutoina. Saiatu ziren, baina haizete bortitzek jarduera hori bertan behera uztera behartu zituen. 6.100 metrora heldu ziren; hain zuzen ere, bidearen giltzara. Prezeljek eta Volontarrek arrokazko zein mistoko sekzio gogor bati aurre egin behar zioten. Baina, aurreratu dugun bezala, haizeteek eragotzi egin zieten ekinaldiarekin jarraitzea.

Arrakasta izan duten alpinista gazteen jarduerari dagokionez, Strazarrek aipatu du xede hori oso erakargarria dela: «Nejc-ek eta biok argi eta garbi genuen seimilakoaren ipar-mendebaldeko aurpegian jardun nahi genuela. Besteak beste, oso estetikoa delako. Simetria ederra du, eta ohartu ginen bide agerikoena murruaren erdian zegoela».

Chobutsen izandako lehen igoera 1972. urtekoa da. Espedizio aleman batek zapaldu zuen seimilakoaren gailurra lehenengoz ipar-ekialdeko ertzetik. Azpimarratzekoa da ere 2015. urtean Mingma Gyalje Xerpak sinatutako jarduera. Mendebaldeko isurialdea bakarka igo zuen, eta mendiaren laugarren igoera izan zen. Alpinista horrek esan zuen Chobutse inoiz eskalatu duen mendi zailena dela.

Baina esan dugunez, ipar-mendebaldeko murrua eskalatu gabe zegoen. Esloveniarrek eginiko igoeraren lerroburu bat da urriaren 30ean gailurra lortu zutela; hain zuzen ere, arratsaldeko ordu bietan. Zortzi ordu beranduago, mendebaldeko aurpegitik jaitsi eta kanpaleku nagusira heldu ziren: «Beheko sekzioa ez da zaila (AI 4), eta erritmo onean mugitu ginen. Murruaren erdian, berriz, zailtasun tekniko gogorrenak biltzen dira. Denera, oso tenteak eta arriskutsuak ziren zortzi luze gainditu genituen. Amaierak ere ez du buruhausterik ematen, baina haize bolada indartsuak azaldu ziren. Onartu behar dut beste taldekideek bezala, baldintza horiek izan genituela, baina ez dugu aitzakiarik jarriko. Badakigu mendi garaietan ia beti halako baldintzak daudela. Ez zen batere gaizki egon, eta pareta eder zein zail hori eskalatzeko aukera izan genuen».

Nahiz eta jarduera osoa biribiltzeko arazorik ez zuten izan, espedizioaren hasiera nahiko gorabeheratsua izan zen. Lehen astean Marcic gaixotu zen. Eztarrian izaniko infekzio batek sukar oso handia eragin zion. Ondoren, infekzio hori belarrietara eta hortzetara zabaldu zen, eta, Strazarrek aipatzen duenez, oso gaizki zegoen: «Ez dut zalantzarik, espedizioko unerik estresagarriena nire kidearen osasun egoera izan zen. Ez nekien osatzeko aukera izango ote zuen; bederen, ekinaldia egiteko prest egongo ote zen. Zorionez, osatu eta Chobutsen erabat bete gaituen eskalada egin genuen».

Aitzakiarik ez

Bitxia bada ere, bi alpinistok hamar urte zeramatzaten elkarrekin eskalatu gabe. Baina argi utzi dute, goi maila izateaz gain, oso eraginkorrak izan direla: «Elkarren arteko ‘etenaldi’ luzea izan bada ere, zorionez berriro elkartu eta eskalada oso ona egin dugu. Onartu behar dugu ere biok ala biok estrategia, taktika, filosofia... berberak ditugula. Nolabait esateko, kimika handia dugu. Ez dugu ia eztabaidarik izaten, eta begirada batekin dena esaten diogu elkarri».

Nahiz eta Strazarrek adierazi duen baldintzekin ez zutela arazorik izan, azpimarratu behar da esloveniarron igoera tenperatura oso hotzek, haizeteek eta elur-jausiek markatuta egon zela.

Eskaladaren aurreneko egunean, korridore batean sartu eta izotz geruza fin bati egin behar izan zioten aurre: «Gainera, izotz hori puskatu egiten zen. Horretaz gain, une jakin batean rappela egin behar izan genuen; izan ere, konturatu ginen ibilbide horretatik ezin genuela jarraitu. Arrokazko plaka tente batzuk genituen aurrez aurre, eta horiek gainditzea ezinezkoa zirudien. Horren ondorioz, lehen bibaka espero baino pixka bat beherago antolatu behar izan genuen. Berez, leku horrekin zorte handia izan genuen. Bibaka aldapa batean kokatuta zegoen, baina nahiko erosoa zen».

Biharamunean, bestalde, benetako zailtasun teknikoak aurkitu zituzten. Paretaren erdian sekzio oso gogor bati ekin behar izan zioten: «Tarte horrek, asko eskatzeaz gain, une tentsoak bizitzera eraman gintuen. Luze teknikoak ziren baina, era berean, arriskutsuak. Mistoan, bederen, borroka gogorra eskatu ziguten. Sekzio horiek gainditu eta aurpegiaren goialdera heldu ginen. Zailtasunak asko arindu ziren, baina haize boladak ia muturrekoak ziren. Bigarren bibaka artesi batean atondu genuen. Eskalada horretarako denda bat soilik eramatea erabaki genuen, eta uste dut erabaki zuzenena izan zela. Gailurreriara iritsi eta jabetu ginen mendiaren iparraldeko isuria ‘nahiko’ babestua zegoela. Tontorrera ibilbide horretatik jarraitu genuen. Zalantza guztiak saihestu ahal izateko, mendiaren erdiko zein ekialdeko gailurretara igo ginen. Ez ginen oso ziur gailur garaiena zein ote zen. Eskalatzen ari ginela, erdikoa altuagoa iruditu zitzaidan. Baina han geundela, ekialdekoa begiratu eta metro batzuk gehiago zituela konturatu ginen».

Benetako tontorrean zirela, esloveniar hauek ez zuten denbora galdu nahi izan jaitsierari ekiteko. Mendebaldeko aurpegian sartu eta, zortzi ordu beranduago, oinarrizko kanpalekura iritsi ziren: «Igoeran ez bezala, esan behar dugu baldintza perfektuak izan genituela; batez ere, izotzean rappelak antolatzeko. Horri guztiari esker, jaitsiera oso azkarra egin genuen».

Chobutseko ipar-mendebaldeko lehen igoera sinatu ondoren, alpinistok baieztatu dute seimilako horretan egin duten jarduerak asko bete dituela: «Elkarrekin egin ditugun eskaladen artean azken hau berezia izan da oso. Arestian aipatu dut hamar urte generamatzala eskalatu gabe, eta ohartu gara bion arteko konplizitatea oso handia dela. Eskaladaren sekzio batzuk (besteak beste, erdikoa) oso interesgarriak izan ziren. Gainera, hotzak eta haizeteek Himalaian benetako esperientzia aberatsa bizitzeko aukera eman ziguten».