GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Bi bide berri sortu dituzte Tengkangpoche igo ahal izateko

François Cazzanelli, Leo Gheza, Francesco Ratti, Emrik Favre eta Jerome Perruquet italiarrek Kondge-Ri mendian marra pare bat irekieta Tengkangpocheko gailurra ekialdeko ertzetik erdietsi dute. Berez, taldearen asmoa seimilakoaren iparraldeko zutoina zen.


Tengkangpoche mendiak (6.498 m, Nepal) bisita oso garrantzitsuak jaso zituen ohiko azken denboraldian. Orriotan jaso bezala, jarduerarik azpimarragarriena Tom Livingstone eta Matt Glennek sinatu zuten, mendiaren iparraldeko zutoina lehen aldiz igo eta gero.

Asmo bera boskote italiar batek ere bazuen, baina aipatu dugun sokada hori aurreratu zitzaien. Alabaina, italiarrak ez ziren besoak gurutzatuta geratu, eta gai izan ziren seimilakoaren tontorra beste ibilbide batetik erdiesteko. Hain zuzen ere, Kondge-Ri edo Kwangde mendiaren (6.187 m) iparraldeko horman bi bide zabaldu, Tengkangpocheko ekialdeko ertzarekin lotu eta gailurra zapaldu zuten. Protagonistok bi taldetan banatu ziren. François Cazzanelli eta Leo Ghezak “Santarai” bidea (AI5R, M7/A2, 450 m) sortu zuten. Francesco Ratti, Emrik Favre eta Jerome Perruquetek, berriz, “Settebello” (AI5, M7/A2).

Boskote italiarrak aurreratu du bi bide horiek ireki ondoren, aipatutako ertzarekin 5.700 metrora bat egin zutela. Han bertan bibaka egin eta, hurrengo bi egunetan, Tengkangpocheko ekialdeko ertz luzean sartu eta tontorra erdietsi zuten. Jarduera osoa estilo alpinoa izan zuten oinarri.

Horiek dira alpinistok Khumbuko haranean lortu duten emaitzaren lerroburu nagusiak. Ondoren, protagonistetako batek, Rattik, azalpen gehiago emango dizkigu 21 egun iraun zituen espedizioaren asmoen eta eginiko eskaladen inguruan.

Tengkangpoche

«Pandemiaren ondorioz, azken bi urteotan ez dugu Himalaiako mendi garaietara joaterik izan. Nepalek ateak zabaldu bezain laster, espedizioa osatu dugun lagunak Khumbu aldera abiatu ginen bide tekniko bat zabaltzeko helburuarekin.

Hainbat bilera egin ondoren, guztiok adostu genuen Tengkangpocheko iparraldeko isurira joango ginela. Sona handia duen iparraldeko zutoinaz gain, ondoan dagoen Kondge-Ri mendiak eskalada teknikoa egiteko aukera ederrak eskaintzen ditu. Batez ere, iparraldeko aurpegiak.

Urriaren bigarren asterako kanpaleku nagusia antolatuta genuen. Zoritxarrez, lehen egunetan eguraldiak ez zigun batere lagundu. Aitzitik, geldirik egon ordez, girora egokitzeko lanean aritu ginen. 5.600 metro dituen mendi batera igo ginen. Bibaka egin eta gaua ekaitz baten mende igaro genuen. Biharamunean 60 zentimetroko elur geruza zegoen!

Tom Livingstone eta Matt Glennekin kanpaleku nagusian elkartu ginen, eta azaldu ziguten Tengkangpocheko iparraldeko zutoinean ekinaldi bat egin zutela eta bigarren baterako den-dena prest zutela jada. Asmo horiek ezagututa, boston iritzia berdina izan zen: gu ez ginen zutoin erakargarri eta estetiko horretan sartuko.

Hurrengo bi egunetan girora egokitzeko fasearekin jarraitu genuen. Bi taldetan banatu ginen, eta inguruko bi ertz igotzen saiatu ginen. 6.000 metrora heldu ginen, baina hortik aurrera ohartu ginen elur geruza egonkortu gabe zegoela eta hobe genuela buelta erdia ematea. Bien bitartean, Tom eta Matt bigarren saioa egitera irten ziren. Baldintza oso kaskarrak izan zituzten, baina, sei bibak egin eta gero, iparraldeko zutoinaren lehen igoera egitea lortu zuten.

Guk, berriz, kanpaleku nagusitik gertu zeuden goulotte batzuk igotzeko asmoa aztertu genuen. Baina horma horiek ez zeuden batere egonkor eta gainera serac arriskutsu bat zuten. Hurrengo egunak eztabaidatzen aritu ginen. Espedizioaren denbora bukatzen ari zen, eta, horrez gain, negua gertu genuen. Eguraldi onari esker, azken aukera bat aprobetxatzeko prest ginen. 5.000 metroko kotara eginiko irteera batean, François, Jerome eta hirurok Kondge-Ri mendian proposamen oso interesgarriak ikusi genituen. Hain zuzen ere, mendiaren pareta laiotzenean. Mistoko eta izotzezko marrak ziren, eta marra horiek Tengkangpocheko ekialdeko ertzarekin bat egiten zutela ohartu ginen. Proiektu horren berri gure beste bi kideei eman eta hiruzpalau eguneko abentura bat martxan jartzea erabaki genuen. Eguraldi iragarpenek leiho on txiki bat iragarri zuten, eta geure helburuak betetzera abiatu ginen. Horretarako, bi talde osatu genituen: François eta Leo alde batetik, eta, bestetik, Jerome, Emrik eta ni neu.

Egunsentiarekin batera kanpaleku nagusia atzean utzi eta hiru orduko eskalada eginda murrura heltzeko zeuden 1.000 metroak igo genituen. Han bertan, bi marra paralelo sortzeko erabakia hartu genuen. Bi taldetan banatzeko hautu hori oso garbia zen; batez ere, pareta hori oso teknikoa zelako eta arrisku objektiboak saihestu behar genituelako.

François eta Leo gure eskuinean zegoen izotzezko sekzio batean sartu ziren. Gu, aldiz, aurrean zegoen ageriko diedro batean. Bi marra horiek oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun, eta onartu behar dut, ederrak izateaz gain, ahalegin handia eskatu zigutela.

Gure marra, bederen, espero genuen baino askoz ere zailagoa izan zen. Hirurok ala hirurok bat etorri ginen: Mont Blanc-eko mistoko bide teknikoen antz handia zuen. Eskalada egun hori gogorra baino gogorragoa izan zen. Denera, hamaika luze gainditu ostean, 5.700 metrora, lepo batera, iritsi ginen. Puntu zehatz horretan, François eta Leorekin bat egin genuen, eta, azaldu zigutenez, beraiek eskalatutako bideak gurearen izaera berdina zuen.

Azkenerako, gauak harrapatu gintuen. Hotz izugarria egiten zuen eta bibaka antolatzen hasi ginen. Atseden hartzeaz gain, hidratatu beharra genuen. Biharamuna lasai hartu genuen. Energia berreskuratzeko ondo gosaldu eta gero, eguzkia irtetean eskalatzeari ekin genion. Bi ertzen arteko lotura oso teknikoa zen. Nahasia ere bai; izan ere, inguruan dorre asko zeuden. Azkenean, baina, Tengkangpocheko ekialdeko ertza zain genuen. Indar asko ez galtzeko, 6.000 metroko kotan bigarren bibaka prestatu genuen.

Hirugarren eta azken eskalada eguna tontor egunekoa izan zen. Oso goiz irten ginen, eta ertzaren lehen zatian erritmo oso onean ibili ginen. Une jakin batean soka finko batzuk ikusi genituen. Soka horiek espedizio frantses batek utzitakoak ziren. Talde horrek hego-ekialdeko aurpegitik ekinaldi bat egin zuen. Sokak ikusi genituen, bai, baina frantsesen urratsak ezabatuta zeuden jada.

Hurrengo sekzioa oso arriskutsua izan zen. Aurretik genuen ertza oso zorrotza zen. Arreta handiarekin tarte arriskutsu hori gainditzeko gai izan ginen. Ez zen batere erraza izan; ez zen ez akatsak egiteko unea.

Eguerdi aldera, hiru egun lehenago hasitako jardueraren lehen etapa biribiltzea lortu genuen: bostok ginen gailurrean. Eguraldiak ez zigun traba handirik egin tontorrean minutu batzuk igarotzeko. Baina, noski, jardueraren bigarren etapa biribiltzea falta zitzaigun. Hots, jaitsiera: kanpaleku nagusira eramaten duen aldats bat. Espero baino askoz ere tenteagoa zen, eta sekzio delikatu batzuk zituen. Onik iritsi ginen behintzat jardueraren amaierara!».