GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Betisen une ona zapuztea helburu

Bi egun ezberdinetan jokatutako polemikaz beterikoKopako kanporaketa gainditu zuen igandean BetisekSevillaren aurka. Nekea aprobetxa lezake Alavesek.


BETIS - ALAVES

Jose Luis Mendilibarren eskua nabaritzen hasiak dira Alavesen. Entrenatzaile bizkaitarrak bi berdinketa lortu ditu Javier Calleja ordezkatzeko Gasteizera iritsi zenetik. Realaren eta Athleticen aurka bi puntu eskuratu ditu taldeak, baina gaur Betisen etxea, Benito Villamarin, bisitatu beharko dute babazorroek.

Momentu egokia izan daiteke, edo guztiz kontrakoa. Betisek Kopako hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu zuen igandean. Eta nori irabazita? Betisen aurkari handiena den Julen Lopetegi gipuzkoarraren Sevillari, polemikaz beteriko kanporaketa batean gainera. Izan ere, larunbatean hasi ziren jokatzen bi taldeak, baina lehen zatian harmailetatik jaurtitako makila batek Joan Jordan jokalariaren buruan jo eta neurketa bertan behera geratu zen.

Egun bat geroago jokatzeko erabakia hartu zuten, igandean, eta bertan lortu zuen garaipena Betisek bigarren zatian sartutako gol bati esker (2-1). Andaluziarrentzat garaipen itzela da aurkari handienari irabaztea, eta garaipen handi baten osteko biharamuna aprobetxa dezake Alavesek koxka egiteko.

Mendilibarrek, ordea, ez du iritzi bera. «Betis onena ikusiko dugu», azpimarratu zuen entrenatzaileak atzo bertan eskaini zuen prentsaurrekoan. «Lehiatzera aterako dira. Partida bat jokatu dute bi egun ezberdinetan eta ez dakit nekea nabarituko duten», gaineratu zuen Zaldibarkoak Alavesekin lehenengo irteera egin aurretik.

Aipatu behar da Benito Villamarin zelaira egindako azken hiru bisitetan denetariko emaitzak izan dituztela babazorroek. Gaur beste garaipen bat lortu nahi dute sailkapenean gora egiteko. Alavesek jokalariak berreskuratuko ditu azken asteetako covid kasuak atzean utzita. Saul Garcia eta John Guidetti prest daude jokatzeko, nahiz eta gutxiago entrenatu ahal izan duten positibo ematen azkenekoak izan baitziren. Pere Ponsek atzean utzi du belauneko bihurritua eta deialdian sartzeko prest da. Bestalde, Navarrok lesionaturik jarraitzen du eta Tenagliak oraindik ezin du jokatu ez baitute Ligan inskribatu.

Talde gasteiztarrak baja gehiago izango ditu: Florian Lejeune zigortuta dago eta Mamadou Loum Afrikako Kopa jokatzen ari da egunotan. Albiste onen artean, Victor Laguardia atzelariaren buelta –Lejeuneren tokia har lezake zaragozarrak– eta neguko merkatuan iritsitako Gonzalo Escalante prest dela titular gisa debuta egiteko.

Mendilibarrek argi du Betisek «jende asko» biltzen duela «barrutik» eta kontuz ibili beharko dutela: «lerroartean baloiak jaso ditzaten saihestu behar dugu, oso azkarrak baitira eta min handia egiten baitute». Betisek dituen gauza on guztien gainetik, Mendilibarrek argi du non egin dezaketen min. «Defendatzea kostatzen zaie; beraz, arazoetan jartzea saiatuko gara», azpimarratu zuen Zaldibarkoak.

Betis, esentzia berarekin

Betisen Manuel Pellegrinik jokatzeko era berarekin jarraituko du, nahiz eta hamaikakoan aldaketa batzuk egingo dituen, hiru lehiaketa jokatzen ari baita taldea eta Kopako partidua bi egunetan jokatu behar izan baitzuen asteburuan. Txiletarrak atzo adierazi zuenez bere jokalariak «ondo» daude eta Willian Jose aurrelaria «osaturik» dago, Hector Bellerin bezalaxe. Ez dira deialdian sartuko, ordea, Montoya, Bartra eta Joaquin.