GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA - ACB LIGA

Bilbao Basketek David Walkerrekin bete du Khyri Thomasek lagatako lekua

Hegaleko estatubatuarrak ACB Liga ongi ezagutzen du Andorran jokatu zuelako2016tik 2020ra. Emakumeen Ligan, IDK Euskotrenek partida du gaur Tenerifen.


ACB Ligan aspaldiko unerik gozoena bizitzen ari den arren, Surne Bilbao Basketen ez daude geldirik egoteko prest. Hala, Khyri Thomas Maccabira joan ostean geratutako hutsunea David Walker hegaleko estatubatuarrarekin bete dute. Denboraldia amaitu arte fitxatu dute Ohioko jokalaria bizkaitarrek; 28 urte ditu eta 1,97 metroko garaiera.

Egun Bundesligako MHP Riesen Ludwigsburg taldean ari bazen ere, ACB Liga ongi ezagutzen du Walkerrek, 2016tik 2020ra bitartean Morabanc Andorra taldean jokatu baitzuen. Hori dela eta, jokalari berriak taldean berehalako eragina izateko itxaropena dute Bilbon, ACB Ligako erritmora ohitzeko beharrezko girotze denbora galtzeke.

«ACB Ligan eskarmentua duen taldeko jokalari ona da», nabarmendu zuen Bilbao Basketen webgunean Rafa Pueyo kirol zuzendariak. «Eskoltak eta hegalekoak zaindu ditzakeen jokalaria da eta, erasoan jaurtitzaile ona izateaz gain, indartsua eta azkarra da saskitik hurbil ere, baloirik gabe ongi mugitzeko gai baita», azaldu zuen Pueyok.

IDK Euskotren, berriz ere lanera

Abenduaren 28an Spar Kanaria Handiari irabazi eta gero, jokatu ezinik zebilen IDK Euskotren. Bada, gaur gauean, Euskal Herrian 21.00ak direnean, Teneriferen kantxan jokatuko du bere garaian covid-19a dela-eta atzeratutako Emakumeen Endesa Ligako neurketa.

Tenerifeko taldeak maila polita badu ere, dena atzekoz aurrera ari zaio ateratzen denboraldi honetan eta uneotan Emakumeen Ligako azken postuan dago 3 partidu irabazi eta 11 galduta. Donostiarrak, berriz, nahiz eta jokatzeko hainbat neurketa falta, zortzigarrenak dira zazpi partidu irabazi eta zazpi galduta. Gaurko partidaren ostean, igande eguerdian etxean Gernika Bizkaiaren aurkako derbia izango dute Azu Muguruzarenek.

Ricardo Uriz, Spahijaren laguntzaile berria

Saski Baskoniak EBA Ligan duen talde teknikoan aldaketak iragarri zituen atzo. Izan ere, orain arte Baskoniaren bigarren taldea zuzentzen ari zen Ricardo Uriz entrenatzaileak taldea lagako du eta lehenengo taldera igoko da, Neven Spahijaren laguntzaile postura, hain zuzen ere. Urizen lana bikaina izan da orain arte, entrenatzaile nafarrak zuzendutako taldeak jokatu dituen 17 neurketetatik 13 irabazi baititu. Urizen lekua Fabian Tellezek hartuko du. Bartzelonaren talde juniorra zuzendu du orain arte, eta iaz Espainiako Txapelketa irabazi zuen. A. G.