GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Donostiako Illunbek jasoko du eskubaloiko Kopa apirilaren bukaeran


Emakumeen eskubaloiko Koparen 43. edizioa Gipuzkoak jaso behar zuela jakina zen, baina atzo iragarri zuten ofizialki Donostian jokatuko dela eta Illunbe pabiloiak hartuko duela. Apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean jokatuko da eta dagoeneko salgai daude sarrerak www.copadelareina2022.com webgunean.

“Batzen gaituen Kopa” lelopean egin zen aurkezpena Gipuzkoako Aldundiaren prentsa aretoan eta, Tati Garmendia Bera Berako eskubaloi arloko arduradunak bertan onartu zuenez, «gogotsu» daude «hainbeste desiratutako Kopa» jasotzeko. Izan ere, berez pasa den urtean antolatzekoak ziren Kopa, baina pandemiak ezinezko egin zuen Donostian jokatzea eta azkenean Kanarietan jokatu zen. 

Illunben jokatzea bera ere garrantzitsutzat jo zuen Garmendiak, berez 10.000 ikusleko edukiera baitauka eta horrek ikusle kopuru ederra sartzea bermatzen baitu unean uneko osasun neurriak errespetatuta. Egun bat lehenago, emakumezkoen kirolaren inguruko jardunaldia egingo da.