GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Aurrekontuak onartu ondoren, parte hartu?


Hiritarren parte hartze prozesuak, oro har, prozesu arautuak dira. Hau da, herritarren eskubideak azaldu, erakundeen betebeharrak adierazi, prozedurak eta bermeak argitu eta xedeak zehaztu. Normalean, udal ordenantzen bitartez arautzen dira parte hartze prozesu horiek ziurtatzeko oinarri demokratikoak eta herritarren eskubideak eta bermeak aitortu eta errespetatzen direla. Hondarribian ez dago horrelako udal ordenantzarik. Alabaina, Hondarribiko tokiko gobernua itxurazko hiritarren parte hartzea modua egiten ari da 2022ko aurrekontuak osatzeko. Agintekeria adibide argia iruditzen zaigu, edo, suabeago esatea nahi baduzue, paternalismo ariketa etsenplu tipikoa izan daiteke. Nahi bada ere, tokiko gobernuaren propaganda-ekitaldi gisa ikus daiteke.

Hondarribiko Udalaren aurtengo aurreko aurrekontuak tokiko gobernuak aurkeztu zituen, aurrenik proposamen moduan, Ogasun batzordean. Batzorde horretan Udaleko indar politikoek aukera izan zuten ekarpenak eta zuzenketak egiteko, gero Ogasun batzordeak, kontu hartzaileak, bere irizpena egin zuen eta aurrekontuen proposamen hori Udalbatzara eraman zen. Udalbatzak, jeltzaleen gehiengoz, oposizio taldeen zuzenketa guztiak baztertu zituen eta, azkenik, aurrekontuak onetsi zituen oposizioko indar politiko guztien kontrako botoekin. Bistan da tokiko gobernuak ez zuela lortu oposizioko inongo talderen babesa, ezta abstentzioa ere. Parte hartze ezaren isla.

Hondarribiko tokiko gobernuak gure herrian burutu litezkeen bost proiekturen ideiak jaso ditu –gehienak oposizio taldeek proposatutakoak eta EAJk aldez aurretik baztertuak– Udaleko webgunean hiritarrei eskaintzeko haietako bat hauta dezaten. Aurrekontuak jada onartuta daudenez, proiektu irabazlea finantzatzeko tokiko gobernuak, apirilean edo, kreditu aldaketa egiteko konpromisoa hartzen du. Nola-halako iruzur itxura hartzen diogu; iruzurra ez bada, jukutria bai, tokiko gobernuak aurrekontu batzuk onartu eta, ondoren, kreditu aldaketen bitartez bere nahien arabera aldatzeko.

Pozgarria da jeltzaleen tokiko gobernua jabetzea herritarren parte hartzea sustatzea garrantzitsua dela. Aurreneko urratsa da. Orain, falta dena da udal ordenantzen bidez herritarren parte hartzea arautzea eta indarrean jartzea. Bien bitartean, hiritarrentzako onuragarriak diren proiektuak egin ditzala eskatzen diogu, eta ez bat, baizik eta aukeran eman dituen bostak.