GARA Euskal Herriko egunkaria
SNOWBOARD

Beste zilarrezko domina bat Irati Idiakezentzat


Sekulako denboraldia egiten ari da Irati Idiakez gipuzkoarra. Eta horren azken adibidea, atzo bertan dugu. Lillehammereko (Norvegia) Munduko Snowboard Txapelketan zilarrezko domina kolkoratu zuen Getariako riderrak. Duela astebete, toki eta pista berean, banked eslalomean lortutakoari gehitu dio.

Irati Idiakez eskuin besorik gabe lehiatzen da, 2017an izandako autobus istripu baten ondorioz, eta atzo txapeldunorde izan zen berriro ere urrezko domina kolkoratu zuen Monika Aleksandra Kotzianen atzetik. Poloniarrak SB-UL kategorian erregina izaten jarraitzen du.

«Sentsazio gazi-gozoarekin amaitu dut. Eginiko lanagatik pozik nago, baina ezin izan dut hainbeste desio dudan urrea lortu. Hurrengo lehiaketara indar handiagoarekin joango naiz, beti ikasten eta gogotsu», onartu du gipuzkoarrak, zeinak sari potoloagoa izan zezakeen atzokoan, baina eroriko bat izan zuen jaitsieran eta bere progresioa frenatu zuen.

Getariako riderrak kirolari onenaren Kristalezko Globoa irabazi zuen iazko denboraldian eta aurtengoan podiumetik jaitsi gabe dabil. Hochfügeneko (Austria) Mundu Kopan txapeldun izan zen; Laandgraf (Herbehereak) eta Pyhako (Finlandia) probetan zilarrezko domina bana irabazi zuen. Hori bai, iaz bai, txapelduna izan zen Finlandiako Pyhako proban.

Hiru euskaldun Pekinera

Bien bitartean, atzo bertan Espainiako Neguko Kirolen Federazioak datorren otsailaren 4tik 20ra bitartean Pekineko Olinpiar Jokoetan parte hartuko duten bederatzi izenen berri eman zuen. Horietako hiru euskaldunak dira: Lucas Eguibar, Adur Etxezarreta eta Imanol Rojo.

Eguibarrek snowboard kros SBX diziplinan parte hartuko du. 27 urteko donostiarra 2021ean Idre Fjällen munduko txapeldun bilakatu zen, eta aurtengo denboraldian hirugarren izan zen Cerviniako SBX proban.

Adur Etxezarreta eski alpinoko jaitsieran eta supergigantean lehiatuko da. 25 urteko eskiatzaile nafarrak urte hasiera historikoa izan du, Tarvisioko (Italia) Europako Kopako Jaitsieran zilarra lortuz (mende honetan Estatu mailan hori lortu duen lehenengo kirolaria). Pekinekoak bere lehen Olinpiar Jokoak izango dira.

Azkenik, Imanol Rojo iraupen-eskian lehiatuko da. 31 urteko tolosarra bi aldiz sartu da Top30ean aurtengo denboraldian: Obersdorf eta Val di Fiemmeko mundu kopetan, eta bere hirugarren Olinpiar Jokoak izango dira. skiathlon 15x15 km, esprint, 15 km klasiko, taldekako esprinta eta 50 km libre probetan parte hartuko du.