22 ENE. 2022 Lehen sektorea salneurri duinen alde mobilizatu da Bizkaiko lehen sektoreko 100 langile baino gehiago elkartu ziren atzo, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, Elikagai Katearen Legearen berehalako aplikazioa eta ekoizpen kostuak estaltzen dituzten prezioak eskatzeko. Gaur-gaurkoz, 40-42 zentimoan dago esnearen ekoizpen kostua, baina baserritarrei 37-38 zentimo ordaintzen dizkiete litroko. Iraide IBARRONDO BILBO Ezohiko itxura hartu zuen atzo Bilboko Arriaga plazak. Gida turistikoek beraien euritako deigarriekin okupatu ohi duten txokoa ekoizpen kostuen azpitik saltzeaz nazkatuta dauden 100 nekazari, abeltzain eta basozainek baino gehiagok hartu baitzuten. Gainera, ez ziren bakarrik egon: 7 traktore eta hainbat behi ekarri zituztelako beraien presentzia zein aldarrikapenak ez zitezen oharkabekoak izan. Elkarretaratzearen bidez, ekoizpen kostuak estaltzen dituzten «bidezko prezioak» eta Elikagai Katearen Legearen «berehalako» aplikazioa exijitu zuten lehen sektoreko beharginek. Bizkaiko lehen sektoreko sindikatu guztiak atxiki ziren mobilizaziora eta Bizkaiko EHNEko bozeramaile Unai Arangurenek lehen sektoreak pairatzen duen egoeraren aurrean deus ez egitea leporatu zien Bizkaiko erakundeei: «Kostuen azpitik ekoiztera eta Bizkaiko erakundeen babes ezagatik kondenatzen gaituen elikadura sistema baten ondorioz, Bizkaiko lehen sektorea krisian dagoela salatu nahi dugu». Ildo beretik, Arangurenek Elikagai Katearen Lege berritua «berehala eta modu errealean» aplika dezatela eskatu zien EAEko eta espainiar Estatuko administrazioei; izan ere, lege horrek salneurriak produkzio kostuak baino baxuagoak izatea debekatzen du. Hala ere, banaketa prozesuko enpresei ere egoera «jasanezin eta bidegabe» honen ardura egotzi zien Arangurenek. 2021ean zehar ekoizpen kostuak %30 hazi dira abereen elikagaien eta argindarraren garestitzeak eraginda. Ondorioz, abeltzainei 40-42 zentimo kostatzen zaie esne litro bat ekoiztea eta 37-38 zentimoren truke saltzen dute.