GARA Euskal Herriko egunkaria
OSAKIDETZAREN KOLAPSO EGOER

Milaka lagun kaleetan, eragile ugariren kezkaren isla

Donostian, Gasteizen eta Bilbon atzo izandako protesta jendetsuek Osakidetzaren kolapsoak eragiten duen kezka islatu zuten. Argi geratu zen ez dela sindikatu deitzaileen kontua soilik.


Milaka lagun bildu zituzten atzo Bilbon, Donostian eta Gasteizen osasun publikoaren defentsan ELA, LAB, UGT, CCOO eta SATSE sindikatuek deitutako mobilizazioek, osasun sistemak bizi duen kolapso egoeraren aurrean kaleetan gero eta agerikoagoa den kezka erakutsiz. Sindikatuek salatu zutenez, «EAEko aldi baterako laneko enpresarik handiena den» osasun zerbitzu publikoan, Lehen Mailako Arretan, profesionalen defizita «estrukturala» da aspalditik.

“Nik bai sinisten dut osasun publikoan” lelopean egindako mobilizazioek atxikimendu zerrenda zabala izan zuten. Bertan, kalitatezko arreta ezinbestean langileek lan baldintza duinak izatearekin lotuta dagoela nabarmendu zuten.

Azken egunetan hainbat zentrotan egin diren mobilizazioetan bezala, EH Bildu eta Ezker Anitza alderdiez gain, eragile ugarik bat egin zuten profesionalen protestekin. Horren erakusle, Bilboko mobilizazioaren bukaeran, sindikatuetako ordezkariek eskerrak eman zizkieten jasotako babesagatik pentsiodunen mugimenduari, auzo elkarteei, mugimendu feministari, guraso eta profesionalen elkarteei eta herrietan sortutako plataformei. Babes zabal horren isla mezu ugari utzi zituzten mobilizazioek, “Publikoa ez da saltzen, defendatzen da”, “Osasun publikoa defenda dezagun” edota “Osakidetza ez dago salgai” bezalako aldarrien bidez.

Osasun zentroetan bizi den egoeraz hitz egin zuten langileen ordezkariek. «Ez dugu profesional nahikorik eta lanean daudenak ahituta daude, baliabide gehiago behar ditugu lan taldeetan, une honetan ezin zaielako herritarren beharrei erantzun», adierazi zuten. Erantsi zutenez, herritarrek «gero eta arazo gehiago dituzte merezi dituzten eta behar dituzten zaintzak eta osasungintza eskuratzeko».

Mobilizazioek argi utzi zuten, bestalde, egungo egoera ez dela berria, ez dela izurritearen ondorio soila, baizik eta larriagotu egin den arazo estruktural baten emaitza. Horren harira, gogora ekarri zituzten Lehen Mailako Arretan 2019an eginiko lanuzteak. Orduan jada, mobilizazioak egin zituzten profesionalek osasun sistema ez zela herritarren beharrei era egokian erantzuteko gai ikusita. Nabarmendu zutenez, bi urte igaro dira, eta seigarren olatu betean, milaka kutsatzerekin, osasun sistemako arduradun politikoen erantzuna zerbitzuak murriztea izan da. Horren adibide dira sindikatuentzat aurreko olatuaren ostean kaleratutako 4.000 langileak, arakatze taldeetan izandako murrizketak, txertatzeko guneen itxiera, hainbat zentrotako ordutegietan izandako murrizketak edota «autozaintzarako» emandako irizpide berriak.

Ordezkapenik gabe

Osasun zerbitzuaren argazki kezkagarri horretan, Bilboko manifestazioan osasun mentaleko zentroetako langileek aparteko pankarta bat eraman zuten, “Diskriminaziorik ez” lelopean. Azaldu zutenez, zentro horietan lan egiteagatik ospitaleetan eta erakunde sanitario integratuetan lan egiteagatik baino %4 gutxiago kobratzen dute beharginek. Horrez gain, hainbestetan aipatzen den buruko osasunaren garrantzia gogoratuta, CCOOko ordezkariak azaldu zuen desintoxikazio kasuak edota depresio egoerak artatzen dituzten zentro horietan bajak ez direla ordezkatzen ari.

Gehitu zuenez, arduradunen aldetik «itxikeria» sumatzen dute. «Negoziatzeko orduan orain ez da unea bezalako argudioak erabiltzen dituzte, eta, gure ustez, kontrakoa da. Orain da unea herritarrak ondo artatzeko eta profesionalen beharrei erantzuteko, karrera profesionala bezalako kontuak bete gabe daudelako». Erantsi zuenez, gainera, pazienteak ernegatzen hasiak dira arreta ona jasotzen ez dutela ikusita.

Behin-behineko kontratuak

Egungo egoera deskribatzen duten hainbat datu eskaini zituzten manifestazioaren amaieran. ELAko Esther Saavedrak azaldu zuenez, Osasun Sailak egun orain dela hamar urte baino aurrekontu txikiagoa dauka, Osakidetzan 24.000 langilek behin-behineko kontratua dute (plantillaren %58) eta langile horietako 9.000k zortzi urte baino gehiagoko antzinatasuna dute.

Erabaki bat barik azken urteetan bide beretik doazen gobernu erabakiek «estrategia argi bat» erakusten dutela adierazi zuen Amaia Mayorrek (SATSE). Galdera zuzena egin zion Gotzone Sagardui Osasun sailburuari: «Nola azal daiteke lantalde guztiak indartzea inoiz baino beharrezkoagoa denean kontrakoa egitea?. Salatu zuenez, osasun publikoa egoera kritikoan dagoen bitartean aseguru pribatuen kontratazioa areagotu egin da.

Atzoko mobilizazioetan orain arte borondaterik erakutsi ez duen Exekutiboaren berehalako erantzunak exijitu zituzten. Planifikazioa eta osasunera bideratutako inbertsioak igotzea eskatu zuten, gutxienez Europako batezbestekoa den %7ra heltzeko, EAEn barne produktu gordinaren %4,9koa baita orain. Zehaztu zutenez, aurrekontuaren %25 profesionalak kontratatzera bideratu beharko litzateke. Erantzunik egon ezean mobilizazioak areagotuko dituztela iragarri zuten lau sindikatuek, eta greba deitzea ere «mahaian gainean» dagoela esan zuten.

Osasun Sailaren keinurik ez

Eider Casanovaren ustez (LAB), «mobilizazio indartsuak» beharko ditu osasun publikoaren defentsak, orain arte EAEko Osasun Sailak ez baitu mugimendurik egiteko «inongo borondaterik» erakutsi. Horren aurrean, zentroz zentro artikulatu beharko diren mobilizazioak aipatu zituen ordezkari sindikalak. «Badakigu zein den egoera animikoa, baina honek erantzun potente bat exijitzen du». Casanovaren ustez, lan baldintzez gain, beste asko ere badago jokoan herritarren ikuspuntutik, orain artatzen ari ez diren kasuak eta pandemiak utziko dituen ondorioak direla eta. «Jokoan dagoena etorkizuneko osasun sistema publikoa da», nabarmendu zuen.

Casanovak GARAri azaldu zionez, kalean dagoen kezka eta haserrea ezagututa adierazgarria da azken mahai sektorialean Osasun Sailak «ezta keinu bakar bat ere» egin ez izana. «Sentsazioa da inongo borondaterik ez dutela arazoari konponbide bat emateko», aipatu zuen LABeko ordezkariak, eta, Hezkuntza arloan sindikatuekin zabaldutako negoziazioek bizi duten egoerarekin alderatuta, osasun arloko mahaian «inolako keinurik ez» dela izan azaldu zuen.

Adinekoen egoitzen kudeaketa eztabaidagai gaur Legebiltzarrean

Ohi bezala, Gotzone Sagarduik agerraldia egingo du gaur Parlamentuko Osasun Batzordean, pandemiaren azken datuak emateko, eta litekeena da adinekoen egoitzen egoerak saioaren denboraren tarte handia hartzea, EH Bilduk auzi horren gainean galdekatuko baitu sailburua.

Egoitza horietan udazkeneko hainbat astetan lasaitasuna nagusi izan bazen ere, pandemiaren azken oldarraldiak berriro kolpatu ditu, eta olatu honi emandako erantzunak dagoeneko jaso ditu zenbait kritika. Izan ere, deigarria da gai honetan Lakuako Gobernua irudikatzen ari den irizpide falta, oso tarte motzean, bi asteko epean, egoitzen protokoloak aldatu baititu.

Alde horretatik, urte hasieran ezarritako neurriak oso zorrotzak ziren, eta, besteren artean, egoiliar asko bakartuta eta euren geletatik denbora luzez atera gabe egotea eragin zuten. Egoera horrek adinez nagusiak diren eta kasu batzuetan buru osasuneko arazoak dituzten egoiliarrengan sor ditzakeen ondorioengatik ardura adierazi dute hainbat senidek eta elkartek, eta, agian horregatik, neurriak berriro ere arindu dituzte, nahiz eta kutsatzeak orain urte hasieran baino ugariagoak izan. Ildo horretan, azken neurrien zuzentasunean sartu gabe, Exekutiboa islatzen ari den noraeza nabarmena da, eta horri buruz erantzun beharko du gaur sailburuak.I.B.