Asier AIESTARAN
ESKUBALOIA

Aspaldiko ezagunak Europako finalerdietan

Espainia-Danimarka eta Suedia-Frantzia kanporaketek erabakiko dituzte gaur igandeko bi finalistak.

Gizonezkoen Europako Eskubaloi Txapelketa azken txanpan sartuko da gaur Budapesten jokatuko diren bi finalerdiekin. Ia bi asteko borroka gogorraren ondoren (Munduko Txapelketa baino askoz intentsoagoa izaten da), Espainia-Danimarka eta Suedia-Frantzia izango dira finaleko txartelaren bila jokatuko diren bi kanporaketak.

Aurreneko finalerdian (18.00) berriz ere Espainiako eta Danimarkako selekzioak izango ditugu norgehiagoka. Halaxe gertatu zen azkeneko Munduko Txapelketan eta baita Tokioko Jokoetan ere, eta bi kasuetan daniarrak izan ziren garaile.

Gaur ere Europa iparraldeko taldea izango da faborito, txapelketa osoan itxura bikaina eman baitute: neurketa bakarra galdu dute, hain zuzen ere azken jardunaldian eta jada sailkatuta zeudela, Frantziaren aurkakoa. Mathias Gidsel eta Mikkel Hansen izar nagusiek atseden hartu zuten, eta, hala ere, gol bakarraren aldearekin galdu zuten txartela hil ala bizi jokatzen ari ziren frantziarren aurka.

Halere, Espainiako selekzioa ere kontuan hartu behar da beti. Jordi Ribera hautatzaileak behin baino gehiagotan erakutsi du bere jokalariei onena ateratzeko duen gaitasuna eta ez da ahaztu behar azken bi Europako Txapelketak irabazi dituztela. Are gehiago, gaur garaipena lortuko balute, laugarren finala lukete jarraian, orain artean inork lortu gabekoa lehiaketa honetan.

Eduardo Gurbindo nafarra tartean dela, Espainiako selekzioak dezente sufritu behar izan du finalerdietara heltzeko, bigarren fasean Norvegiaren aurka galdu eta beste bi demak gol bakarreko aldearekin irabazita: Errusiari 25-26 lehenik eta Poloniari 27-28 ondoren.

Frantziaren estuasunak

Bigarren finalerdia 20.30ean hasiko da Suedia eta Frantziaren artean. Txapelketako “ezustekoetako” bat izan da frantziarrak finalerdietara sailkatzeko hainbeste estuasunekin ikustea. Tokioko Jokoetan urrezko domina irabazi ostean, garaipenerako faborito gisa heldu ziren, baina azken unean sailkatu dira dominen borrokarako: Danimarkaren aurkako neurketa erabakigarrian 26-21 galtzen ari ziren bigarren zatian.

Hala ere, eta futbolean Italiarekin gertatu ohi den moduan, kanporaketa batean inork nahi ez duen aurkaria da Frantzia, eguna izanez gero jokalari geldiezinak dituelako. Danimarkaren aurkakoan, esaterako, Dika Mem gol bakarrarekin joan zen atsedenaldira, eta zazpi sartu zituen bigarren zatian.

Horixe ekidin nahi du Suediak, bere defentsa lanari etekina ateratzen jarraitzeko. Gol gutxien jaso duen taldea da eta garai bateko joko alaia aldatu egin dute aspaldi lortutako tituluak errepikatzen saiatzeko.

Skrzyniarz atezain poloniarra, Bidasoara

Bidasoa-Irunek datorren denboraldirako Jakub Skrzyniarz atezaina fitxatu du. 1996ko ekainaren 6an Lublin hirian jaio zen eta Poloniako selekzioarekin kategoria guztietan jokatu ostean –Europako Txapelketako aurreneko zerrendan egon zen, baina hautatzaileak azken orduan laga zuen kanpoan–, MKS Gornik Zabrze taldetik egingo du salto Irun aldera 1,89 metro eta 97 kiloko jokalari honek. Lublinen jokatzen hasi eta gero, 2014/15 denboraldian SMS Gdansk taldera joan zen, nahiz eta urtebete beranduago etxera itzuli. 2019an MKS Gornik Zabrze taldeak fitxatu zuen.GARA

Atzeratutako partida du gaur Bera Berak

Duela bi aste Zonzamas Lanzaroteko taldearen aurka atzeratutako partida gaur jokatuko du Bera Berak Kanaria uharteetan (21.00, hemengo ordutegia). Ezin irabazita jarraitzen duen azken sailkatuaren pabiloia bisitatuko du oraindik partidarik galdu ez duen Bera Bera liderrak. Hala, ezin uka daiteke faborito argia dela Imanol Alvarezen taldea. Ermuarrak ezin izan zuen bidaiatu asteburuan Saguntora covid-19an positibo eman eta bakartuta egon behar zuelako. Aste honetan batu da taldera eta gaur berak gidatuko du taldea.Ane URKIRI