Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

CVCE-The Factory, kimu berriak bultzatzeko sortu den taldea

Zortzi neska-mutil dira talde donostiarra osatzen dutenak, eta lehietan maila handia ematen ari dira. Irati Zabala da entrenatzailea.

Euskal Herrian eskalada taldeak berezko tokia hartzen ari direla ezin da ukatu. Han eta hemen proiektu berriak sortzen ari dira, eta azkena Donostiatik bertatik iritsi zaigu. CVCE-The Factory du izena eta denera zortzi neska-mutil dira: Irati Zabala (entrenatzailea), Garazi Gurrutxaga, Maddi Agirre, Intza Elizalde, Udane Mujika, Iune Lahidalga, Ane Garcia eta Hodei Galiñanes. Den-denak gazteak. Eta ia denek badakite eskalada lehiak zer diren. Horietako batzuk, gainera, EMFk duen selekzioaren ordezkariak dira.

Proiektu berri hau ezagutzeko, GARA lehenik eta behin taldearen arduradunekin harremanetan jarri da. Donostiako CVCE mendi elkarteak sail asko ditu, eta jakina, eskaladak indar handia du.

Baina kimu berriak babesteko eta indartzeko zirrikitu bat ikusi eta aukera hori aprobetxatu du. Eskalada saileko buru Sergio Martinek adierazi digu elkarteak ez duela inoiz aukerarik izan lehiaketa munduan sartzeko: «Oraingo zuzendaritzarentzat helburuetako bat izan da hasieratik. Eta bestea, eskaladaren munduan eguneratzea. Hortaz, duela bi urte The Factory rokodromoarekin hitzarmena sinatu genuen. Eta puntu bat zen urtean behin lehiaketa bat antolatzea; batez ere, lehiatzeko prest zeuden gazteei babesa emateko. Duela urte eta erdi, berriz, Hatzamarrak izenarekin entrenatzen zuten gazte batzuk babesteko aukera sortu zitzaigun. Laguntzarik gabe entrenatzen ari ziren Irati Zabalarekin. Beraz, garbi ikusi genuen CVCE-The Factory eskalada taldearen hazia izan zitekeela. Eta babesa eskaini genien».

Babesa eskaintzeaz gain, Martinek gehitu nahi izan digu jarduera hauek etorkizun luzea duten gazte gehiago erakartzen dutela, eta mendi elkartearekin loturak sortzea inbertsio polita iruditzen zaiela: «Ilusio handiarekin egiten diogu aurre. Bestalde, gure proposamena ez da emaitzetan oinarritzen, gazte hauen pasioan eta lanerako gogoan baizik. Ateak zabalik dituzte, eta, ahal den neurrian, gure baliabideak horretarako bideratuko ditugu».

Fortuna taldearekin batera, CVCE-The Factory bigarren eskalada taldea da Gipuzkoako hiriburuan. Eta aurreratu digute, beste xede batzuei bezala, honi ere benetako garrantzia ematen diotela: «Aitortza jasotzeko motibazio iturri dira lehiak; beraz, lanean ari diren gazte hauek aintzat hartzea oso garrantzitsua da. Horrek guztiak laguntzen du etorkizunean harrobi horrek emaitzak izan ditzan. Euskal lehiakide oso onak izan ditugu; agian, egun ez gaude unerik onenean; horregatik diogu harrobia landu behar dugula. Horri begira, Fortunak egiten duen lanak edo guk hasi berri dugunak izan dezakete ibilbide oparoa».

Mendi elkarteak esan digu, halaber, talde hori martxan zegoenean “esku” hartu zutela, eta helburua ez dela teknifikazio talde bat bultzatzea: «Gure lana babesa ematea da: ekonomikoa, instituzionala... Guk errespetu osoarekin egin diogu aurre proiektu honi. The Factory eskalada hormak azpiegitura jartzen du, gurasoak aurrera eta atzera dabiltza seme-alabekin babes afektiboa ematen. Eta gu aipatu dudan ekarpena ematen saiatzen gara. Bederen, oso gustura gaude egiten ari diren lanarekin eta gu ere oso ilusionatuta gaude. Emaitza oso politak erdietsi dituzte. Zalantzarik gabe, lan ederra egiten ari dira; entrenatzaile zein gazte horiek. Lan serioa eta oso zentratua».

«Talde sentimendua»

Eskalada talde horren babesleetariko bati hitza eman diogu, eta orain, aldiz, gazte horiek entrenatzen dituen Zabala izango da taldearen barruko “kontuak” azalduko dizkiguna. Oiartzuarrak esan digu gazte horietako batzuk ezagutzen zituela: «EMF-ren selekzioaren harrobian zeuden, eta selekzioan nengoenean beste batzuk lehiaketetara eraman izan ditut. Ikasketak bukatu nituenean, The Factorykoek proposamena egin zidaten gazte horiek entrenatzeko. Eta nik, atsegin handiz, baiezko erantzuna eman nien».

Lehiak eta entrenamenduak ondo ezagutzen ditu Zabalak, eta, oro har, eskaladarekin zein kirolarekin harreman estua izan du; unibertsitateko ikasketak Hezkuntza eta Kirol Fakultatean egin zituen: «Ikasketa horien gradua, adibidez, eskaladarekin lotuta zegoen. Hain zuzen ere, eskalada nola moldatu gaztetxoen ibilbidean. CVCE-The Factory taldekoak entrenatzen ditut; baita beste eskalatzaile batzuk ere».

Arestian aipatu dugunez, talde hori lehien munduari begira dago, baina Zabalak gehitu du arroka ere ez dutela baztertzen: «Beren kabuz irteerak egiten dituzte, eta horietan ere lagundu nahi diet. Finean, nire helburu nagusia errendimenduan oinarritzen da. Astean hiru egun entrenatzen dugu; ordu eta erdiko saioak izaten dira. Eta, jakina, entrenamendu horiek lehiaketetara, asteburuko irteeretara eta rokodromora bideratuta daude».

Lasai asko esan dezakegu lehen urratsak baino ez dituztela egin; hots, talde hori jaioberria da. Zoritxarrez, pandemiak bete-betean harrapatu ditu, eta lan asko baldintzatuta egon dira: «Antolatzea eta planifikatzea zaila egin zait oso. Alabaina, ateak zabaldu direnean gazte hauek ikaragarri hobetu dutela ikusi dut. Gogor eta gogotsu entrenatzen dute; motibazio ikagarria dute. Gainera, Euskal Herrian zein gure ingurumarian emaitza bikainak lortu dituzte. Oso giro ona dute, eta hori niretzat urrea da. Laguntasuna, elkarrekin planak egitea... Talde sentimendua dago! Eta horrek ni motibatzen nau. Emaitzaz haratago, uste dut asko hobetu dutela. Dena ez da arlo fisikoa, burua ere landu behar da. Adibidez, porrotak ondo hartzen ikasi dute. Adin ezberdinetakoak direnez, prozesu ezberdinak dituzte. Bakoitzak bere egokitzapena behar du. Uste dut etorkizun oparoa dutela. Baina horretarako nire helburua ez da gazte hauek estutzea; ezin ditut erre. Akats larria izango litzateke. Datozen urteotan goian ikusten ditut, egurra ematen!».

Azkenik, talde horren entrenatzaileak ez du aukerarik galdu nahi izan babesten dituzten bi eragileen lana eskertzeko: «The Factory rokodromoak gure entrenamenduetarako azpiegitura bikainak ditu. Arduradunek asko laguntzen digute. Adibidez, lehiaketetan erabiltzen diren helduleku berdinak edo antzekoak jartzen dizkigute. Beti prest daude laguntzeko. Eta CVCE-ren babesari ere berebiziko garrantzia ematen diot. Ikusi dute gazte batzuk oso motibatuta daudela, eta horien alde egitea txalotzeko modukoa da. Gainera, entrenatzen ditudan gazteek hori guztia ikusten dute, hots, babesa eta laguntza. Eta beraiek ere The Factory eta CVCEren apustua eskertu nahi dute».