EDITORIALA

Estrasburgok pitzatu duena hemendik ireki

Europako Giza Eskubideen Auzitegia 2009an Batasunaren ilegalizazioa ontzat jo zuena edo oraintxe Altsasuko gazteen auzia aztertzea baztertu duena da. Baina Estrasburgo bada 2013an «Parot doktrina» ezabatu zuena ere edo 2010etik hona tortura ez ikertzeagatik Estatu espainola dozena bat aldiz zigortu duena. Norbaiti kontraesankor egingo zaizkion erabaki horiek eta gainerako guztiak bere funtzioa eta jokamoldearen arabera irakurri behar dira: ez du beti giza eskubideen alde egiten baina prozedura aldetik Europako Giza Eskubideen Hitzarmena betetzen den ala ez epaitzea dagokio.

Ibilbide horrek eta funtzio honek indar berezia ematen diote azken epaiari: Xabier Atristainek ez zuela bidezko epai prozesua izan ontzat jo du, inkomunikazio pean atxiloturik eman zituen bost egunetan abokatua izateko eskubidea urratu zitzaiolako, bere konfiantzazkoa ukatuz eta ofizioz ezarritakoa begirale hutsa izatera murriztuz. Zulo bikoitza sortzen du epaiak, bai inkomunikazioaren araudian, bai eta Atristain bezala bidegabe zigortu dituzten euskal presoei dagokienez; eta, orriotan atzo Zigor Reizabalek azaldu bezala, ez dira gutxi, «ia guztiak baizik».

Pitzadura horretatik giza eskubideen bermea atera beharko da. Azkar ulertu dute erabakiaren garrantzia Espainia aldean, isiltasun astun batekin estali baitute albistea. «Parot auzia» gogora ekartzen badugu, gauza bera egin zuten Ines del Rioren aldeko lehen epaiaren aurrean; bidegabekeria hura amaitzeko urte eta erdi gehiago behar izan zen. Torturari erreparatzen badiogu, zigorrak pilatu arren oraindik urrun da Estatuak errealitate sistematiko hori onartuko duen eguna, inoiz iritsiko bada. «Bateragune auzia» berriz epaitu nahi izanak argi frogatzen du, azkenik, europar epaiak irensteko Madrilek duen gogo eskasa.

Legezko itxura zuen goitik beherako bidegabekotasuna betikotu nahi dute horrekin, erraz ulertzen da. Baina zinez ulertezinagoa litzateke auzi honi Euskal Herrian duen garrantzia ez ematea eta konponbidearen alde ez baliatzea, Europak orain onartu duena guztiok jakin bagenekielako.