Iraide IBARRONDO
BILBO
LAN ERREFORMAREN AURKAKO MOBILIZAZIOAK

Lan erreformaren aurka milaka lagun mobilizatu dira Hegoaldean

ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazio bateratuak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan Gobernu espainolak, CEOEk eta UGT eta CCOO sindikatuek adostutako lan akordioa arbuiatzeko. Gainera, otsailaren 2rako, erreformaren bozketaren bezperarako, elkarretaratzeak deitu dituzte lantoki guztien aurrean.

(Marisol Ramirez)

Hiru egun barru, otsailaren 3an, bozkatu behar du Espainiako Diputatuen Kongresuak espainiar Gobernuak, CEOE patronalak, UGT eta CCOO sindikatuek adostu duten lan erreforma. Hala ere, oraindik ez dago argi erreformak aurrera egingo ote duen ala ez eta, hortaz, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazio bateratuak egin zituzten atzo Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Alde batetik, manifestariek erreforma arbuiatu zuten Mariano Rajoyk hitzartutakoaren «hezurdura» aldatzen ez duela argudiatuz, eta bestetik, EAJ eta EH Bildu alderdiei eskatu zieten osteguneko bozketan ezezkoa emateko.

Horiek horrela, Hego Euskal Herritik mezu ozena helarazi zuen atzo euskal gehiengo sindikalak, EH Bildurekin eta dozenaka gizarte eragilerekin batera, milaka lagun aldarrikapen honetara batuz: erreforma honi ez.

Lau manifestazio egin ziren aldi berean: Bilbon Moyua plazatik abiatu zen, Iruñean autobus geltoki zaharretik, Donostian Alderdi Ederretik eta Gasteizen Bilbao plazatik. Guztietan bi mezu nagusi: batetik, erreforma egitasmo honek ez duela PPko Mariano Rajoyren gobernuak ezarritako lan eredua aldatzen, «hezurdura ez baitu ikutzen»; eta bestetik, espainiar markoaren ezarpena betikotu nahi duela, Euskal Herrian erabaki beharrekoa Madriletik aginduz.

«Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Hori da, gure ustez, negoziazio kolektiboan erabakitzeko esparrua izatea», nabarmendu zuten manifestariek.

Manifestari talde anitza bildu zuten mobilizazioek; langileak eta langabeak, adinekoak eta gazteak, pentsiodunen mugimendutik hasi eta zenbait gazte erakundetara helduz atxikimendu asko bildu zituztelako.

Sei sindikatu hauek jarraipena emango diete atzoko manifestazioei asteazken honetan, otsailaren 2an, Kongresuan egin beharreko bozketaren bezperan, hain zuzen ere. Sindikatuek euskal langileriari lantokietan elkarretaratzeak egiteko deia luzatu diete.

«Erreformatxoa»

Pello Igeregik, ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak, Espainiako Kongresuko mahai gainean dagoen akordioa «erreformatxoa» dela kritikatu zuen: «Onartezina da Espainiako Gobernuaren jarrera, onartezina da hobekuntzak egin nahi dituzten alderdiei hobekuntzarik egin ezin dela esatea eta onartezina da patronalaren xantaia onartzea eta komarik ere ez aldatzea aurkeztu duten lan erreformari».

Era berean, Igeregik zehaztu zuen ELAren aburuz, «ezezko botoa ematea dela jarrerarik eraginkorrena». Horrez gain, euskal alderdiei eskatu zien emandako «hitza bete» dezatela, eta Garbiñe Aranburuk, LABeko idazkari nagusiak, EAJri eta EH Bilduri galdegin zien Kongresuan «euskal herritarren ahotsa» izateko.

Aranburuk, bere aldetik, kolokan jarri zuen erreformaren aldeko sindikatuek Hego Euskal Herriko beharginak ordezkatzeko izan dezaketen zilegitasuna, CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko «langileriaren %34 bakarrik» ordezkatzen dutela argudiatuz. «CCOO eta UGT, non zaudete? Lan erreformaren aurka egotetik ekuazioaren parte izatera pasa zarete», leporatu zien LABeko idazkari nagusiak.

Euskal sindikalismoaren gehiengoak erreforma hau errefusatzeko beste arrazoi bat estatalizazioa da. Izan ere, sindikatuek salatu zuten erreformak ez diela «segurtasun juridikorik» ematen EAEn eta Nafarroan negoziatzen dituzten hitzarmen propioei.

Aranburuk azpimarratu zuen negoziazio kolektiboaren marko propioa, «izan bertokoak, izan herrialdekoak edo izan herrialde autonomikokoak, blindatu eta defendatu» beharra dagoela.

Kaleratzeak erdigunean

Kaleratzeak ere lan erreforma honen atal oso garrantzitsua dira euskal sindikatuentzat. Hori horrela, Aranburuk kaleratzeak «zaildu eta garestitu» behar direla exijitu zuen eta bai ELAk bai LABek Tubacexeko langileen borroka sindikala oroitarazi zuten, eredu gisa jarriz.

«Ez dago erreforma onartzerik baldin eta kaleratzeen araudia aldatzerik ez badago», eutsi zion Igeregik.

Izan ere, sindikatu deitzaileek gogorarazi zutenez, 2012an kaleratze objektiborako kausak «izugarri lausotu» ziren, administrazioaren kontrola «ezabatu» zen eta «tramitazio soldatak kendu» zituzten, baina «horrek guztiak bere horretan jarraitzen du».

Halaber, etxeko eta zaintzako langileak ere gogoan izan zituzten sindikatuek. Diazen gidaritzapeko erreformak ez ditu Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorraren barnean sartzen, eta, ondorioz, erreforma aurrera badoa, greba edo langabezia prestaziotik at egoten jarraituko dute. «Eskubide berriak lortzeko aukera galdu da», deitoratu zuten sindikatuek.

EAJrekin bilera

ELA eta LAB sindikatuak EAJko ordezkariekin biltzekoak dira gaur, non EAJk lan erreforma lege proiektu baten moduan tramitatzeko proposatuko dien. Bileraren inguruan galdetuta, Igeregik berretsi zuen EAJri ostegunean ‘ez’ bozkatzeko insistituko diola. «Lan erreforma hau zerotik hasi behar da negoziatzen eta lege proiektu baten bidez negoziatzeak, sinesgarritasun falta duen Gobernu honekin, ez digu segurtasunik ematen. Benetako negoziaketa bat egin nahiko balu Gobernuak, zerotik hasiko luke negoziaketa», azaldu zuen. Bestalde, Igeregik aurreratu zuen ELAk EAJri eskatuko diola «estatalizazioari garrantzia» emateaz gain, «kaleratzeei ere garrantzia» emateko.

Aranburuk, bere aldetik, mesfidantza erakutsi zuen EAJk gaurko bileran, batez ere kaleratzeen aferan, hartuko duen jarreraren inguruan: «Orain arte kaleratzeen gaiarekin EAJk erakutsi duena da lan erreforma babesten duela. Lan gatazketan Jaurlaritzak patronalaren bozeramaile jarrera hartu du, langile protestak zapuzteko errepresioa erabiliz. Guk jarrera hori ezesteko eskatuko diogu».

CEOEren barne gatazkak

Beharginak mobilizatzen ari ziren bitartean, EAJk patronalaren aurkako ezohiko adierazpenak plazaratu zituen hedabideetan.

Itxaso Atutxak, EAJren BBBko presidenteak, Radio Euskadin sostengatu zuen lan erreforma patronal espainolaren sostengurik gabe ere adostu ahalko litzatekeela: «Patronala tartean egon gabe akordio garrantzitsuak hartu dira lehenago ere, eta ez da ezer gertatu».

Andoni Ortuzarrek, EAJko presidenteak, Sanchezi patronalari «tinko eusteko» exijitu zion, eta CEOEri «gehiegikeriaz» jokatzen dabilela aurpegiratu.

«CEOEren barneko desadostasunak saihesteko, norbaitek (patronalaren barruan) akordiotik ateratzeko aitzakia perfektua nahi du, Antonio Garamendi presidentea bera bahitu dute, eta Garamendik Gobernua bahitu nahi du, eta Gobernuak Kongresua. Ez, gizona! Patronalaren barne egoera dela eta, ezin dugu sistema instituzionala hankaz gora jarri», argudiatu zuen Ortuzarrek.

 

Adierazpenak

«Onartezina da patronalaren xantaia onartzea eta komarik ere ez aldatzea aurkeztu den lan erreformari»

Pello IGEREGI
ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna

 

«Negoziazio kolektiboaren marko propioa blindatu eta defendatu behar da»

Garbiñe ARANBURU
LABeko idazkari nagusia

 

«Patronala tartean egon gabe akordio garrantzitsuak hartu dira lehenago ere, eta ez da ezer gertatu»

Itxaso ATUTXA
BBBko presidentea