GARA
REALA

Martin Zubimendi eta Aihen Muñoz prest dira etzi Betisen aurka Kopan aritzeko

Asteburuan Ligako partidarik ez da egon eta ederki etorri zaio Realari lesionatutako jokalariak berreskuratzeko. Hala, Imanol Alguacilek ia-ia talde osoa izango du prest ostegun honetan, Reale Arenan, Betis jasotzeko Kopan. Kontuan izan behar da final-laurdenetako kanporaketa partida bakarrera jokatuko dela eta, beraz, albiste bikaina dela oriotarrarentzat ia talde guztia jokatzeko moduan izatea hain hitzordu garrantzitsuan.

Klubak atzo jakinarazi zuenez, Martin Zubimendi eta Aihen Muñoz, normalean Imanolen planetan sartu ohi diren bi jokalari, ostegunean jokatzeko prest izango dira behin euren lesioak gaindituta. Zubimendi Celtaren aurkako Ligako partidan lesionatu zen. Guevara ordezkatuz zelairatu zen donostiarra, baina zoritxarrez zuntz haustura bat izan zuen eta azken bi partidak galdu ditu. Aihen Muñoz, bere aldetik, jokalari garrantzitsua izaten ari da ezker hegalean Nacho Monrealen lesioa dela-eta. Etxauriarrak Getaferen kontrako Liga partida galdu zuen hankako muskulu bikian jasotako kolpe batengatik, baina badirudi jada osatuta dagoela. Ondo etorriko zaio taldeari, nafarrak berak duela aste pare bat GARAri elkarrizketa batean aitortu zionez, konfiantzarekin baitago.

Horiek horrela, atzo gainontzeko taldeekin batera aritu ziren lanean Zubietan bai Zubimendi bai Aihen. Horrenbestez, aspalditik lesionatuta dauden Carlos Fernandez, Nacho Monreal eta Ander Barrenetxearen baja besterik ez du izango ostegunean Imanolek hasiera batean. Fernandez eta Barrenetxea, gainera, luzerako izango dira oraindik taldetik kanpo. Monrealen kasuan, espero da hil honetan hastea taldekideekin lanean behin irailean jasandako belauneko ebakuntza gaindituta.

Bestalde, Mikel Merino Kopan aritzeko prest da, behin Ligan Getaferen aurkako partidan zigorra bete ostean. Hori bai, kontuz ibili beharko du Realak ostegunean, Betis denboraldi aparta egiten ari baita. Gainera, elkarren aurka jokatutako hiru Kopa kanporaketetatik bitan kanporatu dituzte andaluziarrek donostiarrak. Aurten, gainera, Ligako lehen itzulian 4-0ko porrota jaso zuen Realak Villamarinen.

«Reala zuzenean»

Osteguneko Kopako partida 20.00etan hasiko da, eta, klubak atzo jakinarazi zuenez, “Reala zuzenean” ekimena Anoetara itzuliko da. Zehazki, irailean ekimena abiatu zuen Reala Zuzenean Band taldea izango da partida aurretik zein atsedenaldian giroa musikarekin berotzeko ardura izango duena.