GARA Euskal Herriko egunkaria
HERIOTZA-OHARRA | PELLO ZABALA

Arantzazuko Amaren zaindari eta mezulari


Arantzazuko Ama negarrez dago atzotik, berarengana joan baita, bere estalpe argira, hamar urte zituenetik santutegian bizi izan zen zaindari leiala. Pello Zabala zuen grazia, fraidea zen bokaziozkoa, abertzalea konbikzioz eta ekintzaz, eta bere bizitza betea jarraibide ederra izan da euskaltzaleentzat.

Pernando Amezketarrarekin familia lotura zeukan gatz eta piperreko pertsona alaia izan zen, komunikatzaile oparoa. Irakurle amorratua, goi ikasketetan kultua, herri jakintzan oso jantzia, hamarkadetan informazio iturri agorrezina izan zen Euskal Herriarentzat.

Bera zen bizirik geratzen diren frantziskotar fraideen artean aurpegi ezagunena. Irratiaren edo egunkariaren bidez, eguraldiaren berri ematen zion Euskal Herriari. Musika klasikoaren perlak eta naturaren sekretuak konpartitu zituen euskal jendearekin. Beti Arantzazutik, Arantzazuren izena eta izana ezagutaraziz, euskal espiritualtasunaren gotorlekuari erreferentzialtasun handia emanez.

Pello Zabala, bere ahots sarkorrarekin edo bere letra dotoreekin, sukalderaino sartzen zen euskal etxeetan, lagunkiro, goxo. Aditu beharrekoak ziren bere pronostikoak eta irakaspenak, tenporen ingurukoak izan edo konpositore handi baten sinfoniaren ingurukoak. Bere hitzek ezaguera asko transmititzen zuten. Umore onekoa eta umildade handikoa zen, pertsona soila, eta Arantzazuko eliza bezala, apaindura gutxikoa. Gogo oneko langile aparta, diziplinatua oso, fraide bizitza eraman zuen pertsona poliedrikoa izan zen: berriemailea, esataria, idazlea, konpositorea, irakaslea, meteorologoa... Jakingura gose, komunikazioa ardura eta euskara ardatz izan zituen beti.

Frantziskotarren belaunaldi bat bukatzen ari da. Arantzazu beti ezagutu dugu bere zaindariek gordea eta goratua, eta etorkizunak zer ekarriko duen ikuskizun dago. Baina Pello Zabala altxor bat izan da, ondare nazionala gordetzen zuena, kapitalizatu beharreko ondarea, memoria guztia kondentsatuz gezia urrutirago jaurtitzeko. Herri bezala horizonte eta anbizio berrietarantz, iragana irakasgai. Arantzazutik, santutegiko paretak baino harago, euskalduntasuna munduan zabal dadin eta fruitua ematen jarrai dezan.

Gauza guztien gainetik, gauza guztien artean, horixe izan delako lehenik eta behin Pello Zabala: Arantzazukoa. Lau herrialdeen erdian, Aizkorriren altzoan, Arantzazu izan dugulako, eta bera bezalakoek egin dutelako, euskal habia goxoa. Atseden hartzeko, hausnartzeko, indarrak berritzeko. Gorago eta zerutik gertuago, poetak esan zuen bezala, «zerurako bidea Arantzazutik gora» dagoelako. Arantzazuko Amarekin askotan egon zen, askotan ikusi zuen Zabalak, eta ezagutu eta ikusi zuelako ez da joan haserre. Bakean egin du zerurako bidea, ahaztu ezin den bere irribarrearekin.

Triste esnatu da gaur Euskal Herria, kolpe latza hartuta. Badirudi eguraldia ere ez dela ohikoa, zerbait falta duela, ahots bat, Arantzazutik zetorren mezulariarena. Ez da erraza izango Pello Zabalaren absentziara ohitzea. Baina dagoen tokian dagoela ere, bere umore partikularrarekin hor segituko du berak, euskaldun jendea adoretzen, Euskal Herri kultu eta justuago baten alde eragiten. Laino horien artetik, eguerdiko eguzki handiaren pean, inork eragotzi ez dezakeen euri bihurtuta.

Arantzazuko Amaren magalean har dezala betiko atsedena. Pello Zabala, gugan bego beti.