A. G.
BITCI BASKONIA

Hondoa jotzeko bidean jarraitzen du taldeak, Fuenlabradan galdu eta gero

FUENLABRADA 84

BITCI BASKONIA 70


Kopatik at geratu da Bitci Baskonia, Euroligako Top 8a tokitan geratu zaio, eta, martxa honetan, argi ibili, ACB Ligako Top 8an sailkatzeko ere lanak izango baititu talde gasteiztarrak.

Etorriko dira egun hobeak... etorriko al dira! Atzo arratsaldean Saski Baskoniak Fuenlabradaren kantxan galdu ostean hondoa jotzeko bidean jarraitzen baitu talde gasteiztarrak.

Lehen zatian lan nahiko txukuna egin zuen Neven Spahijaren taldeak, baina hirugarren laurdenean goitik behera amildu zen: 42-48 irabazten egotetik 66-49 galtzen egotera pasa zen 24-1eko partziala jasota. Orotara, 28-8koa izan zen hirugarren laurden madarikatuko partziala.

«Nahi eta ezin»

«Kantxan erakusten ari garena baino talentu gehiago daukagu. Jokalariek ongi egiten dute lan, egia esanda, nik ez dut jokalari berekoirik ikusten Baskonia honetan. Bai, aldiz, presionatuta, oso urduri, dagoen jokalari multzo bat. Taldeak nahi du, ahalegina egiten du, baina ezin du. Ikusiko dugu nola konpontzen dugun bizitzen ari garen egoera hau. Taldea sufritzen ari da, baina lanean jarraituko dugu», onartu zuen Neven Spahijak partidaren amaieran.

Atsedenaldira 38-41 aurretik iritsi zen talde gasteiztarra, baina erregulartasuna falta zitzaion jokoari; hiruko larregi bota zituen, defentsan Ristic pibota geratu ezinik aritu zen... Hala ere, aurretik amaitu zuen.

Baina 42-48 irabazten ari zela, 16-0ko partziala jaso zuen talde gasteiztarrak, Ristic, Meindl eta Samar geratu ezinik. Hori bai, aurkariaren talentua gorabehera, larriena gasteiztarrek besoak jaitsi zituztela ikustea izan zen. Partida okertu zenetik aurrera talde jokoa desagertu egin zen erabat, eta, behin talde jokoa desagertuta, hondamendia ezin izan zuten saihestu. Non ote dago Baskoniaren erremedioa?