Ane URKIRI ANSOLA
BINAKAKO TXAPELKETA

Irribarria eta Rezustaren erauntsia

Bikote gipuzkoarrak airean ibili ditu Jaka eta Mariezkurrena Eibarren. Ohartu orduko, 0-10 aurreratu eta partida puskatu dute urdinek.

JAKA-MARIEZK. II 14

IRRIBARRIA-REZUSTA 22


«Gozatzen gabiltza». Egia borobila esan zuen Iker Irribarriak partida bukatu bezain laster. Laugarren garaipena jarraian poltsikoratu zuen bikote gipuzkoarrak –zortzigarrena orotara, sailkapeneko lider jarraitzeko, Laso-Imaz eta Altuna III.a-Martijarekin berdinduta– eta ez zuen nolanahi lortu, arerioak hankapean ibilita baizik. Hasi eta buka nagusi izan ziren urdinak atzo Eibarko Astelenan, «abiadurarekin eta agintzen», Rezustak ondo laburtu bezala. Noski, partidu hasierako 0-10eko partziala ere lagun izan zuten, gorriak ez baitzuten inoiz gainetik kendu deserosotasun sentsazioa. 

Atzean asko sufritu zuen Mariezkurrenak; sei pilota galdu zituen eta hori gutxi ez eta urdinek, orotara, beste zazpi tanto ere egin zituzten atzean. Guztiak batuta, 13 tanto. Oso indartsu daude uneotan Irribarria eta Rezusta. Aramarrak pare bat pilotakada izugarri bidali zituen atzeko marretaraino, horietariko bat errebotera, eta Rezustak, agindu eta jo ez ezik, errestoan ere segurtasuna erakutsi zuen, Mariezkurrenak ez bezala. Nolanahi ere, Baikoko atzelariak izan zuen dotoreziarako tarterik ere, aurrean bi tanto eder eginda. Ordurako jada berandu zen.

Lehendabiziko atsedenaldi luzera 2-12ko markagailuarekin iritsi zen partida, erabat puskatuta. Bueltan, erreakzioa bilatu zuten gorriek eta 6-4ko partzialarekin hurbildu ere egin ziren nolabait. Baina ez gehiegi. Jakak bi tanto polit egin zituen –bat gantxoz–, Irribarriak eta Rezustak ere huts egin zuten –pertsonak dira, jakina–, baina partida estutzeko gorrien baliabide eskasia nabaria izan zen une oro.

Atzelari bergararrak pilota bakarra huts egin zuen, 4-14ko markagailuarekin, Irribarriak sake bat luzeegi atera eta segituan. Gorriak, baina, ez ziren gai izan tantoak segidan pilatzeko eta horrek urdinak urduri jartzea saihestu zuen. Txapelketa osoan gorriak erakusten ari diren irregulartasuna atzokoan ere islatu zen, alegia.

Gainera, 10-19ko markagailuarekin, Mariezkurrenak orkatila mindu zuen eta aldageletatik bueltan are urdinagoa bilakatu zen partida, segituan iritsi baitziren 22. tantoa egitera.

Goiko postuak, oso parekatuta

Gaur hamabigarren jardunaldia osatu zain, goiko postuak oso parekatuta daude. Irribarria-Rezustak legez, Laso-Imaz eta Altuna III.-Martija bikoteek ere zortzina garaipen dituzte. Garaipen kopuru bera lortu dezake gaur Elezkano-Zabaleta bikoteak, Peña-Albisu mendean hartuz gero. Beheko postuetan, berriz, gauzak asko zaildu zaizkie Jaka eta Mariezkurrenari, oraindik play-offetan izaterik badute ere. Gaizkixeago daude Ezkurdia eta Tolosa, soilik hiru garaipenekin.