GARA Euskal Herriko egunkaria

Porrot egin du Azkarraga eta Sortu kriminalizatzeko Guardia Zibilaren saioak


Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak Espetxe Zuzendaritzarekin izandako komunikazioak filtratu ditu Guardia Zibilak. Elkarrizketa horietatik euskal presoei «mesede tratua» eman zaiela eman nahi izan du aditzera, baina porrot egin du: Fiskaltzak ukatu egin du deliturik dagoenik.

Duela sei hilabete Auzitegi Nazionalera bidalitako txosten bat eskuineko hedabide espainiarretara bideratu du orain Guardia Zibilak, Sortu kriminalizatzeko beste ahalegin batean. Txosten horrek Azkarraga ere jopuntuan jartzen du oraingoan, Espainiako Espetxe Zuzendaritzarekin izandako harreman batzuen berri emanez. Sareko eledunak zenbait euskal presorentzako gestioak egin dituela eta espetxe mugimenduei buruzko informazioa lehentasunez jaso duela iradoki du ultraeskuin espainiarrak. Eta horren gainetik preso horiek «mesede tratua» izaten dutela eman nahi du aditzera filtrazioak, egunerokoak kontrakoa adierazten duen arren. Jon Cresporen inguruko berria [alboan] da horren adibide.

Harreman horiek, baina, ez dute delitu zantzurik, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berak ebatzi duenez. Espetxe Zuzendaritzak, halaber, argitu du bere lan-jardunean eragile askorekin mantentzen dituela harremanak, baina bilera horiek ez dietela espetxe onurarik ekartzen presoei.

«Legearen esparruan»

Isabel Rodriguez Gobernu espainoleko bozeramaileak ere agertu du «legearen esparrua» betetzen dutela harreman horiek, egia izatekotan, eta Espetxe Zuzendaritzaren ohiko jardunaren parte direla.

Filtrazio horrek lotura zuzena dauka errepresaliatuei egindako ongietorrien harira Auzitegi Nazionalak bere garaian ireki zuen sumarioarekin. Prozesu horren baitan, 2020ko urtarrilean atxilotu zuten Antton Lopez Ruiz, Sortuko Presoen Batzordeko bozeramailea, beste bi pertsonarekin batera, eta ordu gutxira libre utzi.

Ordu horietan, baina, Guardia Zibilak Lopez Ruizen telefono mugikorra hartu zuen, eta, betiere filtrazio horien arabera, Joseba Azkarraga Lakuako Gobernuko Justizia sailburu ohiarekin dituen Whatsapp bidezko elkarrizketak behatu zituen. Elkarrizketa horietan, Angel Luis Ortiz Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiarekin euskal preso politikoen egoeraren inguruan izandako elkarrizketen berri ematen omen zion Azkarragak Lopez Ruizi.

Normaltasunaren barruan sartu beharko liratekeen balizko kontaktuok kriminalizatu nahian dabiltza, ordea, Guardia Zibila eta bertsio hori puztu duten hedabideak. Alderdi eskuindar eta ultraeskuindar espainolek (PP, Vox eta Cuidadanos) euskal presoei «mesede tratua» eman zaiela ondorioztatu nahi izan dute eta azalpenak eskatu dituzte hori aitzakiatzat hartuta.

Ongietorriekin bueltaka

Ongietorrien aurkako sumariotik tiraka eta tiraka ari da Guardia Zibila. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) harrerak modu pribatu eta diskretuan egitearen aldeko jarrera hartu badu ere (eta publikoki agertu), irekita segitzen du ikerketa horrek.

Erasoa zabalagoa da, baina. Horren adibide gisa, pasa den urteko irailean Auzitegi Nazionalak “Kalera info” aldizkaria eta Kalerakalera.eus agerkari digitala «berehala» ixtea erabaki zuen.