Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Pavitra Vandenhoven, izar handia paraeskaladaren munduan

Hankarik gabe Indian jaio zen 22 urteko belgikarrak iazko Munduko Kopa zein Txapelketa irabazi zituen.

Eskaladaren munduan izar asko daude: arrokan zein lehiaketetan. Azken atal horri dagokionez, paraeskalada gero eta oihartzun handiagoa izaten ari da. Herrialde askotan zein nazioarte mailan hitzorduak antolatzen ari dira. Munduko Kopak zein Txapelketak eskalatzaile indartsuenak baloratzen ditu, eta Pavitra Vandenhovenek leku propioa hartu du. Izan ere, bere kategorian erregina bihurtu da. Bai, iazko kopa eta txapelketa irabazi zituen.

Egun, 22 urte ditu. Berez Indian jaioa da, baina bost urterekin familia belgikar batek adoptatu zuen. Irudietan ikusten den bezala, ez du hankarik. Eta horrez gain, ezker eskuan lau hatz ditu; horietako bi elkartuta. Esan dugun bezala, Indian sortu zen, eta, jaio bezain pronto, Kalkutako umezurtz-etxe batean utzi zuten. Baina, aurreratu dugun bezala, bost urterekin Vandenhoven familiak alabatzat hartu zuen. Paul Vandenhoven aita da; ama, berriz, Christel Van de Voorde.

Eskalatzailearen amak ondo baino hobeto gogoratzen du alabak etxean egin zuen lehen gaua: «Sehaskan sartu eta bat-batean nire logelan ikusi nuen. Bere atzamar txikiekin sehaskaren baranda hartu eta arrastaka niregana heldu zen. Ezusteko handia hartu nuen, edozertarako laguntza behar zuelako. Sehaskatik ihes egin zuen! Ni eskalatzailea naiz, eta neure buruari esan nion agian egunen batean nire sokakidea bihurtzeko aukera izango zuela».

Adopzioaren lehen etapa ez zen batere erosoa izan haurrarentzat. Kalkutako umezurtz-etxean egoera egonkorrean bizi omen zen, baina ondoren, Belgikan, kosta egin zitzaion egoera berrira egokitzea. Ama eta aita jasotzen dituen kontzeptu hori ez zuen ezagutzen, eta, gainera, hizkuntzarengatik ezin zuen senitartekoekin komunikatu.

Alabaina, familia belgikarrak bazuen eskarmenturik adopzio arloan. Hots, Pavitra iritsi baino lehen, beste bi haur indiar jaso zituzten etxean: «Pavitraren argazki batzuk ikusi nituen, desgaituekin lan egiten duen elkarte baten bitartez. Haren bila joan ginen. Oso urduri nengoen, eta Pavitra ere bai. Alde batera eta bestera zebilen, aulki baten atzetik espiatzen. Eta ezer esan gabe, hurbildu egin zitzaidan. Une horretan barneratu nuen den-dena ondo joango zela».

Urteek aurrera egin ahala, Pavitraren eta bere amaren arteko lotura erabat sendotu zen. Ama eskalatzailea denez, bere aisialdia alabarekin partekatzen hasi zen.

Pavitrak berak onartu du eskaladak erabat harrapatu zuela: «Oso txikitatik edozein gauza igotzen ibiltzen nintzen. Ama eskalatzen ikusi eta neure buruari esan nion probatu behar nuela. Zazpi urterekin rokodromo batera joan nintzen, eta nire energiak askatzeko irtenbide oso egokia izan zen. Hastapenetan, ama oso arduratuta zegoen arnes arrunt bat erabiltzen nuelako. Horren ondorioz, Alemanian arnes berezi bat egin arte, etenaldia izan nuen. Berri bat jaso nuenean, asko aurreratu nuen. Ez nuen nahi gurpil-aulki batean eserita egon, eta rokodromoan saiatzen nintzen gogor estutzen. Nire gorputzaren goiko atalarekin konfiantza hartu nuen, eta urrun dauden heldulekuetara iristeko kulunkatzen nintzen. Teknika hori segituan menderatu nuen».

Borroka handiak

Oso denbora gutxian, Pavitra indartsu jarri zen eta, hamar urterekin, lehia batean parte hartu zuen: «Paraeskaladako lehiakide bakarra nintzen, eta bertaratu ziren ikusleek asko animatu ninduten; izan ere, eskalatzaile desgaitu bat ikusten zuten lehen aldia zuten. Ondoren, Belgikan sona handia duen Anak Verhoeven eskalatzailearen aitak esan zigun ea lehiatzen jarraitu nahi nuen. Eta gurasoek eta nik baiezkoa eman genion. Asmo horrekin ez nengoen oso seguru, besteak beste, nire helburua ez zelako hitzordu bat irabaztea, baizik eta jendea inspiratzea. Baina jakin-min horrek harrapatu eta entrenatzen eta lehiatzen jarraitu nuen».

Entrenamenduak biderkatu egin zitzaizkion. Baina egun batzuetan rokodromora joan ordez, besoak indartzeko, igerileku batera joaten hasi zen. Pixkaka bada ere, gurpil-aulkia alde batera utzi eta urratsak eskuak lagunduta egiten hasi zen. Sasoiko jartzeaz gain, Pavitraren aitak lehiak eskatzen duen egoera ondo kudeatzen lagundu zion. Antolatutako hitzorduak irabazten hasi zen, eta horrela Europako beste hitzordu batzuetara joateko txartela eskuratu zuen.

2013. urtetik aurrera, parte hartu zuen lehia guztiak irabazi zituen: etxekoak zein nazioartekoak. Azken garaipen azpimarragarrienak iazko Munduko Kopa eta Txapalketa izan dira. Pozarren dago lortutako emaitza horiekin, baita oso ilusionatuta ere 2024. urtean jokatuko diren Paraolinpiar Jokoekin: «Amets handi bat da. Zoritxarrez, federazioak laguntza gutxi ematen digu; batez ere, diru kontuetan. Horrekin esan nahi dut gurasoak nire ibilbide osoa finantzatzen ari direla. Nazioarteko lehietara joatea oso garestia da, eta saiatzen ari gara babesle bat lortzen. Frantzia, Eskozia, Errusia... herrialde askotan lehiatu naiz, eta horietako batzuk etxetik oso urruti daude. Hala eta guztiz ere, gurasoak prest daude ahal duten guztia egiteko».

Eskaladatzeaz eta lehiatzeaz gain, Pavitrak Indiara itzultzeko gogo handia duela dio; batez ere, bere herrialdea bisitatu eta hindi hizkuntzaren oinarriak sendotzeko: «Niretzat oso garrantzitzuak dira sustraiak, eta horregatik bisitatu nahi dut nire herrialdea. Adoptatua naiz, nire azal kolorea beltzarana da eta desgaitua naiz. Urteetan, barne borroka asko izan ditut. Baina eskaladak erakutsi dit neure buruan erabateko konfiantza eta segurtasuna izaten. Fisikoki zein mentalki askoz ere indartsuagoa naiz. Hitz batean esateko, neure buruarekiko bakea lortzeko lagundu dit. Ea beste batzuk nik bizi dudana sentitzeko gai diren. Eta, gainera, desgaituen komunitatea eskaladara hurbiltzen saiatuko naiz. Horretan inspiratzeko aukera badut, bada nire helburu nagusia lortuko dut».