GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Mataza askatzeko mapa

Irribarria-Rezusta, Altuna-Martija eta Ezkurdia-Tolosa dira irabazita helburua beteko luketen bikoteak.


Binakakoaren aurkezpen egunean enpresetako ordezkariek «berdintasunaren» eta «orekaren» txapelketa aurkeztu zutenean, eurek ere ez zuten esperoko, 13 aste igarota, aurrera egiteko aukerarik gabeko bikoterik ez izatea eta lehen fase honetako azken jardunaldiko partida guztiek berebiziko garrantzia izatea. Alde horretatik, aitzakiarik gabeko lehiaketa antolatu dutela onartu behar, nahiz eta azken urteetako joerari eutsiz Aspek nagusitasuna izaten jarraitzen duen. Momentuz, finalerdietara zuzenean joango diren bi bikoteak eurenak izango dira eta kanporatuta geratzen diren biak Baikokoak izatea ere oso da posible. Azter ditzagun azken jardunaldi zirraragarri honetako aukerak:

Jokin Altuna - Julen Martija

Elezkano eta Zabaletari jokatutako bi partidak irabazita, gauzak argien dituen bikotea da. Finalerdietan izango dira, igandean Eibarren Laso-Imazi irabazteko gai badira. Are gehiago, partida hori jokatu aurretik ere sailkatuta izango dira egungo txapeldunek ostiralean Azkoitian galduko balute.

Iker Irribarria - Beñat Rezusta

2017ko txapeldunek ere euren esku dute zuzeneko finalerdietarako txartela eskuratzea. Horretarako biderik motzena larunbatean Peña-Albisuri irabaztea litzateke. Galduz gero, bada beste zeharkako bide bat ere; horretarako, Elezkano eta Zabaletak euren partida irabazi beharko lukete eta Altuna-Martijak eurena galdu, betiere 22-1eko emaitzarekin ez bada.

Danel Elezkano - Jose Javier Zabaleta

Aste askotan erabat agindu duten arren, azken jardunaldi honetara besteen emaitzei begira daudela heldu dira. Finalerdietan sartzeko Jaka-Mariezkurrenari Azkoitian irabazi behar diete, eta gero, Irribarria-Rezustak edo Altuna-Martijak euren partida galtzea.

Unai Laso - Ander Imaz

Igandeko Tafallako porrotak min handia egin die eta ia ezinezkoa dute zuzenean aurrera egitea. Igandeko Eibarko partidan Altuna eta Martijari 22-1 irabazi beharra dute –lesiorik izan ezean, ezinezkoa dirudi horrek– eta, gainera, Irribarria-Rezustak eurena galtzea eta Elezkano-Zabaletak eurena irabaztea. Handiak ikusiak gaude, baina horren handiak…

Jon Ander Peña - Jon Ander Albisu

Euren bidea zein den argi duen bikote bakarra da iazko txapeldunordeena. Play-offa jokatu beharko dute eta euren zalantza bakarra kanporaketa hori Donostian (hilaren 25ean hirugarren sailkatuen aurka) edo Gasteizen (hilaren 27an laugarrenen aurka) jokatuko ote duten da.

Joseba Ezkurdia - Xabi Tolosa

Txapelketa osoa sailkapenaren zuloan eman eta gero, euren eskura dute play-offa jokatzea eta horretarako baldintza bakarra bete behar dute, larunbatean Zallan Urrutikoetxea-Aranguren aurkari zuzenei irabaztea. Bolada kontrajarrian datozen bi bikoteen arteko dema izango da.

Erik Jaka - Jon Mariezkurrena

Gauzak beltzen dituen bikotea da. Aurrera egiteko hiru baldintza hauek bete beharko lirateke; ostiralean Elezkano-Zabaletari irabaztea, Urrutikoetxea-Arangurenek Ezkurdia-Tolosari irabaztea eta Peña-Albisu Irribarria-Rezustari gailentzea. Hiruretako bat betetzen ez bada, kanpoan daude.

Mikel Urrutikoetxea - Aitor Aranguren

Zaratamokoak eta aginarrak ere ez dituzte gauzak euren esku, baina gutxienez bi dira txartela emango liekeen konbinazioak. Bietan Ezkurdia-Tolosari irabaztea ezinbesteko faktorea da. Lehen aukeran, aurrera egiteko Jaka-Mariezkurrenak euren partida galtzea aski lukete. Hala ez balitz, hau da, euren enpresa-kideek Elezkano-Zabaletari Gurea pilotalekuan irabaziko baliete, Peña II.a-Albisuk Irribarria-Rezustaren aurka galtzea beharko lukete sartzeko. Bigarren aukeran, Jaka-Mariezkurrenak Azkoitian galdu behar dute, eta gero, Irribarria-Rezustak edo Altuna-Martijak euren partida galdu.