Pello Igeregi eta Joseba Villarreal
ELA
KOLABORAZIOA

Europako funtsekin otzan eta ELArekin ausart

Azken urtean Pello Otxandianok (EH Bildu) bitan idatzi du ELAri buruz: Europako Funtsak onartzeko beharra justifikatzeko eta lan erreformaren kontura. Orain urtebete ELAk ozen esan zuen Europako Funtsei ezezkoa eman behar zitzaiela, multinazional handiei dirua emateko mekanismoa zelako eta Estatuko politika baldintzatua egongo zelako. Orduan, ELAk kezka azaldu zuen baldintza horiek pentsioen eta lan-erreforman izan zezaketen eraginarekin.

Pello Otxandianok Europako Funtsak onartzearen alde egin zuen; «elite neoliberalei ere ez zaie komeni bizitzaren oinarri materialak suntsitzea [...]. Funtsak baldintzekin etorriko dira? Bada, eraikitzen dugun indar–harremanaren arabera». Horrekin koherente, EH Bilduk Europako funtsak jasotzearen alde egin zuen Kongresuan; bere botoak ezinbestekoak izan ziren funts horiek onartzeko.

Eta, hara! Urtebete geroago Otxandianok ez du ulertzen nolatan ELA aritu den EH Bildu presionatzen pentsioen murrizketen aurka eta lan erreformaren harira: «Lan erreforma estatu auzia da –idatzi du Otxandianok–, eta EH Bilduren presio gaitasuna ezerezetik hurbila da», eta «hauxe da Espainian posible den lan erreformarik onena». Gutxi balitz bezala, orain aitortzen du «Funtsen ordainetan lan merkatuaren erreforma adostua exijitu zaiola Espainiari». Ez ote zuen Otxandianok esan Europako funtsak jasotzearen baldintzak eztabaidagarriak zirela?

Artikulua errematatzeko hau dio: «UGT, CCOO eta Podemos presionatzeko dinamika soziosindikal bat plantea zezakeen». Hau da elementurik harrigarriena. Abenduaren 28an, ELA eta EH Bilduko kide batzuk (Peio Otxandiano barne) bildu ziren eta ELAk ezagutzera eman zuen LABi egindako proposamena: kaleratzeen eta estatalizazioaren aferak konpondu ezean, ELAk greba orokorra egitea planteatu zion LABi (betiere, Kongresuan bozkatu aurretik). Hau da, ondoren lan erreforma ezagututa, ELAren esku izan balitz gehiengo sindikalak otsailaren 3a baino lehen greba orokorra deitua izango zuen.

Pello Otxandiano horren jakitun zen hilabete geroago ELA presionatzeko dinamika soziosindikal bat ez proposatzearen erantzule egin izan duenean.

ELAk proposatu zuen greba orokorra Kongresuaren emaitzan eragiteko; alderdi abertzaleen jarrera bermatzeko; eta azken finean, Madrilen mugak eta Euskal Herrian bestelako eredu bat eraiki daitekeela erakusteko. Hori jakinda, Pello Otxandianok ez du inongo arazorik izan ELA mobilizaziorik ezaren erantzule bihurtzeko.

Europako Funtsekin gertatutakoa ikusita, ELAk ondo aukeratu zuen erreformei begirako leloa: «Ez gaitzazue Madrilen saldu», alderdi abertzaleen botoen garrantzia azpimarratzeko. «Espainian posible ez dena –idatzi du Otxandianok– Euskal Herrian posible egitea behar du subiranismoaren ikusmirak». Hori da ELAk 2012ko lan erreformaren aurka lantokietan egin duena, sarritan bakarrik, eta subiranotasuna edo independentzia langile klasearen bizi-baldintza materialak hobetzeko proposamen zehatzen bitartez. Baina hori Madrili kendu beharko diogu, ala subiranotasuna nori irabaziko diogu ba? Lastima, Espainiaren eredu ekonomiko eta lurralde ereduaren kontraesan guztiak ezin argiago azaldu zitezkeen unean, erantzunari muzin egin izana eta greba orokor horrek klase ikuspegitik eta ikuspegi independentista batetik zuen potentzial guztia galtzen utzi izana.