Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
IPAR EUSKAL HERRIAN LIBRE BIZITZEKO ESKUBIDEA

Erregularizazio bidea hobetsi du Baionako fiskalak Oaren kasuan

Oier Oaren defentsa baikor da atzo Baionan eginiko epaiketaren ostean. Izan ere, lurralde debekua altxatzeko prozeduraren auzian preso ohia Parisko Kasazio Gortearen ebazpenaren zain dagoen bitartean, Baionan, erregularizazio bidea babesteaz gain, Oaren aurkako zigor eskaera txikitu zuen atzo fiskalak. Deliberoa martxoaren 15ean jakingo da.

Baionako Auzitegiak heldu den martxoaren 15ean emanen du jakitera Oier Oaren aurkako epaiketako epaia. Estatu frantsesean bizitzeko debekua hautsi izana eta Fijait fitxategiaren betekizunak urratu izana leporatuta, atzo arratsaldean epaitu zuten donostiarra.

Saioaren ostean aski baikor agertu zen Amaia Rekarte abokatua. Alde batetik, Fiskaltzak hasiera batean eginiko Oaren aurkako eskaera txikitu zuelako. Frantses Poliziak donostiarra 2020an atzeman ondoren, urtebeteko kartzela zigorra –betetzeko beharrik gabe– proposatu zuen prokuradoreak. Aldiz, eskaintza errefusatu zuen preso ohiak eta horrek zabaldu zuen hain justu bere aurkako auzibidea. Atzo, ordea, fiskalak 600 euroko isuna eskatu zuen Oaren aurka. Bestalde, Ministerio Publikoak preso ohiaren egoera erregularizatzeko beharra azpimarratu zuen epaiketan zehar.

Oak auzitegian azaldu zuenez, Ipar Euskal Herrira bizitzera joateko erabakiaren arrazoia bere familiaren aldeko hautua egitea izan zen, «ez legearen aurka jotzeko nahia». Donostiarra errugabetzea eskatu zuen bere defentsak, hain zuzen, «egoera familiarra eta soziala uztartuz aterabide orekatua atzemateko premia» nabarmenduta.

Jujeak auzia gibelatzeko aukera baztertu bazuen ere, Larresoron bizi den hezitzailearen aurkako zigor eskaera gelditzeko aukera ikusten du Rekartek. Edo, kasurik txarrenean, Oak zigor arina jasotzekoa. Ez zuen baztertu, ordea, epaileak Oa erruduntzat jo arren zigorrari buruz erabakia gerorako uztea. Edozein kasutan, abokatuak «bestelako giroa» sumatu zuen epaiketan. Epailearen aurrean Parisko Dei Auzitegian bizitako «egoera bortitza» salatu zuen. Iragan azaroaren 8an, lurralde debekua altxatzea galdetzeko Rekartek aurkeztu zuen hirugarren helegitearen aurrean jarrera «erabat hertsia» azaldu zuen terrorismoaren aurkako fiskalak. Are, «lan kontratua eta alokairuaren agiriak aurkeztuta ere, Oier Oa Zugarramurdin bizi dela zalantzan eman zuen fiskalak». Ildo beretik, epaitegiak lurralde debekua atxiki zuen.

«Ez dugu amore emanen»

Martxoaren 15ean Baionan ezagutuko den erabakiak ez dio seguruenik aipaturiko ebazpen horren aurka Kasazio Gortean jarritako helegiteari eragingo. Izan ere, testuinguru berria aintzat harturik, eta «Oa familiaren onura kontuan hartuz», epaitegiak malgutasunez jokatu balu, horrek aukerak zabalduko lituzke «helegite berria prestatzeko».

Oari 2014an jakinarazi zioten behin betiko lurralde debekua altxatzeko ahalegina «bururaino» eramateko nahia baieztatu zuen atzo defentsak. Ildo horretan, «Oier bakean utzi arte ez dugu amore emanen» abestu zuten Etxepare lizeoko ikasle eta irakasleek auzitegiaren aurrean. Lizeoko langilea da Oa eta ikasleek, dozenako herritarren sostenguarekin, «justizia egoera berrira egokitzea» exijitu zuten.