GARA Euskal Herriko egunkaria
AIZKORA

Vicenteren eta Larrañagaren arteko apustua, apirilaren 2an, Tolosan


Aizkorak badu bere hurrengo buruz burukoa. Iker Vicente eta Mikel Larrañaga apirilaren 2an, 18.30ean, Tolosako zezen plazan ariko dira aurrez aurre. Bakoitzak 7.000 euro jarriko ditu eta, egin beharreko lana, hemezortzi enbor zeinek lehenago erdibitu: seina oinbiko eta hamabina kanaerdiko, horietatik hamar Vicentek jarriak. Trabesaren background-a ez da ahaztu behar, abenduaren 31n desafioa jaurti baitzuen Larrañagak. Urtarrilaren 5ean Tolosako Kantabriko erretegian bat egin zuten biek, kirola eta trabesak egosten diren txoko mitikoan, 19.30ean. Bertan erabaki zuten apustua aurrera aterako zela, baina noiz jokatu itxi gabe: apirilaren 2an edo 9an, bietako bat.

Zurrumurru ugari izan badira ere, aizkora apustu zaleek arnasa sakon har dezakete azkenean, batere gabe gelditzeko beldurrik ez dago-eta, Otsagikoak eta Azpeitikoak tratua ixtea lortu baitute asteon. Esan behar da, uneotan, aizkora munduko bi izar nagusiak direla bata eta bestea. Horren erakusle, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusian, Iker Vicente izan zen txapelduna Mikel Larrañagaren aurretik. 2019ko Euskal Herriko txapelketan ere ordena berean sailkatu baziren ere, ez da ahaztu behar Urrezko Kopan, hamabi kanaerdikotara, gipuzkoarra nagusitu zela.

Txapelketetan ez ezik, trabesetan ere badute eskarmentua biek ala biek. Hala, Eneko Otañori aizkora apustua irabazi zion Larrañagak, eta Vicentek, proba misto batean, Alex Txikon gainditzea lortu zuen.

Txapelketa Nagusian aurreneko bi postuetan amaitutakoen arteko azkeneko dema 1998an izan zen. Olasagasti eta Larretxea lehiatu ziren orduan.