Dabid LAZKANOITURBURU
K

Gaddafik oinordetzan utzitako hutsunea ezin du bete Libiak 11 urte eta gero

Duela 11 urte hasi zen matxinadak Muammar Gaddafi koronelaren erregimena suntsitu zuenetik bi gerra zibil eta bederatzi gobernu ezagutu ditu Libiak. Eta, presidentetzarako hauteskundeen faltan, bi lehen ministro ditu gaur egun. Batek herrialdeko mendebaldearen babesa du (Tripolitania), eta bestea ekialdeak (Bengazi-Tobruk) izendatu du.

Muammar Gaddafi koronela boteretik bota zuen matxinadaren 11. urteurrena bete berri, krisi politiko larria pairatzen ari da Libia. Are, Afrikako iparraldeko herrialdeko ekialdearen eta mendebaldearen arteko gerra itzuliko ote den beldurra nagusitzen ari da.

“Udaberri arabiarra” akuilu, 2011ko otsailaren 17an hasi zen Libian Muammar Gaddafi koronelaren aurkako matxinada. Misrata portu-hiria, Tripolitanian (mendebaldea), eta Bengasi, Zirenaikako (ekialdea) hiriburua, izan ziren matxinadaren gotorlekuak.

Tripolitik matxinoak suntsituko zituela iragarri zuen Libiako liderrak, baina, Mendebaldeak, batez ere Frantziak eta atzeko lerrotik AEBek, Gaddafiren eraso militarra geldiarazi eta matxinada sostengatu zuten, erregimenaren heriotza bultzatuz. Hilabete gutxi batzuetara, 2011ko urriaren 20an, Gaddafi eta bere familia atzeman zituen Armada frantsesak Sirteko bere gotorlekuan ihesean zela. Matxinoek torturatu eta lintxatu egin zuten Gaddafi, baita bere seme zaharrena ere.

Bada, 11 urteren bueltan, bi aginte daude gaur egun Libian. Batetik, Tripoliko “Batasunerako” eta Trantsiziorako Gobernua. Bestetik, Tobrukeko oasi-hirian (ekialdea) erbesteratuta dagoen Ordezkarien Ganbara.

Eta hori gutxi balitz, otsailaren 10etik bi lehen ministro daude Tripoli hiriburuan, iazko abenduaren 25erako iragarri ziren hauteskundeek porrot egin ondoren. Tobrukeko Parlamentuak Fathi Bachagha Barne ministro ohia izendatu zuen lehen ministro karguan, Abdelhamid Dbeibah Tripoliko gobernu-burua ordezkatzeko.

Paradoxikoki, biak Misratakoak dira, matxinadaren gotorlekua izan zen portu-hiri otomandarrekoak. Dbeibah Gaddafiren aroan negozioak eginez aberastu zen oligarka da. Bachaghari dagokionez, berriz, herrialdearen mendebaldean oso ezaguna den politikaria da, baina, azkenean egin ez ziren abenduko presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu ondoren, Bengazira joan zen, eta, «adiskidetze nazionalaren» izenean, ekialdeko agintariarekin bildu zen, bere garaian Gaddafiren erregimenean Armadako goi-agintaria izan zen Halifa Haftar mariskalarekin zehazki. Bi lehen ministroen arteko lehiak libiarren arteko gerra zibila suspertu dezakeen beldur dira asko.

Afrikako iparraldeko herrialdeak hondoa jo du Gaddafiren heriotzaren ondoren. Koronelak mendebaldearen eta ekialdearen arteko tirabirak kontrolpean zituen tribuak elkarren artean lehian jarriz eta bere aginte gordinarekin. Gainera, azken 11 urteotan trantsizio politikoa ez da hasi ere egin: Libiak bederatzi gobernu eta bi gerra zibil izan ditu, eta ez da gai izan presidentetzarako hauteskunde bakar bat bera ere egiteko. Kanpoko herrialdeen, batez ere Errusiarena eta Turkiarena baina ez bakarrik, eragina nabaria da eta krisi ekonomikoa eta segurtasun falta izugarriak dira 7 milioi biztanle baino ez dituen eta petrolio-itsaso baten gainean kokatuta dagoen herrialdean. Nahikoa eta sobra petrolio populazioa aise bizitzeko.

Tentsioak gora egin du azken garaian eta Misratako miliziak Tripolira abiatu dira Abdelhamid Dbeibahri babesa adierazteko. Lehen ministro horrek atentatu saiakera pairatu zuen aurreko astean eta Haftarren alde egiten duten miliziei egotzi die erantzukizuna.

2020. urte bukaeran su eten bat iragarri zuten bi aldeek ekialdeko mariskalek Tripoli hiriburua berenganatzeko asmoan porrot egin ostean. Arabiar Emirerri Batuen eta Errusiaren babes militarra zuten, baina aurrean zituzten Tripoliko eta Misratako miliziek Turkiaren laguntza jaso zuten.

Su etenaren ondoren bake prozesu bat eta elkarrizketa politikoak martxan jarri ziren. Testuinguru horretan trantsiziorako gobernu berria eratu zen, Dbeibahren agintaritzapean. Helburua instituzioak batzea eta iazko abenduan presidentetzarako hauteskundeak zein hauteskunde legegileak deitzea zen. Hauteskundeak, baina, data berririk gabe atzeratu dira, nazioartearen etsipenerako. Izan ere, kaosean itota den Libia Europarako bidean etorkinen eta errefuxiatuen ate bihurtu da.

Badago, ordea, gauzek hobera egin dutela sinesten duenik. Jalel Harchaoui aditua baikorra da Libiaren etorkizunaren inguruan. «Libian ez da liskar armaturik egon 2021eko ekainetik. Eliteen artean etsai amorratuak zirenek elkar hitz egiten dute egun eta zeharkako aliantzak ere eman dira. Berradiskidetze baten atarian egon gaitezke».

Etorkizunak izango du horrela izango den. Bitartean, Tripoliko Senatuaren babesa duen Fathi Bachaghak otsailaren 24ra arteko epea du Tobrukeko Parlamentuaren aginduz Gobernua osatzeko eta aurkezteko. Eta ez dirudi, oraingoz behintzat, Dbeibahk amore emateko asmorik duenik. Azkenean bi agintari politikoen arteko lehia bere horretan geratzen bada, gaitz erdi. Arazoa da liskarrak Libiako ekialdearen eta mendebaldearen arteko mesfidantza berpiztu dezakeela.