Amaia EREÑAGA
BILBO

Arenzana: «Ez dezagun ahaztu hiesarekin dagoen estigmatizazio soziala»

Zinegoak LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen Bilboko jaialdiaren 19. edizioak indarrak berrituta helduko dio presentzialtasunaren itzulerak dakarren «normaltasunari»: zuzendari berria du, emakumea gainera –Alaitz Arenzana–, eta edukiz leporaino dator, pandemiak ez omen duelako «ertzetan» egiten den zinema-ekoizpenean eraginik izan.

Tsunami batek bezala, dena estali duen pandemia honek hainbat gai utzi ditu bazterrean, ahanzturan. Horietako bat, GIB-hiesa. Bilboko Zinegoak jaialdiak beti presente izan du gai mingarri hori, baina hilaren 28an hasiko den edizio honetan arreta berezia jarriko diote, 40 urte betetzen direlako hiesa agertu zenetik. Alaitz Arenzanak gaia jorratu beharra dagoela esan zuen: «Nahiz eta badirudien medikuntzak gainditu duela, hiesaren inguruan sortutako estigmatizazio sozialak hor dirau. ‘Epaiketa’ morala zaila da kentzea eta honi buruz hitz egitea oso garrantzitsua da; ea horrela pixkanaka lortzen dugun estigmatizazio hori kentzea».

Pozik agertu zen atzoko aurkezpenean LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiko zuzendari berria. Aurrekontua txikia den arren –150.000 euro aurten–, bestelako zenbakiak ez dira hain txikiak: iaz 14.000 ikuslera iritsi zen; ez da zenbaki makala, ia “militantziari” esker aurrera ateratzen denean. Aurten, gainera, presentzialtasunaren itzulerak eta Euskal Herriko geografian zabaltzeko egindako esfortzuak bultzada emango die, seguru asko. Izan ere, ez da zinema jaialdi soil bat. «Bakoitzak bere burua nola izendatu eta bizi nahi duen erabakitzeko askatasun aldarri» gisa jaio zen eta «guretzat garrantzitsuena zera da: gure mezua zabaldu dadila eta errespetu handiagoa lortu ahal izatea, zeren eta oraindik ez dugu errespetu nahikorik», nabarmendu zuen Arenzanak.

LGTBIfobia eta gehiago

“3, 2, 1... Zinegoak!” aurre-jaialdiak giroa “berotu” ostean –izango diren hitzorduen artean, “Nola esan/izan bollera euskaraz” ikerketaren aurkezpena–, otsailaren 28an inauguratuko da. Sail ofizialean nazioarteko 16 film emango dituzte –gehienak emakumeek zuzenduak, egitarauaren %70–, hiru sailetan banatuta: Dok (dokumentalak), Fik (fikzioak) eta Krak (narratiba berriak). Hiesari buruzko film oso interesgarriak programatu dituzte; esaterako, Mila Mineva eta Vesela Kazkova zuzendari bulgariarren “Women do cry” (19 urteko neska bati buruzko istorioa) eta Tim Leyendekker-en “Feast” (Herbeheeretan gertatuko istorio bat: sexu topaketa batean nahita egindako kutsaketak). Georgiako bi lanek, gai desberdinak jorratzen badituzte ere, ikuspegi bera jorratzen dute aurtengo edizioak azaleratu nahi duen beste gai bati buruz: eskuin muturraren gorakada eta LGTBIfobia mundu osoan eta horrek LGTBI+ pertsonei dakarzkien ondorioak. Katevan Kapanavadzeren “How the room left” filma emakume lesbianek eta binarioak ez diren pertsonek osatzen duten futbol-talde baten ibilbidean barneratzen da. Yana Ugrekhelidze zuzendariaren “Instructions for survival” filmean ere bikotekidearekin batera ezkutuan bizi behar duen gizon trans baten bizipen latzak jasotzen ditu.

Amaiera ekitaldia eta sari banaketa martxoaren 7an izango dira. Eta ondoren, iaz bezala, “leiho birtuala” zabalduko da –sail ofiziala Filmin plataforman egongo da ikusgai– eta beste mota bateko “leiho” bat ere bai gure geografia fisikoan, aurten Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako 47 herritara zabalduko baita Zinegoak jaialdia udaletxeekin lortu den akordioari esker.