GARA Euskal Herriko egunkaria

Auziak legelari europarren kezka piztu du


Demokraziaren eta Munduko Giza Eskubideen Aldeko Legelarien Europako Elkarteak (European Lawyers for Democracy and Human Rights, ELDH) kezka adierazi zuen atzo Iratxe Sorzabalen aurkako epaiketagatik, iragan asteburuan egindako bileran onartu zuten ebazpen baten bitartez. Ebazpena atzo Audientzia Nazionalak Sorzablen aurka kaleratutako sententzia ezagutu aurretik onartu zuten abokatuek.

ELDHk gogorarazi du Iratxe Sorzabalek iragarri zuela ETAren jardun armatuaren amaiera eta irundarra izan zela ETAren disoluzioaren buruetako bat. «Badaude arrazoiak sinesteko epaiketan Sorzabalen kontra erabilitako frogak tortura bidez lortutako autoinkulpazioetan soilik oinarrituta daudela esateko», azpimarratu du.

Horrekin batera, ELDHk nabarmendu du ahozko ikustaldian zehar Sorzabalek «2001eko martxoan jasan zuen inkomunikazio aldian Guardia Zibilaren eskuetan sufritutako torturen lekukotza eman» zuela. ELDHren ebazpenak Sorzabalek Audientzia Nazionalean egindako adierazpenak jasotzen ditu, esaterako, nola Guardia Zibilak esan beharrekoa buruz ikastera behartu zuen, besteak beste, bere burua erruduntzat jotzera eta hirugarrenak salatzera behartuz. Era berean, ELDHk gogorarazi du inkomunikazio aldiko bigarren egunean ospitalera eraman behar izan zutela irundarra, eta bertan forentse batek aztertu zuela.

Iratxe Sorzabalen kasua Theo van Boven Nazio Batuetako giza eskubideen arloko kontalari bereziak torturari buruz argitaratutako txostenean ere azaldu zen. «Sorzabalen salaketa epaitegietan era onuragarrian ebatzi ez bazen ere, froga berriek kasua berriro ireki dezakete», esan zuen. Horrekin batera, azpimarratu zuen aditu talde batek, Istanbulgo Protokoloa aplikatu eta gero, «sinesgarritasun klinikoa» aitortu ziola Sorzabalen tortura salaketari 2017an.

Aurrekariak

ELDHk gogorarazi duenez, Torturaren Aurkako Komiteak, Tortura Prebenitzeko Komiteak edo Nazio Batuetako torturaren arloko kontalari bereziak behin baino gehiagotan salatu dute Estatu espainiarra euskal herritarrak torturatzeagatik. Are, nabarmendu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hamabi aldiz kondenatu duela dagoeneko Estatu espainiarra euskaldunak torturatzeagatik edota gertaeren inguruko ikerketa egokirik ez egiteagatik, Sorzabalen kasuan bezalaxe.

Zehazki, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristaini buruz kaleratutako epaia aipatu du ELDHk Estatu espainoleko egoeraren adibide gisa. Kasu horretan, Atristaini, inkomunikatuta egon zen bitartean, abokatua ukatu zioten. «Zirkunstantzia hauetan, eta Iratxe Sorzabalen aurkako akusazioak inkomunikazio aldian egindako torturetatik eskuratutako autoinkulpazioetan oinarrituta daudela erakusten duten zantzu argiak egonik, ELDHk Espainiari Iratxe Sorzabalek mahaigaineratutako tortura salaketak era efektiboan ikertzeko deia luzatzen dio», gehitu du elkarteak.

Horrekin batera, ELDHk kezka erakutsi du giza eskubideen urraketetan (torturan, konfiantzazko abokatu baten faltan edo epaiketa bidegabeetan) oinarritutako kondena eta espetxeratzeak egon daitezkeelako gatazka armatuaren markoan atxilotu eta inkomunikatutako euskaldunen artean. Hori dela eta, erakundeak Estatu espainiarreko agintariei exijitu die horrelako kasu guztien «ikerketa inpartzial eta independentea» egin dezan.