EDITORIALA
EDITORIALA

Zentratu gaitezen gurean, beraiena konponezina baita

Hamar eguneko epean, espainiar eskuineko alderdi nagusia, Alderdi Popularra, hauteskundeak irabazteko aukerak izatetik krisi sakona bizitzera igaro da. Adi, tarte horretan, herri batean sakoneko gauzak ez direlako hainbeste aldatzen. Eta aldatzeko gai badira, kontrako norabidean ere berdin gerta daitekeelako izango da.

Liskar honen atzean ez dago kausa bakarra, inondik inora. Espainiar eskuinaren barne gatazka azaltzeko, lehenik eta behin, 1978ko erregimenaren krisia azaldu behar da. Frankismoaren osteko sistema politikoaren mugek etengabe egiten dute eztanda, ez baitiote errealitate politiko demokratikoari behar bezala erantzuten. Bipartidismoa erregimen horren ezaugarria zen, eta orain zalantzan dago. Pandemia hemen dago, denean presente eta denboren azkartze etengabea eragiten. Polarizazioa eta atsekabe soziala ere hor daude, bai mundu mailan, baita espainiar bertsioan ere. Nazioartean eskuin muturraren goranzko joera egitatea da eta Voxen arrakastak gainontzeko indarren lidergoa eta posizioa baldintzatzen ditu. Frankismotik eratorritako indarren aniztasunak beren proiektu orokorrari mesede egin diezaioke, agian, baina historikoki hegemonikoa izan den indarrari kalte egiten dio, halabeharrez. Ildo horretan, eskuinak boterea berreskuratzeko estrategian kalkulu akatsak egon direla dirudi. Elite politikoen kaskarkeria agerikoa da, eta PPko zuzendaritzako kideak endekapenaren adibide perfektua dira. Jendilajeaz ari gara. Ustelkeria auzi honetan determinantea izan da, PPren egituran zentrala delako. Horri intrigak eta mendeku pertsonalak gehitu behar zaizkio; baita zorigaiztoa ere.

Kausak ugariak diren bezala, irtenbideak urriak dira, espainiar Estatuan kultura demokratikoa garatzeko borondate nahikorik ez baitago. Krisiak krisi, 10 milioi espainiar baino gehiagok eskuin muturreko alderdi bat bozkatuko dute. Eta alternatiba PSOE da. Horren aurrean, euskal herritarrok sosegua, talentua eta jarraikitasuna behar dugu.