GARA Euskal Herriko egunkaria

«Pandemiak barruan zer dagoen gardenago ikusteko balio duen leihoa ireki du»


Lakuako Osasun Sailaren jarrera ikusita, mobilizazioetara joko dute berriro Osakidetzako beharginek, osasungintza publikoa defendatzeko eta langileen gainkarga salatzeko. Hain zuzen, horren inguruan solasaldia izan zuten atzo NAIZ Irratian Ainize Gurrutxaga Zestoako osasun zentroko erizainarekin. Besteren artean, langile gabezia sumatzen dutela azaldu zuen, eta egoera ikusita esparru hori indartu egin beharko litzatekeela aipatu zuen.

Elkarrizketan, Gurrutxagak azpimarratu zuen egungo egoera ez dela pandemiaren errua, lehenagotik zetorren arazoa baita. Bere esanetan, pandemiak «leiho bat ireki» du «gardentasun gehiagorekin ikusi ahal izateko barruan zer dagoen». Berak ezin izango du gaur greba egin, zozketan zerbitzu minimoak egitea tokatu zaiolako. Hala ere, argi dauka badela motiborik grebarako, eta ez soilik langile bezala, baita herritar gisa ere. Izan ere, elkarrizketan aipatu zuenez, beren aldarrikapenak herritarren zerbitzuak hobetzeko ere badira.

Irizpide horrekin bat datoz Osakidetzako langileen greba eta mobilizazioei babesa adierazi dieten osasun publikoaren aldeko hainbat plataforma. Hedabideei igorritako oharrean nabarmendu dutenez, «osasun sistemaren egoera larriari aurre egiteko, urtarrilean egin bezala, osasun langile eta herritarrak elkarrekin mobilizatzea ezinbestekoa da».

Herri plataformen babesa

Herri plataformok, langileen gainkargak eta lan baldintza kaskarrek «arreta kalitatearen okertzea, irisgarritasun falta, sistemaren estaldura eza, eta horrek gizartean eragiten dituen desberdintasunen areagotzea» eragiten dituztela azaldu dute. Eta egoerari aurre egiteko, hauxe eskatu dute: «Langileen eskubideak eta eskaerak lehenbailehen berma daitezela; osasun sistema publiko, unibertsal, doako, integral, eskuragarri eta ekitatezkoa bermatzea; osasunerako eskubidea politika publiko ororen ardatz izan dadila, pribatizazioa eten eta zerbitzu guztien leheneratzea eta publifikazioa sustatzea, baita mutualitateena ere; osasun sistemaren demokratizazioa, eta paziente euskaldunoi euskarazko arreta bermatzea».