GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUSIAREN INTERBENTZIO MILITARRA UKRANIAN

Ukrainan da gerra; eta, astindu latza, mundu osoan


Txinan kenduta, nekez aurki daiteke komunikabide bat munduan Errusiak abiatutako erasoa lehen lerrora eraman ez duena. Ñabardurak daude, hala ere, ezberdintasun handiak. Europako komunikabideetan Bigarren Mundu Gerraren erreferentziak ugariak dira, kontinentean gerra odoltsu bat lehertzeak iraganeko fantasmak iratzartzen dituelako, europar hiriburu bat bonbardatzea apokalipsiari ateak irekitzea dela iritzita –1999an estatubatuarrek eta Europako hainbat herrialdek Belgrad bonbardatu zutela ahaztuta– .

Hori bai, bateko eta besteko komunikabideetan, tonu bertsuan irakur daitekeen zerbait bada: lehengaien, baloreen eta bonuen merkatuak inarrosi dituela erasoak mundu osoan. Eta beti izaten dela horrela, gerra guztietan. Hori omen da logika, jarraitzen den patroia. Gerra hasi baino lehen ahuldu, eta gerra amaitu baino lehen indartu egiten direlako merkatuak, kalamitateen aurrean indiferentzia harrigarria erakutsiz. Kievi egin diote eraso, eta horrek, hainbat hamarkadako bakearen amaiera esan nahi omen du Europan. Ez da gasaren eta gasolioaren prezioan bakarrik igarriko. Errusia eta Ukraina dira, adibidez, munduari garia ematen diotenak, gari ekoizle handienetakoak, eta Itsaso Beltzetik banatzen dute. Ergo, Itsaso Beltza ixten bada, gariaren prezioa igoko da. Mundu osoan erreplikak izango dituen gatazka lehertu dela diote komunikabideek, beldurrak biderkatu dituena.

AEBetan, esaterako, CNN katean «Errusiak Ukraina inbaditu du» irakur zitekeen atzo, maiuskulaz, gerrak hastean egunkari izenburuek hartzen duten larritasun forma horretan, Irailaren 11ko edo Bigarren Mundu Gerrako egunkari izenburu haien antzera. Eta Fox News katean, aldiz, izenburu hau: «Errusiak Ukraina inbaditu du Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den eraso handienean». Bi telebista kateek inbasioa eraman zuten lerroburura, fronte eta eskala guztietan garatzen ari zen operazioa. Baina kuriosoa da bi kateak, teorian mutur politiko ezberdinetan egon arren, Txinara begira jarri izana, abiatu berri den gerratik hain urruti eta hain gertu dagoen Txinara. Bi kateen ustez, Putinek Xi Jinpingi eredu edo jarraibide bat eman dio, eta Txinako presidenteak Bidenen indarrak eta ahuleziak gertutik neurtuko ditu, Taiwan inbaditu edo ez erabaki baino lehen.

“Los Angeles Times” egunkariak, berriz, «Gerra Europan» lerroburu deigarria zekarren. Putin bere hordagoa areagotzen ari dela zioen, eta, Errusiak dauzkan arma nuklearrei begiratuz, kanpoko herrialde bat tartean sartuko balitz, «ezagutu gabeko erantzuna» aurreikusi.

BBCk «Errusiak Ukrainaren inbasioa abiatu du» lerroburuaren alde egin zuen. Eta bere segurtasun analistak Ukraina ez dela bere burua babesteko gai izango aipatzen zuen, iparraldean Bielorrusian hasi eta hegoaldean Krimearaino milaka kilometroko mugari ezingo diola eutsi, errusiarrek nonahi erasoa jo eta lor dezaketelako abantaila. “The Guardian” egunkariak «Errusiak fronte askotatik inbaditu du Ukraina» izenburua aukeratu zuen. Era berean, Errusiak «ahalik eta azkarren lurretik inbaditzeko eta bere helburuak lortzeko interesa» duela esaten zuen.

Errusiako komunikabideetan, baina, hizkera eta arreta, oso bestelakoak ziren. Sputnik International agerkari digitalean «Putinek Donbasseko operazio berezia baimendu du» zen lerroburua. Irakur zitekeenez, «kanpoko mehatxuen aurrean berehalako erantzuna aurreratu du» agintari errusiarrak, eta helburua «Ukraina desmilitarizatzea eta desnazifikatzea» izan da. Hau da, gerra «operazio militar berezia» da eta «desmilitarizatzeko» egiten ari da. Russia Today, berriz, gerraren jarraipen berezia egiten ari da, hobe esanda, «operazio militar bereziarena». Turkiak Bosforo itsasartea ixteko jasotako gonbiten adi da telebista katea, eta Zelenskik Austriako presidenteari Ukrainak batasunari ezingo diola eutsi esan diola ere jasotzen du.

Txinakoa kasua berezia da oso. China Daily ingelesezko agerkari irakurrienean Putinek argi berdea eman dion «Donbasseko operazio berezia» lerroburu zen, baina ez bakarra. Pandemiaren edo Neguko Olinpiar Jokoen pare zegoen berria.

Auzoko estatuetan, aldiz, “inbasioa” hitza ez zen ageri atzoko lerroburuetan. “Le Monde” egunkariak «Gerra Ukrainan» hautatu zuen, eta, Macron presidentearen diskurtsoari erreferentzia eginez, «Europan bakeari hamarkadetan egindako eraso larriena» aipatu, baina «Frantzia ez dago gerran», «ez dirudi mundu gerra baten espektroa datorrenik» eta gisakoak gaineratuta, nahiz eta barneratuta izan «ondorioak sufritzen hasiko garela». “El País” egunkariak, azkenik, «Errusiak Ukrainari eraso egin dio» titulatu zuen.