GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - ASOBAL LIGA

Bidasoa eta Anaitasuna, otsaila ondo amaitzera


Otsaila amaitzear den honetan, Bidasoa-Irun eta Helvetia Anaitasuna helburu ezberdinen bila arituko dira gaur Asobal Ligan. Bi euskal taldeek 18.30etik aurrera jokatu dituzte euren partidak: gipuzkoarrek Artelekun sailkapeneko azkena den Antequeraren kontra eta nafarrek Torrelavegaren pistan.

Irundarrek sekulako hilabetea igaro dute, bederatzi neurketa jokatuz: Ligako bost, Kopako bi eta HF European Leagueko beste bi. Hori bai, orain arteko helburu guztiak bete dituzte: Ligan bigarren dira eta Asobal Koparako sailkatuta daude, Kopan aurrera egin dute eta Europan hurrengo faserako txartela eskuratu dute jada.

Gaur Asobal Ligako azken sailkatuaren kontra arituko da Bidasoa. Hala ere, Ligan ezin da inoiz partida bat irabazitzat eman, eta Antequera azken neurketan Navari 34-25 irabaztetik dator. Gainera, Jacobo Cuetara Bidasoa-Irungo entrenatzaileak bere jokalariek pilatutako nekea aipatu du, nahiz eta horrek «ezin duen aitzakia izan». Atarikoan adi jokatu beharko dutela azpimarratu du Cuetarak.

Anaitasuna, garaipenaren bila

Anaitasunaren hilabetea zeharo ezberdina izan da, ez baititu hainbeste atzeratutako partida jokatu behar izan: Ligako hiru eta Kopako beste bi. Azken txapelketa horretan aurrera egin dute nafarrek, baina Ligan gauzak ez dira ondo joan azken asteetan, bi porrot eta berdinketa bat lortu baitituzte azken hiru partidetan. Aurten oraindik ez dute garaipenik lortu. «Lan handia egin dugu mentalki eta badakigu puntuek zer garrantzia duten», nabarmendu du Quique Dominguez prestatzaileak, kontratua 2025era arte luzatu berri.