GARA
MADRIL

Itzulerari buruzko erabakia, astebetean

Juan Carlos Borboikoaren abokatu Javier Sanchez-Juncok atzo adierazi zuenez, Fiskaltzaren erabakiaren balorazioa «datorren astean» eginen dute. Orduan emanen dituzte jakitera errege ohiak «har ditzakeen erabakiak». Hitzon atzean Espainiara itzultzeko Juan Carlosen desioa dagoela ulertu zuten denek atzo. Helburu hori behin baino gehiagotan adierazi izan du, eta Fiskaltzak orain ateak ireki ote dizkion aztertu nahi du abokatuak. Horrela azaldu zuen komunikatu baten bitartez.

Edonola, Sanchez-Juncok atzo bertan azpimarratu nahi izan zuenez, Fiskaltzaren erabakiaren ostean jada ez dago «Juan Carlos Borboikoari egotzi ahal zaizkion legez kanpoko ekintzarik». Hala, errege ohiaren kontrako edozein auzi judizialen atea behin betiko itxita ikusten du legelariak.

Estatuburu ohiak 2020ko abuztuaren 3an egin zuen ihes Abu Dhabira, antza Gobernu espainolaren konplizitatearekin, eta nabarmena den bezala, epaileren baten balizko erabakiei iskin egiteko asmoz, nahiz eta Gobernutik halakorik ukatu. Behin prozesu judiziala amaituta itzultzeak, ihesaldiaren arrazoia baino ez du baieztatuko.

Bitartean, errege ohiak ia bi urte eman ditu Arabiar Emirerri Batuetako hiriburuan, diru publikoarekin ordaindutako luxuzko erretiroan. EH Bilduk eta ERCk orduko lehendakariorde Carmen Calvoren agerraldia eskatu zuten diru publikoaren erabilera horren inguruan galdetzeko, baina PSOE, Podemos, PP, Vox eta Ciudadanoseko diputatuek ate hori ere itxi zuten.

Leherketa neurtuak

Erregearen ondasunen ikerketan izandako denboren kudeaketa komunikazio politikoko ikastaroetan erakusteko modukoa izan da. Hasi eta buka, leherketa neurtu baten zantzu guztia dauka denak. Europa sutan eta begirada guztiak Ukrainan dauden unean iragarri du Fiskaltzak ikerketen amaiera, nahiz eta antzemandako irregulartasunak nabarmenak izan.

Bada, dena den, data eskandalagarriagorik auzi honetan. 2020ko hasieran, gaia zalaparta ugari sortzen hasi zen. Batetik, Auzitegi Goreneko Fiskaltzak ikerketa abiatu zuelako, Saudi Arabian abiadura handiko trenen kontratuen truke irabazitako ustezko komisioak direla eta. Bestetik, martxoaren 3an, errege ohiak Corinna Larseni 65 milioi euro «oparitu» zizkiola ezagutu zelako. Aurretik, Felipe Borboikoa oraingo erregea aitaren fundazio batzuen onuradun bezala agertzen zela ezagutu zen. Horrela gauzak, martxoaren 14an covid-19a dela eta Espainiako Gobernuak alerta egoera ezarri eta erabateko itxialdia agindu zuen. Shock horren erdian, egun bat geroago zehazki, Felipe Borboikoak aitarekin lotura moztu zuen, batetik zegokion herentziari uko eginez eta bestetik aitari ia 200.000 euroko asignazioa kenduz.

Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak atzo bertan idatzi zuen sare sozialetan: «Trebeak, oso trebeak fiskal jaun-andreak! Gatazka beliko betean, oharkabean pasako da. Ze zortea Juan Carlosena. Hainbeste ustezko (?) delitu eta preskripzioaren eta bortxaezintasunaren artean ezerezean geratzen dira (inpunitate erreala)». ERCk, Podemosek eta Mas Madridek ere Fiskaltzaren erabakia kritikatu zuten.