GARA Euskal Herriko egunkaria
BRIGATE ROSSE TALDEAREN LEHEN BAHIKETATIK 50 URTE

MENDE ERDI BETE DA ITALIAKO BRIGADA GORRIEK LEHEN ABISUA EMAN ZUTENETIK

DUELA 50 URTE, 1972KO MARTXOAREN 3AN, BRIGATE ROSSE ITALIAKO TALDE ARMATUAK IDALGO MACCHIARINI SIT SIEMENS ENPRESAKO ZUZENDARIA BAHITU ZUEN MILANEN. ARGAZKI BAT ATERA ZIOTEN, ESLOGAN BATZUEKIN. HASIERAN GUZTIEK BR TALDEA GUTXIETSI ZUTEN; LASTER POLITIKAREN PROTAGONISTA BIHURTUKO ZEN, ORDEA.


Inoiz ez duzue aurkituko Idalgo Macchiariniren izena Italiako historia liburuetan. Ziur ikusiko duzuena, ordea, Brigate Rosse taldearena da. Italiako egoera politikoa irauli zuten “Brigada Gorriek”, baina abiapuntu bat behar zuten haien indarra erakusteko, eta hori Idalgo Macchiariniren bahiketa izan zen, 1972ko martxoaren 3an, orain dela 50 urte.

Hamarkada oso iluna izan zen 1970ekoa Italian: kale borroka, ezkertiarrak eta eskuindarrak borrokan, eguneroko indarkeria eta tarteka atentatuaren bat, egilerik gabea. Zentroan, Demokrazia Kristaua alderdia zegoen, “Balea Zuria”. Tarteka eskumara edo ezkerrera begiratzen zuen, beti botereari eustea xede. Izan ere alderdiaren barruan hainbat korronte zeuden, bakoitza bere liderrarekin: Andreotti, Fanfani, Moro edo De Mita, denak Italiako lehen ministro izan zirenak.

Alderdi Komunistak eta Alderdi Sozialistak boto asko zituzten, baina benetako botererik ez. Eta Parlamentutik kanpo, gazteenak ez zeuden ez konforme ez lasai. Batzuek borroka armatuaren alde egin zuten, sasian bizitzera igaroz. Ezkerra nagusi zen lurraldeak eta unibertsitateak ziren brigadisten iturburu. Zehazki, Pecorile Appeninoko herrixkan jaio ziren Brigada Gorriak. Hasieran «propaganda armaturako taldea» baino ez ziren.

Renato Curcio eta bere emazte Margherita Cagol, Mario Moretti eta Alberto Franceschini izan ziren Brigada Gorrien lehen liderrak. Beraien ustez, faxismoaren eta Demokrazia Kristauaren aurkako Alderdi Komunistaren borroka ez zen nahikoa, gero eta boto gehiago lortu arren. Uruguaiko Tupamaros taldearen izarra hartu zuten ikur, baina Franceschinik behin baino gehiagotan azaldu zuenez, beti txarto margotzen zuten. Horregatik ageri da izarra okertuta.

«Koska egin eta alde!»

Piazzale Zavattari San Siro estadiotik gertu dagoen plaza bat da, borobila eta handia; Milaneko autobus linea zirkularrek geltokia dute bertan. 1972an Sit-Siemens telekomunikazio enpresak bertan zuen egoitza.

Idalgo Macchiarini ingeniaria zen enpresa horretan, zuzendari teknikoa. 42 urte zituen, emaztea eta bi alaba. Antza, oso pertsona arrunta. Lana bukatu ondoren, 19.00etan, Piazzale Zavattari zeharkatu zuen, Via Mosè Bianchi kalera bidean; bertan zeukan autoa etxera joateko. Viale Harar kalean bizi zen familiarekin, justu San Siro parean, ezkerraldean, nahiko goi-mailako auzo batean.

Ostirala zen. Macchiarinirentzat lan astea bukatu berria zen, baina ez autora heldu: furgoneta batetik bat-batean hirukote bat atera eta harrapatu egin zuten. Batek zaplada gogor bat eman zion eta furgonetan sartu zuten. Auskalo noiztik zituzten kontrolatuta bere mugimenduak. Hogei minutu, besterik ez. Denbora labur horretan hiru brigadistek «epaiketa proletarioa» egin zioten, eta batez ere argazki bat atera zioten. Inork ez zuen halakorik egin lehenago, baina estrategia zehatza zen.

Zuzendariari kartel zuri eta handi bat eskegi zioten: «Brigada Gorriak, koska egin eta alde! Inor ez da geratuko zigorrik gabe. Bat jo, ehun hezteko. Botere guztia herri armatuarentzat». Argazkian Macchiarinik ezkerraldera begiratzen du, aztoratuta, non dagoen ulertu gabe. Epaiketa eta gero brigadistek presoa Milanoko ipar-mendebaldera eramango zuten, eta bertan utzi, lotuta.

Via Pizzoni kalean, Gallaratese auzoan, bahitua aske utzi eta ihes egin zuten brigadistek, beren esamoldea betez: «Koska egin eta alde!». Paper bat utzi zuten, ekintzaren zergatiak argitzeko: «Macchiarini alkandora zuria janzten duen faxista bat da. Hau abisua izan da, gerrari gerrarekin erantzungo diogu», idatzi zuten.

«Oker dauden lagunak»

Egunkariek ez zioten garrantzi handirik eman gertatutakoari. Italiak 1972an beste arazo batzuk zituen. Egia esan brigadisten benetako «debuta» bi hilabete aurretik izan zen, zenbait molotov koktel auto batzuen azpian utzi zituztenean. Kalte txikiak eragin zituzten, besterik gabe, paragrafo bat baino ez egunkarietan.

Idalgo Macchiariniren bahiketa pauso handia izan zen taldearen estrategian. Laster hasiko ziren «kanpainak», brigadistek beren ekintzetarako erabiltzen zuten izena: epaileen, kazetarien eta batez ere politika eta «Estatuaren bihotzaren» kontra. Alderdi Komunistarentzat arazo korapilatsua bihurtuko ziren «oker dauden lagunak». Gero eta jarraitzaile gehiago zituzten talde armatua izan arren: milaka lagun, Italia osoan.

1978ko martxoaren 9an, azkenean, Brigada Gorrien ekintzarik ospetsuena heldu zen: Aldo Moro Demokrazia Kristauaren presidentearen bahiketa, Erroman, bost bizkartzain hil eta gero. Beste epaiketa bat, beste argazki batzuk, baina oraingoan ez 20 minututan egindakoak: 55 egun igaro ziren Aldo Moro hil zuten arte. Beharbada, Italiako Errepublikako momenturik ilunenetakoa izan zen hori.