Beñat ZALDUA

Armak bidali? Argudioa amaierara eraman dezatela

Garai ilunak dira, gerraren kontrako iritziak lubaki baten barruan gorde behar diren hauek. Garai arraroak, biolentzia ororen kondenatzaileak armak bidaltzearen alde agertzen diren hauek.

Harrigarria egiten zait ukrainarrei armak bidaltzearen alde nolako defentsa sutsua egiten ari den oro har oso zentzuduna iruditzen zaidan jende asko. Kezkagarria egiten zaidan bezala pertsona inteligente askok 36ko Gerrarekin egiten duten paralelismoa: Europako potentziek ez zuten Errepublika babestu, eta horrek gerra dekantatu zuen, ezin dugu akats bera egin Ukrainarekin. Hamaika dira paralelismo horrek dauzkan amarru eta iruzur guztiak deuseztatzeko erabil daitezkeen argudioak, baina bat bakarra nahikoa da: 1936an ez zen arma nuklearrik existitzen. Eta kito. Ez badugu ulertzen horrek dena aldatzen duela, jai daukagu.

Eztabaida tranpatia planteatu dute, edonola. Horrela dio: Ukrainako jendeak erresistitzeko eskubide osoa badu, zilegi izateaz gain, betebehar morala da erresistentzia horri armak ematea. Batak bestea dakarrela saldu da, eta orokorrean, baita erosi ere. Baina, marko horretan, gerrari (Errusiaren inbasioari, kasu zehatz honetan) ezetz esatea defendatzen dugunok ez daukagu zer egiterik, eztabaidaezina baita ukrainarrek defendatzeko daukaten eskubidea. Nola ez ba?

Debate honetan jaun eta jabe izan den galdera bera, ordea –ukrainarrek defendatzeko eskubidea dute?–, tranpatia da. Ez da hori erantzun behar den galdera. Hasteko, demagogiarekin jarraituz, horrela planteatzen dutenek defendatu beharko luketelako, arrazoibide berdina jarraituz, palestinarrak edo sahararrak –bi adibide azkar jartzearren– aspaldi egon beharko liratekeela gure armekin hornituta.

Baina kontua ez da hori. Armak bidaltzea defendatzen ari diren horiei argudioa muturrera eramatea eskatu behar zaie. Errusiak Ukrainari eraso egin dionez, ukrainarrek defendatzeko eskubidea daukate, eta eskubide hori bermatu behar dugu armak bidaliz. Ados, baina, orduan, ukrainarrei bidalitako armak errusiarren erasoa gelditzeko nahikoa ez direla frogatzen denean, zer egin behar dugu? Ukrainaren alde gerran sartu?

Erantzuna ezezkoa bada, beste batzuek borroka egin –eta ia ziur, galdu– dezaten armak bidaltzea ez al da zinismo erakustaldi hutsa? Ez al da gerra bati heriotzak gehitzea? Erantzuna baiezkoa bada, ordea, eta Ukrainaren alde gerran sartzea baldin bada hurrengo hautua, hasieratik esan dezatela, horren emaitzak gerra nuklearretik oso hurbil uzten baikaitu.

Christopher S. Chivvis inteligentzia ofizial ohiak egunotan argitaratutako artikulu batean dioenaren arabera, 2014an Ukrainako gatazka hasi zenean, Ameriketako Estatu Batuetako informazio zerbitzuek ondorioztatu zuten Putin prest zela arma nuklearrak erabiltzeko, bere erregimena mehatxatuta ikusiz gero. Artikulu osoa goitik behera irakurtzeak merezi du, agertokiak zeintzuk izan daitezkeen ulertzeko. NATOk berak kontzienteago dirudi egoerak dituen arriskuez, gerra gogoa puztuta duten askok baino.

Galdera ez da ukrainarrek defendatzeko eskubidea daukaten edo ez. Jakina baietz, baina merezi duten elkartasuna artikulatzeko modu asko daude, armak bidaltzetik harago. Galdera da arma horiek bidaltzeak zein agertoki elikatzen duen, eta agertoki horietako bakar bat den orain daukaguna baino hobea. Gauzak okertu, beti okertu daitezkeelako.